
Pertsona bat atxilotu dute bart gauean emakume bati sexu-erasoa egin diolakoan. Erasoa goizaldean gertatu da, 04:45 inguruan, Gaztelugibelen. Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzarrak, adierazpen instituzional baten bidez, helarazi du bere “erabateko arbuioa eta gaitzespena eraso honen aurrean”, bai eta “emakumearekiko eta haren inguruarekiko babes eta elkartasun osoa” ere, “haren eskubideak eta identitatea gordetzeko errespetu erabatekoaz gain”.
Iruñeko Udalak berriz berresten du bere “arbuioa eta gaitzespena hirian gertatzen den eraso, indarkeria edo jarrera sexista ororen aurrean”, eta konpromisoa hartzen du “eraso sexistak deuseztatzeko, segurtasuna hobetzeko eta emakumeei era guztietako guneetan askatasun osoa edukitzea bermatzeko lan egiteko”. Iruñeko Udalak bat egiten du “Iruñeko mugimendu feministak eginen duen deialdiarekin”, eta “herritarrak protesta ekitaldietan parte hartzera” gonbidatzen ditu.
Babes Zibileko Tokiko Batzordeak gaur goizeko bileran ezagutu du jaietako egun honetan hiru eraso salatu direla ukituengatik. Pertsona bat atxilotu dute eraso horietako bat egin duelakoan.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Indarkeria sexistek emakume guztiei eragiten diete, adin, egoera sozioekonomiko edo nazionalitate bereizketarik gabe, eta edozein unetan agertzen dira, baita jaietan ere. Botere harremanetan oinarritzen dira indarkeria horiek, gizonak emakumeen gainetik jartzen dituzte maila sinbolikoan eta materialean, eta helburu dute emakumeak gizonen aurrean mendetasun egoeran bizi daitezen betikotzea. Indarkeria sexista horiek hainbat forma eta jarrera dituzte. Horietako bakoitza atzematea, ikusaraztea, arbuiatzea ezinbestekoa eta premiazkoa da sexu-eraso guztien prebentzioan osotasunean lan egiteko.
Erakunde publiko eta herritar aktibo gisa eraso sexisten aurrean jarrera konprometitua dugu, eta bide horretan lanean jarraitzeko asmo irmoa erakusten dugu.
Horregatik, uztailaren 11ko goizaldean Iruñean emakume batek jasandako sexu-erasoa dela eta, Iruñeko Udalaren talde politiko orok eraso horri erabateko arbuioa eta gaitzespena adierazten diogu, eta honako hau adierazten dugu:
- Iruñean gertatu den sexu-erasoa dela-eta erabateko arbuioa eta gaitzespena adierazten dugu, eta emakumearekiko eta haren inguruarekiko babes eta elkartasun osoa azaltzen dugu, haren eskubideak eta identitatea gordetzeko errespetu erabatekoaz gain.
- Koordinatzeko eta erantzuteko Protokoloa betez, berriz berresten dugu, arbuioa eta gaitzespena hirian gertatzen den eraso, indarkeria edo jarrera sexista ororen aurrean, eta konpromisoa hartzen dugu eraso sexistak deuseztatzeko, segurtasuna hobetzeko eta emakumeei era guztietako guneetan askatasun osoa edukitzea bermatzeko lan egiteko.
- Gizartea premiatzen dugu aldatzera erasotzailea babestu eta emakumeak errudun sentiarazten dituen kultur eredua, eta gizonei konpromiso aktiboa eskatzen diegu emakumeek pairatzen dituzten eraso eta indarkeria mota guztiak desagerrarazteko eta gure gizartean benetako berdintasuna lortzearen alde lan egin dezaten.
- Herritarrak gonbidatzen ditugu era aktiboan jokatzera indarkeria eta eraso sexisten aurrean, eta azpimarratzen dugu emakumeek duten eskubidea bere harreman, gorputz eta sexualitatearen gainean erabakitzeko.
- Berresten dugu eraso sexisten aurkako borrokarekiko konpromiso irmoa, eta emakumeendako hiri libre eta askatasunean bizi daitekeen hiri baten alde egiten dugu.
- Azkenik, Iruñeko mugimendu feministak eginen duen deialdiarekin bat egin nahi dugu, eta herritarrak protesta ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen ditugu.