Botoa eman daiteke, oraindik, Sanferminetako Egile-Su Artifizialen Nazioarteko XX. Lehiaketako Ikusleen Saria esleitzeko

Botoa eman daiteke, oraindik, Sanferminetako Egile-Su Artifizialen Nazioarteko XX. Lehiaketako Ikusleen Saria esleitzeko
Azken bost urteetan 24.000tik gora lagunek hartu dute parte aintzatespen-izaerako sari hau aukeratzeko bozketan
Irudia

Gaur gauean, bide erdira iritsiko da Sanferminetako Egile-Su Artifizialen Nazioarteko XX. Lehiaketa, Magia di fuochi (Suzko magia) bilduma italiarraren eskutik, zeina aurten parte hartzen duten hiru emakumeetako batek, Cinzia Parentek, diseinatua baita.

Urterik urte, Ziudadelako kanpo-zelaiak gauero 23:00etan betetzen dituzten ikusleek aukera dute lehiaketara aurkeztutako bildumen sortzaileak txalotu ez ezik, gustukoen izan dutenari aintzatespen-saria emateko ere. Horixe da Ikusleen saria, non botoa emanez parte hartu baitaiteke.

Ikusleek uztailaren 16ko 14:00ak arte ematen ahalko dute botoa, bai fisikoki –boto-paper bidez– bai digitalki. Lehen aukera horren alde eginez gero, suei buruzko informazio-eskuorrian horretarako dagoen tokia eta egunkarietako kupoiak erabili beharko dira. Behin boto-paper horretan bilduma bakoitzari emandako puntuazioak eta boto-emailearen datu pertsonalak beteta, leku hauetako batean paratutako hautetsontzietan sartu behar dira: Kondestable Civivoxa, Turismo Bulegoa, udal-kontsigna eta Eroski zein Diario de Navarrako egoitzak (sariaren babeslea eta laguntzailea, hurrenez hurren). Leku horietan ere eskuorriak eskuragai daude.

Bide digitala aukeratzen dutenek, sanfermin.pamplona.es eta www.sanferminoficial.com webguneetan ematen ahalko dute botoa, bai eta SF Iruña mugikorrarendako aplikazioan ere. Botoa emateko hiru bide digital horietan boto-paperean eskatzen diren datu berberak bete beharko dira, eta horrez gain, helbide elektroniko bat eman. Surik onenak eta sormen handieneko egileen gaineko azken erabakian parte hartzeak berekin dakar suen-emanaldietan engaiatzea –jaietako garrantzitsuenetarikoan–, baina, gainera, sariak ere ekar ditzake. Izan ere, parte hartzen duten guztien artean honako sari hauek zozketatuko dira: tablet bat, 2 esperientzia-kutxa, 2 e-book, 2 bozgorailu, 2 bozgorailu txiki, ariketa fisikoa neurtzeko 3 eskumuturreko, 2 Crome Cast, haririk gabeko entzungailu bat eta kapsulen kafe-makina bat. Zozketaren emaitza festak amaitu eta hurrengo astean emanen da argitara.

Iaz, 3.361 ikuslek parte hartu zuten bozketan, horietako 2.718k bide digitalak erabilita eta 643k hautetsontzietan botoa emanda. Horietako 220 boto baliogabe izan ziren. Azken bost urteetan 24.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte ikusleen sariaren hautaketan, 4.837 boto-emaile urteko, batez beste.

Herri-epaimahai horrez gain, bada epaimahai ofiziala, María García Barberena Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zinegotziaren burutzapean eta honako hauek osatuta: Jorge Urdánoz Apezteguía, Alor horretako zuzendaria; Mikel Pagola, lehiaketaren zuzendari artistikoa; Julio Martínez Torres, Diario de Navarra egunkariko zuzendari ohia; Lucinda Poole, kazetaria eta kritikaria; Fernando Martínez Sotillos, Gobernuko Ordezkaritzaren Industriako zuzendari ohia Valentziako Komunitatean, eta Jose Luis Mosquera Sande, teknikaria eta epaimahaiko idazkaria.

SANFERMINETAKO EGILE-SU ARTIFIZIALEN NAZIOARTEKO XX. LEHIAKETAKO HURRENGO JAURTIKETAK


Uztailak 10: Magia di fuochi (Suzko magia)
Diseinugilea: Cinzia Parente. Su-etxea: Parente Events (Melara, Italia)

Uztailak 11: Zoloriscos
Diseinugilea: Manuel Osuna Oliva. Su-etxea: García (Ripollet, Bartzelona)

Uztailak 12: Enigmatic vibes (Bibrazio enigmatikoak)
Peter Shishkov. Su-etxea: Enigma Firework’s Team (Sofia, Bulgaria)

Uztailak 13: Ziudadela sugarretan
Miguel Ángel Beltrán Sevilla. Su-etxea: Pirotecnia Vulcano SL (Valentzia)

Uztailak 14: Étoiles filantes (Izar iheskorrak)
Francoise Philibert. Su-etxea: Kuma Fireworks Corp. (Montreal, Kanada)

 

 

¿Te ha sido útil esta página?