Buztintxuriko Udal kiroldegi berria, energiaren ikuspuntutik, pabiloi adimendun, jasangarri eta eraginkor handia izanen da

Buztintxuriko Udal kiroldegi berria, energiaren ikuspuntutik, pabiloi adimendun, jasangarri eta eraginkor handia izanen da
Tokiko Gobernu Batzarrak OM ARQ-i esleitu dio proiektuaren idazketa eta ia 4.000 m2-ko azalerako eraikuntza-lanen zuzendaritza
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Buztintxuriko kiroldegi publiko berria eraikin trinkoa eta irisgarria izanen da, ia 4.000 m2-koa; inguruan lorategi-eremu bat izanen du, eta sarrera nagusia –aterpe baten bitartez– Victor Eusa kalean egonen da, lursailaren eremu lauenean. Eraikinaren irudiak hiru sabai-leiho handi izanen ditu bereizgarri, ipar-mendebalderantz orientatuta; azpiegitura horrek izanen duen 1.696 m2-ko pista nagusia zeharkako hiru pistatan zatitzen ahalko da, eta sabai-leiho horiekin bat etorriko dira.

Gaur goizean, Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan aurkeztu ditu OM ARQ, NAVEN INGENIEROS SL eta Magdalena Bengoechea Felipe arkitekto teknikoaren profesional-elkargoa. Tokiko Gobernu Batzarrak ostegun honetan esleitu du azken proiektua idazteko kontratua eta, behar izatera, hiriko azpiegitura berri hori eraikitzeko lanen zuzendaritza. Esleipenaren azken zenbatekoak 246.840 euro jo du.

Buztintxuriko kiroldegia hiriko bederatzigarren udal-kiroldegia izanen da, Arrosadia, Azpilagaña, Ermitagaña, Ezkaba, José María Iribarren, Mendillorri, Arrotxapea eta Sanduzelaikoarekin batera. Barruan paseorako eraztun bat izanen du, publikoari irekia edo partidak hasi aurretik berotzeko, eta erabilera anitzeko bi areto handi eta 260 ikuslerentzako harmaila izanen ditu. Auzoko ikastetxeetatik gertu dagoenez, ikasleak erraz sartuko dira azpiegiturara gorputz-hezkuntzako eskolak eta eskolako kirol-jarduerak egiteko eta, gainerako udal-kiroldegietan bezala, guneetara sartzeko sistema bat egonen da kirol entitateen (federazioak eta klubak), auzo-elkarteen eta banakako eskaeren bitartez.

Jasangarria eta adimenduna

Energia gutxi kontsumitzen duen Passivhaus estandarrarekin bat diseinatu da, eta ohiko isolamendu termikoez gain, hainbat energia berriztagarritako sistemak izanen ditu, hala nola eguzki-plakak, edo energia berriz aprobetxatzeko sistemak, adibidez, aerotermia erabiliz; izan ere, sistema horrek airearen tenperaturan dagoen ingurumeneko energia atera eta gelara eramaten du, edo ur-korrontera. Halaber, uraren tenperatura oinarri duten beroa berreskuratzeko gailuak jarriko dira dutxa-plateren azpian, eta aireztapen-sistema eraginkorrak egonen dira. Kiroldegia ukipen-pantailaz eta panelez hornituko da, azpiegituraren kudeaketa energetikoari buruzko funtzio didaktikoa beteko dutenak, informazioa emateko eta herritarrak sentsibilizatzeko.

Buztintxuriko etorkizuneko udal-kiroldegia eraikin jasangarria izanen da, ahal den neurrian tokiko materialekin (200 km baino gutxiago) eta fabrikazioan CO2 isurketa baxuko elementuekin eraikia, eta argiztapen-diseinu eraginkorra mantenduko du, eguzki-argiaren eta LED-luminarien aprobetxamendua txandakatuz. Halaber, aurreikuspenen arabera, konketetatik eta dutxetatik datozen eta kutsadura-maila baxua duten “ur grisak” berrerabili daitezke komunen zisternetan edo berdeguneetako tantakako ureztapenean, mintzen biorreaktoreen bidezko tratamendu fisiko-biologikoko teknologia erabiltzeari esker. Azpiegitura berriak erabiltzaileen bizikleta bidezko mugikortasuna sustatuko du bizikletak aparkatzeko 20 euskarriren bidez, eta mugikortasun elektrikoa, ibilgailuak kargatzeko sistema bat instalatzearen bidez.

Arkitektura kableatua zein haririk gabekoa izanik, kiroldegia kudeatzeko sistemen parte handi bat protokolo anitzeko eta plataforma anitzeko sistemak dituen software librearen bidez kontrolatzen ahalko da. Horrela, monitorizazio-datuak Iruñeko Udaleko Hiria Plataforman txertatzen ahalko dira.

Hiriko pabiloirik handiena

Udal-kiroldegi berriak, beheko solairuan (3.290 m2-ko azalera erabilgarria), 1.696 m2-ko pista bat izanen du, Kirol Kontseilu Gorenaren KIAA arauekin bat. Espazio nagusi horretan, luzetara, hainbat kirol jokatu ahal izanen dira: ofizialak (saskibaloia, eskubaloia, boleibola, badmintona, etab.) zein ez ofizialak (Udaleko kirol-ikastaroak kasu). Zeharka, aldi berean erabiltzeko 500 m2 baino gehiagoko hiru gune sortzen ahalko dira, gortina automatizatuen bidez. Moldakortasun horri esker, esate baterako, hiru saskibaloi-partida ofizial jokatzen ahalko dira. Solairu berean ere, kirol-jarduerarako 225 m2-ko bi areto egonen dira, bakoitzaren ondoan biltegi banarekin. Areto horietan udal-ikastaroak programatuko dira, arte martzialetako praktikak eginen dira edo muskulazio-gela gisa erabiliko dira. Gunea osatzeko komunak, aldagelak eta harrera-gunea/sarbide-kontrola jarriko dira.

Bigarren solairuan (655 m2-ko azalera erabilgarria) aurreikusita dago 260 ikuslerendako harmaila bat instalatzea (205 m2), eta baita paseorako/lasterketa lasairako 450 m2-ko zirkuitu bat ere perimetroan, berotzeko edo kalearen ordez gune horretan ibili nahi duen edozein pertsonak erabiltzeko.

Estalkiraino dagoen gutxieneko altuera 9 metrokoa izanen da, eta horri esker gimnastikako lehiaketa ofizialak egiten ahalko dira. Orain arte modalitate hori Mendillorriko kiroldegian baino ezin da praktikatu.