Caparrosoren txaleta prest dago jada 17 migratzaile eta errefuxiatu hartzeko

Caparrosoren txaleta prest dago jada 17 migratzaile eta errefuxiatu hartzeko
Herritarren Aferen Batzordeak gaur bisitatu ditu azken lau hilabeteetan egin diren egokitzapen lanak


Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalaren Herritarren Aferen Batzordeak gaur bisitatu ditu Caparrosoren txaleta migratzaileendako aldi baterako etxebizitza gisa egokitzeko lanak. Azaroaren 24an hasi eta joan den astean amaitu ziren higiezina zaharberritzeko lanak, eta 169.205,04 euroko kostua izan dute.

Denbora tarte horretan, 1900. urteko udal-eraikin hori egun indarrean diren funtzionaltasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-betekizunetara egokitzeko lanak egin dira, baita aurreikusitako erabilera berrietara egokitzekoak ere; izan ere, higiezina duela hogei urte zaharberritu zen azkeneko aldiz. Jarduketak egin dira higiezinaren fatxadan eta barrualdean. Fatxadetan, kanpoaldea garbitu eta margotu egin da, baita leihoetako kristalak aldatu eta arotzeria guztiak zigilatu ere.

Hala ere, lan gehiena eraikinaren barrualdean egin da, non elektrizitatea, iturgintza, saneamendua eta klimatizazioa zaharberritu baitira. Nahiz eta dagoen banaketa mantendu den, energia-eraginkortasuna hobetzea nabarmendu da bereziki. Alde batetik, eraikinaren isolamendua hobetu da, isolamendua duen estradosatu berria eginez. Beste aldetik, gailu eraginkorragoak instalatu dira. Halaber, higiezinak zuen igogailua prest jarri da, irisgarritasun-araudira guztiz egokitu ahal izateko. Zaharberritze-lanen ondoren, eraikinak beste bi bainugela ditu, lehen eta bigarren solairuetan, dagoeneko daudenei batzen zaizkienak, baita garbitegi-gune bat ere.

Marian Díaz Gallardo arkitektoak eta Teide Ingenieros enpresak proiektua egin eta zaharberritze-lanak zuzendu dituzte. UG Estudio Pamplona SL enpresak egin ditu lanak.

Hitzarmena Migrazio Politiketako Departamentuarekin

Behin lanak amaituta, Iruñeko Udalaren xedea da hitzarmen bat sinatzea Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuarekin. Hitzarmen horren bidez, Udalak Caparrosoren Txaleta eskainiko die, aldi baterako etxebizitza gisa, Estatuko babes-sistematik kanpo geratzen diren familia-unitate migratzaileei. Gaur egun, Nafarroan CEARek eta Gurutze Gorriak kudeatzen dute haien arta. Nazioarteko babesa ukatu zaien familiak dira, Ministerioak lehen harrerarako programan sartzeko ezarritako betekizunak betetzen ez dituztenak, edo administrazio-egoera erregularizatu behar dutenak.

Hitzarmenak gizarte-laguntza emateko programa bat ere barne hartuko luke, baliabide arruntak eskuratzeko aukera izan dezaten, familiendako autonomia-maila handiagoa lortzeko bide gisa. 

Iruñeko Udalak eta profil horiek artatzen dituzten entitateek familia-unitateendako etxebizitzen beharra antzeman zuten. Zaharberritze-lanen ondoren, Caparrosoren Txaletak 17 pertsonarendako edukiera izanen du.

¿Te ha sido útil esta página?