Buztintxuriko kirolgunea eraikitzeko lanak erdibidean daude jada, egitura amaituta eta fatxadaren estaldura ia amaituta baitaude. Iruñeko Udaleko Udalbatzako kideak Cristina Ibarrola alkatea buru zutela, gaur ikusi dute lanak nola doazen aurrera. Aurreikuspenen arabera obrak martxoan amaituko dira, joan den maiatzean epeak luzatzea adostu ondoren, Osoko Bilkuran ekitaldi honetarako onetsitako aurrekontu murrizketaren ondorioz.
Une hauetan, lanek inguruaren kanpo-urbanizazioa eta Buztintxuri ikastetxe publikoaren jolastokiarekin lotura bat sortzea dute ardatz, ikastetxeko ikasleek kiroldegia kirol-jarduerak egiteko erabili ahal izan dezaten. Halaber, fatxadaren kanpoaldeko estaldura ia amaituta dago eta kanpoko zein barruko arotzeriaren aurremarkoak jarri dira dagoeneko.
Eraikinaren barrualdean, igeltserotza-lanak egin dira eta lehen solairuko eta jarduera-aretoen eremuko komunak alikatatu dira. Alikatatze-lanak taldeen aldageletan egiten ari dira orain. Halaber, pista nagusiko estalitako eremuko sabai aizunaren profilak jarri dira eta transformaziogune berri bat instalatu da.
Hurrengo hilabeteetan, instalazio-gela makinaz hornitu eta jarriko dira, bai eta eguzki-plaka fotovoltaikoak ere, eraikineko estalkian. Gainera, batez ere barrualdean lan eginen da, zoladurak, arotzeriak, sabai aizunak, pareten estalkiak, sanitarioak, argiztatzea, mekanismo elektrikoak, aire girotua eta beste hainbat instalazio jarriz. Azpiegitura guztiek energia aurrezteko irtenbideak izanen dituzte, hala nola, isolamendu termiko handia eta eguzki-kontrolerako elementuak, beroa berreskuratzen duen aireztatze-sarea eta hermetikotasun-maila altua, bai eta energia berriztagarriak (aerotermia eta fotovoltaikoa) erabiltzea ere. Azken urratsa kirol ekipamendua erosi eta instalatzea izanen da.
8,1 milioiko lana
Iruñeko Udalak 8.190.231 euro inbertituko ditu guztira auzoko ikastetxe publikoaren eta haur eskolaren ondoan eta REFENA eraikinaren atzean kokatutako Buztintxuriko kiroldegia eraikitzeko. Obra 2022ko ekainean adjudikatu zitzaion Guillén Obras y Proyectos enpresari, QM ARQ SLP enpresak (Oscar Mongay eta Maite Mariezcurrena, arkitektoak), Magdalena Bengoechea arkitekto teknikoak eta NAVEN Ingenieria de Instalaciones enpresak (Jose María Moro, industria-ingeniari teknikoa) osatutako lantaldeak idatzitako proiektuari jarraiki.
2022ko irailean abiatu zen obraren iraupena, aurreikuspenen arabera, 14 hilabetekoa izanen zen, baina onetsi zen aurrekontu-aldaketaren ondorioz epea beste lau hilabetez luzatu zen, ez baitzegoen aurten amaitzeko kreditu nahikoa.
Lanak amaitutakoan, Buztintxurik udal-kiroldegi berri bat izanen du, 1.696 m-ko azalerako espazio edo pista nagusi batekin, 'Pabilioi Handiko’ formatuaren oinarrizko aukeraren neurriekin bat datorrena. Harmailek gehienez ere 308 pertsonendako edukiera izanen dute. Eraikinak honako ezaugarri hauek edukiko ditu: beheko solairua eta lehen solairua, atondoa eta sarbide-kontrola, kirol anitzerako pista, bi areto espezializatu (bat jardueretarako eta bestea aparatuetarako), kirol ekipamendua gordetzeko biltegiak eta azpiegitura horrek funtzionatzeko behar dituen instalazioendako eremu bat.
Estalkiak Iruñeko eraikin batean jarritako instalazio fotovoltaikorik handiena izanen du, 912 modulu fotovoltaikorekin eta 414,96 kWp-ko muturreko potentziarekin. Xedea da planta horrek kiroldegiak funtzionatzeko behar duena baino energia gehiago sortzea, beraz, soberakina haur eskolarekin eta inguruko ikastetxeekin partekatuko da. Gainera, ibilgailu elektrikoak kargatzeko karga-zutoinak izanen ditu udal-sarearen barruan.
Buztintxuriko kiroldegi berria Go Green Iruña estrategiaren ildoan dago, zeinak barne hartzen baititu klima-aldaketari aurre egiteko Udalaren neurriak eta ekintzak.