Bost herrialdetako bederatzi diseinatzailek parte hartuko dute Su Artifizialen Nazioarteko XXI. Lehiaketan, laugarren urtez egile-suei eskainia

Bost herrialdetako bederatzi diseinatzailek parte hartuko dute Su Artifizialen Nazioarteko XXI. Lehiaketan, laugarren urtez egile-suei eskainia
Lehiaketak hiru berritasun ditu: aurrez muntatzeko aukera –Iruña Espainian aitzindari izanen da–, epaimahaian artistak txertatzea eta lehiaketaren lehen logotipoa aurkeztea
Cartel fuegos artificiales SF

 

 

Bost herrialdetako bederatzi diseinatzaile lehiatuko dira uztailaren 6tik 14ra Sanferminetako Su Artifizialen Nazioarteko XXI. Lehiaketan. Laugarren urtez, lehiaketak ‘egile-suak’ ditu ardatz, lehen mailako piroteknia-sortzaileek sanferminetarako berariaz diseinatutako bildumekin. Ohikoa denez, su artifizialak Ziudadelaren barrualdetik jaurtiko dira, jaietako egun bakoitzean, 23:00etan.

2017tik, Iruñeak bilduma-diseinatzaileen papera nabarmendu nahi izan du, benetako piroteknia-artistak kontsideratzen baititu. 2022an, lehiaketa honek hartu duen eta erreferentzia bihurtu duen nazioarteko profilari lotuta, hainbat herrialdetako parte-hartzaileak egonen dira: Frantzia, Italia, Portugal eta Suedia, eta Espainiako bost, Valentziatik, Alacantetik eta Madriletik datozenak eta Valentziako eta Madrilgo su-taldeekin jaurtiko dutenak. Kanpotarrek, halaber, beren produktu piroteknikoak ekarriko dituzte beren herrialdeetatik.

María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta Mikel Pagola lehiaketaren zuzendari tekniko eta artistikoak gaur goizean aurkeztu dituzte Sanferminetako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren edizio berri honetako xehetasunak. Bi urtez jairik gabe egon ondoren, Iruñeko Udalak % 10 handitu du bilduma bakoitzari bideratutako aurrekontua. Hala, lehiaketaren aurrekontua 200.000 eurotik gorakoa da.

XXI. edizioak hiru sari izanen ditu: Urrezko San Fermina, Zilarrezko San Fermina eta Brontzezko San Fermina, 5.000 euro, 3.000 euro eta 2.000 eurokoak, hurrenez hurren. Gainera, publikoaren sariak aurrera jarraituko du, Diario de Navarra eta Eroskiren laguntzarekin, eta herritarrek botoa ematen ahalko dute www.sanferminespamplona.es webgunearen bidez edo, aurrez aurre, Kondestabe Civivoxean, Turismo Bulegoan eta Eroski hipermerkatuan. Parte-hartzaileak 25 sariren zozketan sartuko dira.

Bildumen zati bat aurretik muntatzea

Aurtengo lehiaketaren berritasun nagusietako bat ez dute ikusleek ikusiko baina sanferminak aitzindari bihurtuko ditu nazioartean. Egileei beren suak aurretik muntatzeko aukera ematea da. Aurretik muntatzeak piroteknikoei baldintza hobeagoetan lan egitea ahalbidetzen die, muntatzeko denbora gehiago baitute, bezperan beren artifizioen zati neketsuenak aurreratu ahal izateko.

2018an iragarritakoaren arabera, aurretik muntatzea behin betiko ezarriko da aurten eta bederatzi lehiakideetatik zazpik eginen dutela baieztatu dute. Santiagoko bastioian eginen da, Ziudadelako eremuetako bat zeinetik gauez ez baita jaurtitzen. Hala, hainbat elementu, jaurtiketa digitalizatua eta lurreko efektuak kasu, jaurti aurreko egunean prestatzen ahalko dira.

Nahitaezko bi froga artistiko

Ohikoa denez, eskatutako probetako bat erritmikoa da, eta ikuskizuna hasi bezain laster eginen da, sanferminetako koloreekin bakarrik, hau da, zuria eta gorria uztartuz. Beste proba, kontzeptuala, jaurtiketa asimetrikoko diseinu bat da, elementu desberdinekin alde bakoitzean, Ziudadelaren beraren formen konplexutasunaren isla.

Aurten, lehenengoz, gainera, epaimahaian gure hiriko arte plastikoen esparruko pertsona ospetsuak egonen dira. Alicia Otaegui diziplina anitzeko sortzaileak ikuspuntu zeharkakoagoa emanen dio eta Víctor Arroyo piroteknian aditua ere epaimahaikide izanen da. Epaimahaia osatuko dute María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotziak, Jorge Urdanoz Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak eta José Luis Mosquera , Iruñeko Udaleko Kultur teknikariak.

Su artifizialen lehiaketaren idiosinkrasia nabarmendu eta agerian uzteko, Udalak lehen aldiz logotipo bat sortu du. Diseinuak Iruñeko patroiaren makuluaren zirriborro bat erakusten du, zilarrezko eta urrezko su artifizialen nukleoa dena. Irudi horrek lehiaketaren presentzia indartu nahi du, sanferminetan ikusle gehien elkartzen dituen ekitaldietako bat.

Su artifizialen antolaketa hainbat administrazio eta entitateren laguntzarekin egiten da, hala nola, Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren Lehergaien Alorreko buruzagitza, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren Industriako Alorra eta Iruñeko Guardia Zibilaren Arma eta Lehergaien Esku-hartzea.

 

Sanferminetako Su Artifizialen Nazioarteko XXI. Lehiaketa. Egile-suak
  • Uztailak 6, asteazkena. TONI GARCÍA JUAN. ‘Serendipia’. Fuegos artificiales del Mediterráneo (Valentzia). 2014an sortua
  • Uztailak 7, osteguna. MATTHIEU INFANTI. Rêve d'une nuit d'été (Udako gau bateko ametsa). AQUARÊVE (Scy-Chazelles, Moselle, Frantzia). 1991an sortua
  • Uztailak 8, ostirala. RODRI GARCÍA ZAFRA. Sentitu, disfrutar, live (Sentitu, gozatu, bizi). PIROTECNIA ALMUDENA. Pedrezuela (Madril). 2007an sortua
  • Uztailak 9, larunbata. MIGUEL VIDAL MIRA. Batec pamplonès (Taupada iruindarra). PIROTECNIA AITANA. Bélgida (Valentzia). 2010ean sortua
  • Uztailak 10, igandea. JOSÉ M. CRESPO VIDAL. Gau magikoa. PIROTECNIA VALENCIANA Llanera de Ranes (Valentzia). 1965ean sortua
  • Uztailak 11, astelehena. FEDERICO TIBALDI. Amigdala Rinascimento (Amigdala Errenazimentua). PYROITALY. Cavriago (Reggio Emilia, Italia). 2004an sortua
  • Uztailak 12, asteartea MARCO COSTA. Emoções (Emozioak). HC&FILHOS PIROTECNIA. Souto do Meio (Leiria, Portugal). 1932an sortua
  • Uztailak 13, asteazkena. MARTIN HILDEBERG. Aurora Borealis (Aurora Boreala). GÖTEBORGS FYRVERKERIFABRIK. Billdal (Gotenburg, Suedia). 1994an sortua
  • Uztailak 14, osteguna. BERNARDO SANCHI VALLBONA. Andrewren lorategian: bi arima sutan. HERMANOS CABALLER PIROTÉCNICOS. Almenara (Castelló). 2001ean sortua
¿Te ha sido útil esta página?