‘Caparrosoren Errota’ Udal Eskolak ikastaroak eta jarduerak eskaintzen ditu piraguismoan eta Stand up Paddle Board-en trebatzen hasteko

‘Caparrosoren Errota’ Udal Eskolak ikastaroak eta jarduerak eskaintzen ditu piraguismoan eta Stand up Paddle Board-en trebatzen hasteko
Datorren astetik aurrera abiatuko dira 8 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzendutako hiri-kanpaldiak
piragüismo

 

‘Caparrosoren Errota’ Piraguismoko udal-eskolak hilabete honetan jarriko ditu abian ikastaro eta proposamen guztiak –jarduerak apiriletik urrira bitarte eskaini ohi ditu–, besteak beste, haur eta helduei zuzendutako hastapeneko eskolak, taldeka egiteko jarduerak eta Stand up Paddle Board saioak –Hawain jaio eta surfa eta kayaka uztartzen dituen modalitatea–. Horiez gain, hilabete honetako azken astetik udako hiri-kanpaldiak eskainiko dira, aste batekoak eta 8 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzenduak, eta ez da beharrezkoa ur-kirolak praktikatu izana. Udal-eskolak proposatutako jardueren eskaintza osoa https://www.piraguismopamplona.com/ webgunean kontsultatu daiteke.

Iruñean, barnealdeko hiri batean, ur-kirolak aire librean praktikatzeko aukera dago Arga ibaiaren ibilbideari esker, horren inguruan egituratzen baitira ‘Caparrosoren Errota’ udal-eskolaren proposamenak. Ur-kirolak ezagutu edo jarduera fisikoa eginez ongi pasatu nahi duen orok eskura ditu eskaintzen diren Kayak-ikastaroak, hastapen-mailakoak nahiz azkarrak.

Hastapen-saioek zortzi ordu irauten dute, bi orduko lau saiotan banatuta, eta helburua da parte hartzaileak piraguan eroso antzean aritzea ur lasaietan. Horretarako, hainbat teknika irakatsiko zaizkie, eta zenbait ontzi erabiliko dituzte. Ikastaroan ikasitakoari esker, ikasleak gai izanen dira beste edozein ur-jarduera egiteko, esate baterako, ur-amilak, kayak poloa eta itsas-zeharbideak. Udalaren zentro honek ikastaro azkarrak ere eskaintzen ditu, zeinetan bi ordu eskasetan irakasten baitira ur lasaietan piraguismoan segurtasunez eta modu eraginkorrean aritzeko funtsezko gaitasunak.

Stand up Paddle Board-en trebatzen hasteko aukera, kostara joan beharrik gabe

Kirol guztiek egiten duten bezala, piraguismoa eta ur-jarduerak berrasmatu eta modernizatzen dira, eta bide horretan, ‘Caparrosoren Errota’ udal-eskolak proposamenak eguneratu ditu Stand up Paddle Board-en prestakuntza eskaintzeko. Hawain jaio zen kirol honetan, taula baten gainean mugitu behar da, pala baten laguntzarekin. Horrela, emozioa eta lasaitasuna uztartu eta kirolariak uraren gainean oinez dabilela sentitzea lortzen du. Modalitate horren ezaugarria da zailtasun-maila oso baxuko entrenamendu bete-betea eskaintzea –muskulu asko lantzeko aukera ematen baitu–. Bi orduko eskolak dira, eta 25 euro balio dute, pertsona bakoitzeko.

Haurrendako kanpamentuak uda osoan, piraguismoa eta kirola egitea ardatz hartuta

Iruñeko Piraguismoko Udal Eskolak datorren astean abiatuko ditu 8 eta 14 urte bitarteko haurrei piraguismoa lantze aldera eskainitako udako hiri-kanpamentuak. Parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik ezaupideak izatea. Piraguismoa egiteko behar diren teknikak eta gaitasunak eskuratzeaz gain, jarduerari esker talde-espiritu sendoa eraikitzen eta ingurumenarekiko begiruneaz jabetzen lagunduko die haurrei. Kanpamentuetan lantegiak, jolasak eta Eskolatik gertu dauden toki interesgarrietara kultura- eta ingurumen-bisitak eginen dituzte.

Kanpamentuek 28 ordu iraunen dute, astelehenetik ostiralera, eta eskaintza asteka egiten da: ikasturte amaieran hasi eta irailean eskolak hasi bitarte, eta iraileko lehen astera arte parte hartzeko aukera dago. Goizero, jarduerak 08:30ean hasiko dira, monitore batek gidatutako jolas-saio labur batekin. Jarraian, kultura- edo ingurumen-bisita bat eginen da, edo lantegiak, gutxi gorabehera ordu bat eta erdiz. Hamaiketakoaren ondoren, piraguismo-eskolak emanen dira, bi ordu eta erdiz, eta 13:50ak aldera amaituko da.

Horrez gain, haur nahiz gazteei zuzentzen zaie, baita ere, Iruñeko Udalak urtero abiatzen duen ‘Arga Bizirik’ programa, ikastetxeetako ikasleei, elkarteei eta taldeei zuzendutako ekimena, xede daukana kirolaren bidez irakastea hiriburutik igarotzean ibaiak duen biodibertsitate handia. Jarduera fisikoan oinarritutako heziketa jarduera integral gisa proposatzen da, eta horretarako kirol-irakaskuntzak ez dira berez helburu bat, parte-hartzaileei askotariko ezagutzak helarazteko bitartekoa baizik. Hori horrela, ingurumenarekiko eta horri lotutako arazoekiko hautematea, ulermena eta kezka handitzea lortzen da, ingurumena errespetatu eta zaintzeko jarrerak sortuz. Era berean, parte-hartzaileei helarazten zaie garrantzitsua dela bizitzaren alderdi guztietan ongizate pertsonala bermatzen duen giroa sortzea, lagungarria izanen dena giza-harremanak sustatu eta hobetzeko.

¿Te ha sido útil esta página?