Buztintxuri eta Arrotxapea loturik daude jadanik bidegorri bidez Gipuzkoa etorbidean prestatutako tarte bati esker

Buztintxuri eta Arrotxapea loturik daude jadanik bidegorri bidez Gipuzkoa etorbidean prestatutako tarte bati esker
Trazadura berriak Santa Engraziako bidegurutzea igarotzen du, Trenbideko kalearekiko elkargunetik Nazario Carriquiri kaleraino

 

 

Iruñeko Udalak Buztintxuri eta Arrotxapea auzoak lotzen dituen bidegorriaren tarte berria abiatzeko lanak amaitu ditu, Gipuzkoako etorbideak Trenbideko kalearekin bat egiten duen elkargunera iristen den ziklista-bidea Nazario Carriquiri kalearekin lotuz. Azpiegitura berriak bidea ematen die ziklistei Santa Engraziako bidegurutzea gainditzeko; izan ere, igarobide hori arriskutsua zen bere ezaugarriengatik eta zirkulazio handiarengatik.

Bidegorri-tarte berria bi noranzkoa da, galtzadaren maila berean doa, 160 metro luze da eta 3 metro zabal. Hirian ezartzen ari diren gainerako bidegorrietan bezala, honek ere metro erdiko babes-banda bat dauka, non, kasu honetan, gomazko bereizgailuak eta oztopo-zutoinak jarri baitira. Tarte honen hasieran eta bukaeran, bizikletendako pasabide bana eraiki dira, ziklista-bide hau bertako azpiegiturekin lotzeko. Pasabideak gorriz margotu dira, galtzadaren eta espaloien gainerako erabiltzaileei behar bezala ohartarazteko pasabideak bertan daudela.

Bidegorri-trazadura berrian, bi tarte bereiz daitezke. Gipuzkoa etorbidearen eta Trenbideko kalearen arteko elkargunetik abiatzen dena galtzadaren eta Santa Engraziako etxebizitzen arteko bidean barna igarotzen da. Azpiegitura berria abiatzeko, debekatu egin da eremura ibilgailuekin sartzea, eta horri esker oinezkoen gune berri bat prestatu da. Bigarren tartea, trenbidearen gaineko zubian barna doana, ibilgailuendako erreien zabalera murriztuz ezarri da; hori horrela, ibilgailuek abiadura dezente gutxitu behar dute, eta, horren ondorioz, bideko erabiltzaile guztien segurtasuna hobetu da.

Segurtasunaren hobekuntza eremuan bideko erabiltzaile guztientzat

Mugikortasuneko Ordenantza indarrean sartzearekin eta horrek espaloietan zirkulatzeko dakarren debekuarekin, agerian geratu zen Santa Engraziako bidegurutzea hiriko punturik arriskutsuenetako bat zela, bertan bi bide elkartzen direlako eta bietako batean zirkulazio handia dagoelako. Abian jarritako irtenbideak arazoa konpontzen du, berezko espazioa ematen baitie ziklistei, zeinek bidegurutzeetan bakarrik partekatzen baitute galtzada ibilgailuekin, eta bidegurutze horiek behar bezala seinaleztaturik daude hala horizontalean nola bertikalean.

Buztintxuri eta Arrotxapea auzoen arteko konektagarritasuna hobetzeaz gain, Iruñeko Udalak gauzatutako jarduketek eremu honetako bide publikoaren erabiltzaileen segurtasuna hobetuko dute. Alde batetik, Gipuzkoa etorbidearen eta Trenbideko kalearen arteko elkargunean ibilgailuei zenbait biraketa debekatu zaizkie eta bus-errei bat ezarri da, autobusen irteera aurreratua ahalbidetzen duena semaforoak bide ematen duenean. Gainera, trenbidearen gainean zubian barna igarotzen den tartean ibilgailuendako erreiak estutu izanak ibilgailuen abiadura murriztea ekarriko du, arriskugarritasuna gutxituz.

¿Te ha sido útil esta página?