Bueltan da ‘Sentimendu Kopa’: Emakumezkoen Osasuna CD Tenerife eta Realaren aurka arituko da

Bueltan da ‘Sentimendu Kopa’: Emakumezkoen Osasuna CD Tenerife eta Realaren aurka arituko da
Txapelketa laugarren aldiz antolatuko da, abuztuaren 20an, asteazkena, 18:00etatik aitzina
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Beste urte batez, eta dagoeneko lau dira, Nafarroako emakumezkoen futbolak ‘Sentimendu Kopa’ ospatuko du, Osasuna Klub Atletikoak, Iruñeko Udalaren babesarekin, antolatutako lehiaketa. Datorren asteazkenean eginen da, hilak 20. Emakumezkoen Osasunak hiruko txapelketa bat jokatuko du Emakumezkoen C.D. Teneriferen eta Emakumezkoen Realaren aurka. Hala, Sentimendu Kopak betiko formatua berreskuratuko du, iaz Madrid CCFren aurkako partida bakarra jokatu ondoren.

Ekitaldiaren xehetasunak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak eta Luis Sabalza Iriarte Osasuna Klub Atletikoko lehendakariak, Xabier Pérez Almandoz txapelketaren antolakuntzako arduradunarekin batera. Lehiaketa 18:00etan abiatuko da Taxoareko Osasunaren kirol-instalazioetan. Partidak 45 minutukoak izanen dira.

Emakumezkoen Osasunak emanen dio hasiera txapelketari Emakumezkoen C.D. Teneriferen aurka –10 urte ospatzen ditu F Ligan–. Ondoren, 19:00etan, Kanarietako taldeak Realaren aurka jokatuko du, zeinak Erreginaren Kopa irabazi baitzuen 2018-19ko denboraldian, F Ligan txapeldunorde izan baitzen 2021-22ko denboraldian eta finalista 2023-24ko Kopan. Txapelketaren azkeneko proban berriz aterako dira gorritxoak: txuri-urdinen aurka jokatuko dute partida eta 20:00etan abiatuko da.

Gaur bertan, astelehenarekin, jarri dira salgai sarrerak, 10 euroan, eta Sadarreko bulegoetan 16:00etatik 19:00etara bitarte eskuratzen ahalko dira. Bihar, asteartea, ordutegia 09:30etik 13:30era bitarte eta 16:00etatik 19:00etara izanen da, eta asteazkenean, sarrerak eskuratzeko aukera egonen da 09:30etik 13:30era. Sarrerak geratzen badira, Taxoareko leihatilan bertan jarriko dira salmentan, ekitaldiaren egunean bertan, 17:00etatik aurrera. 

Sentimendu Koparen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean emakumezkoen futbola sustatu eta indartzea, lehen mailako norgehiagoken bidez. Udalak babes-kontratua du txapelketarekin, emakumezkoen kirola, eta zehazki, emakumezkoen futbola babesteko.

Emakumezkoen Osasuna taldeak hamargarren denboraldiari emanen dio hasiera, 2016-2017ko denboraldian berreskuratu zutenetik. Izan ere, emakumezkoen futbolak bi etapa izan ditu klubean. Lehenengoa, 2003an sortu zenetik 2014ra bitarte, eta bigarrena, 2016ean berreskuratu zutenetik gaur egun arte. Gaur egun, Lehenengo Federazioan jokatzen du. Sentimendu Kopaz gain, irailaren hasieran Erreginaren Kopan lehiatuko da. Lehen lehiakidea S.D. Huesca taldea izanen da. Hasierako fase horretan, hainbat kategoriatako 32 talde lehiatuko dira: Lehenengo, Bigarren eta Hirugarren Federazioetakoak.


IV SENTIMENDU KOPA

  • Abuztuak 20, asteazkena. Taxoareko instalazioak

    • 18:00etan: Emakumezkoen Osasuna – Emakumezkoen C.D. Tenerife

    • 19:00etan: Emakumezkoen C.D. Tenerife – Emakumezkoen Reala

    • 20:00etan: Emakumezkoen Osasuna – Emakumezkoen Reala

  • Sarrerak: 10 euro

¿Te ha sido útil esta página?