Dagoeneko amaitu dira Lezkairuko Haur Eskolako obrak, eta, aurreikuspenen arabera, ikasturtea normaltasunez hasiko da abuztuaren bigarren astean. Bi isurkiko teilatuak, zurezko eraikuntza eta energia-kontsumo ia nulua dira eskola horren ezaugarriak eta, hezkuntzari dagokionez, bere espazioak barne-plaza nagusi baten eta kanpoko patio eta lorategien ikuskera pedagogikoaren inguruan egituratzen ditu. Lanak 17 hilabetetan egin dira, eta aurrekontuak 3.771.310 euro jo du.
Hirigintza Batzordeak eta Gerentziak, Enrique Maya alkatearekin batera, gaur goizean bisitatu dituzte instalazioak, zeinetan 0 eta 3 urte bitarteko 110 haur egonen baitira, gaztelania ingelesarekin eta euskara ingelesarekin ereduetan. Lezkairuko Haur Eskolak 357 eskaera jaso zituen eskaintzen zituen 91 lekuetarako (gainerako 19 lekuak dagoeneko adjudikatuta zeuden beste zentroetan matrikulatuta egon eta zentro berrira lekualdatzea eskatu duten haurrendako). Astelehenean argitaratu ziren Udalaren haur-eskoletan onartutako haurren behin-behineko zerrendak.
Haur-eskola eraikitzeko lanak bukatuta, ekipamendua falta da. Haur Eskolen Erakunde Autonomoak jada adjudikatu ditu, alde batetik, altzariei eta material pedagogikoari dagokien lotea eta, bestetik, informatika eta ikus-entzunezko ekipamenduari dagokiona. Sukaldeak eta ondoko lokal batek dagoeneko ekipamendua dute. Garbitegia, aldagela eta zenbait biltegi baino ez dira falta, bai eta jangelako eta sukaldeko tresnak ere.
Espazioak plaza nagusi baten inguruan
Eguesibar kaleko sarbidea berdegune gisara diseinatu dute, harrera-gune izateko, pergola estali baten bidez, eraikinaren barrualdeko plaza nagusiari jarraituz, zeinera burdin-langa batetik sartzen baita. Plaza nagusia barne-birika bat da, eta bertatik gune gehienetara sartzen da. Lantegi nagusia plazan dago: gune zedarritu bat da, izaera eskultorikokoa eta anfiteatro txiki bat daukana lantegiko piezarekin hartu-emanean. Erdigune horren eredua errepikatu egiten da bigarren mailakoen moduko bi atondo-gunetan, bertatik irakaskuntza-espazio ezberdinetarako sarrera antolatzeari begira. Plaza nagusia kanpoko aldera luzatzen da, portxea plazaren jarraipen-gune gisa osatuz. Plaza nagusiaren aurreko burdin-langako espazioan aulkitxoen gordelekua eta material pedagogikoa gordetzeko barne biltegi bat daude.
Eraikinean 0 eta 3 urte bitarteko hainbat haur-talde egonen dira. Bularrekoen espazioak plazaren iparraldean daude eta ibiltarien, txikien eta nagusien taldeak, hegoaldean. Guneak elementu ireki eta garden gisara antolatuta daude, zuzenean pasabideekin eta topaketa-guneekin lotuta, baita kanpoko patio-lorategiarekin ere. Jantokiak zirkulazioetatik hurbil daude zerbitzuak errazteko.
Haur-eskolako kanpoko espazio perimetrala terraza-segida baten moduan diseinatu da, maila eta material ezberdinetan, lurzoruaren sestrei egokitzeko, sekretuen lorategiaren kontzeptu metaforikoari egokitzen saiatuz. Kanpoko gunea anitza eta dinamikoa da, eta haurren mundura egokitzen da eskala txikiagoekin, hala nola babes- eta abentura-guneekin.
Ia energia-kontsumorik gabeko eraikina
Lezkairuko Haur Eskola ia kontsumo nuluko eraikina da, egur laminatuko panelen bidez eraikia, non erantsita baitago egiturazko eta itxiturazko sistema jasangarria eta gaitasun bioklimatiko handikoa. Estalkiko eguzki-plakak proiektuan txertatu dira eraikinaren irudiarekin bat datozen elementu gisa. Erdiko espazioen argiztatze naturala bermatuta dago estalkian dauden beirazko hutsuneei esker.
Langileendako eta horniduretarako zerbitzu-sarbidea Eguesibar kalea José Manuel Baena kalearekin gurutzatzen den lekutik egiten da, kanpoko arrapala baten bidez. Zerbitzu-guneak bolumen bereizi batean bildu dira. Hura kalearen sestrako sarreran sortu eta erdiko patioarekin bat egiten du, administrazio-gunea eta sukaldea sarrera-gunearen ondoko plazaren partearen ondoan jarrita. Hala, sukaldeak eta administrazio-guneak gardentasun-harremana dute plazarekin, eskolaren egunerokotasunean parte hartuz. Lorategien mantentze-lanetarako sarbidea Eguesibar kalean bertan dago, non biltegi txiki bat gaitu baita.