Abuztuaren 17an, ostegunarekin, Cardenal Ilundain HLHIP ondoko disuasio-aparkalekua zabalduko da berriz ere, Arrotxapean. Estalkia dagoeneko jarrita dago, eta hiriko instalazio fotovoltaiko handiena dago bertan. Hala ere, ez dago amaituta, mundu mailako merkatuan dauden hornidura-arazoek lanak aste batzuk atzeratuko dituztelako. Egiteke dauden lan horiek aparkalekua zabalik dela eginen dira, eta irail edo urrian amaituko. Aparkalekuak disuasio-aparkaleku izaten jarraituko du, sarbide-kontrolekin eta lehen 24 orduak doan.
Instalatu den estalki fotovoltaikoa osatzen duten 2.736 eguzki-panelak markesina itxura duen metalezko egitura baten gainean daude. Instalatutako plaka fotovoltaikoek, guztira, 1,1 MW-eko potentzia dute, gaur egun udal-higiezinetan kokatuta dauden instalazio guztiek metatzen duten potentzia gaindituz. Orain arte, potentzia handiena zuena autobus-geltokiko estalkirena zen, 100 kW baino zerbait gehixeagorekin; hau da, hamar aldiz gutxiago.
2022ko martxoan, Iruñeko Udalak administrazio-emakidaren kontratua lizitatu zuen, eguzki-aparkalekua Cardenal Ilundain HLHIP ondoko udal-lurzati batean egiteko. Kontratuaren xedea Arrotxapeko lurzati horri zegokion jabari publikoa ematea zen, disuasio-aparkaleku gisa, aparkalekuaren erabilerarekin bateragarria zen energia fotovoltaikoa ekoizteko planta bat instalatu, kudeatu eta ustiatzeko. Sunstroom Engineering SL eta Sunstroom Enginering Nederlan BV enpresek osatutako Parking Eguzki ABEEri adjudikatu zitzaion.
Emakidaren epea 20 urtekoa da, joan den 2022ko urriaren 1ean formalizatu zen kontratua eta 2042ko irailaren 30ean amaituko da. Parking Eguzki ABEEak ordaindu beharko duen urteko kanona honako hau izanen da: kanon finko bat, 2.000 eurokoa urteko, gehi zati aldakor bat, eguzki-aparkalekuak sortutako energia saltzearen bidez eskuratutako diru-sarreren % 1,50ekoa. Horrez gain, emakida duen enpresak Arrotxapean energia-komunitate bat sortzeko konpromisoa hartu du, eguzki-aparkalekuak sortutako energiaren parte bat kontsumitzeko.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko 16 gune
Aparkalekuak 5.500 metro karratuko azalera du, eta 240 plaza egokitu dira. Horietatik 8 mugikortasun urriko pertsonendako dira, eta beste 16, ibilgailu elektrikoak kargatzeko. Kargagune horiek ez dira aktibatuta egonen oraindik; momentuz, zutoinak jarri dira bakarrik. Urte amaierarako martxan egon daitezkeela aurreikusten da. Markesinaren galiboaren altuera hiru metrotik gorakoa da, eta, beraz, furgonetak eta ibilgailu industrialak aparkatzen ahalko dira.
Estalki fotovoltaikoaz gain, obrek espazioa berrurbanizatu dute. Aparkaleku osoa asfaltatu da –orain arte kaleak baino ez zeuden asfaltatuta–. Aparkatzeko lekuak eta zirkulazio-erreiak ere seinaleztatu dira. Energia kudeatzeko, transformaziogune berri bat eraiki da, eta aurrez zegoenari konektatu zaio 250 metroko kanalizazio baten bidez. Beste lan batzuk ere egin dira, besteak beste, markesinako euri-uren zorrotena eta aurrez zegoen euri-uren sarea konektatu dira, aparkalekua artifizialki argiztatzeko sistema bat instalatu da eta sarbide-kontroleko ekipoak, hesiak eta bideokamerak hobetu eta mantentze-lanak egin zaizkie.
Energia-komunitate baterantz
Entitate emakidadunak eguzki-aparkalekuan sortutako energia elektrikoa salduko die auzotarrei eta inguruko enpresei, horretarako autokontsumorako egungo araudiak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatuta. Auzotarrek eta enpresek ikusiko dute energiaren prezioa merkatuak eskainitakoa baino arrazoizkoagoa eta merkeagoa dela; gainera, energia horren jatorria % 100 berdea eta jasangarria da. Laster, enpresa emakidadunak energia berde horren salmentaren berri emateko eta hura merkaturatzeko kanpainak eginen ditu.
Datozen hilabeteotan energia-komunitate bat sortzea ere aurreikusita dago, elkarlana areagotzeko. Iruñeko Udalak espazio publikoan energia berdea sortzearen aldeko apustua egiten du, aparkaleku hori bezalako espazioak hobetzearen eta balio erantsia ematearen alde, eta horrelako instalazioak erakusleiho bihurtzearen alde, antzeko ekimen publiko zein pribatuak bultzatu ahal izateko.
Eguzki-aparkalekua Go Green Iruña estrategiaren ekintzen barruan sartzen da. Estrategia horrek Udalak klima-aldaketaren kontrako borrokan eta jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko apustuan egiten dituen jarduketak biltzen ditu.