Bost euri-lorategiren bidez birnaturalizatu dute Fuente del Hierro eta Pedro I.aren kaleak lotzen dituen biribilgunea, Iturrama auzoko ardatz nagusietako bat eraldatzen jarraitzen duen jarduketaren barruan

Bost euri-lorategiren bidez birnaturalizatu dute Fuente del Hierro eta Pedro I.aren kaleak lotzen dituen biribilgunea, Iturrama auzoko ardatz nagusietako bat eraldatzen jarraitzen duen jarduketaren barruan
Jarduketa Fuente del Hierro Berdea proiektuaren barruan dago, eta galtzadaren zabalera murriztu eta espaloiak handitzeko lanak barne hartu ditu
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak 281.848,93 euro inbertitu ditu Fuente del Hierro Berdea proiektuaren hirugarren fasean: Iturramako ardatz nagusi horrek irisgarritasun hobea eta paisaia-aberastasun handiagoa du orain. Jarduketak Fuente del Hierro eta Pedro I.aren kaleak lotzen dituen biribilgunea izan ditu ardatz: euro-lorategi gisa funtzionatzen duten bost berdegune berri sortu dira, galtzadaren zabalera murriztu da eta espaloiak handitu dira, mugikortasun jasangarriaren alde egindako beste hainbat jardueren artean.

Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak bisitatu dute hirigintza taktikoko esku-hartzea, eta bertan pasa den urteko bukaeratik 2026ko lehen lauhilekora bitarte egin dira lanak. Oinezkoendako atseginagoa eta seguruagoa den ingurunea lortu dute, hala bizilagunendako, nola hiri-azpiegituren erabiltzaileendako eta bertatik igarotzen diren pertsonendako. Gainera, Donejakue bidearen Iruñeko zati baten paisaia-kalitatea hobetuko da eta drainatze jasangarriko sistema hiritarren teknikak erabiliko dira jarduketa berrietan, hiriko eremu horren ingurumenaren kalitatea hobetzen lagunduko dutenak. Lanak Urbanismo Táctico Pamplona ABBEak egin ditu mugikortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko lanen esparru-akordioaren bidez. 

Jarduketak garrantzi handiagoa ematen die egonlekuei eta oinezkoendako ibilbideei: berdegune gehiago daude, eta horiei esker oinezkoak eta ibilgailu motordunen trafikoa bereizten da. Izan ere, espaloiaren azalera handitu eta irisgarritasuna hobetu da galtzadetako bidegurutzeetan, galtzadako erreiak estutu dira ibilgailu motordunenabiadura murrizteko, eta hiriko garraio alternatiboak indartu dira, aurretik zegoen bizikleta-espaloia eta Iturrama kaleko villavesen geralekua hobetuz. 

Hirugarren faseak Fuente del Hierro Berdea proiektua osatuko du; aurreko bi faseek Iturramako biribilgunea eta bi biribilguneen arteko tartea barne hartu zituzten eta 2023an gauzatu ziren. 1.369,01 metro karratu berdegune sortu dituzte guztira, bai eta 19 zuhaitz-ale berri landatu ere, 11 lehenengo fasean eta 8 hirugarrenean. Hiru faseetako inbertsioa, guztira, 817.525,86 eurokoa izan da. Laugarren fasea egiteke dago, Antso Azkarraren etorbidera bitarteko tartean. 

Espaloiak zabaltzea
Gauzatutako proiektuaren bidez kaleko galtzada berrurbanizatu da, eta 5,65 metroko erdibitzaile batek banatutako 3,5 eta 4,2 metro bitarteko errei bakar batera murriztu da. Fuente del Hierro kalera ematen duten alboko kaleak ere kalearen geometriara egokitu dira, eta horretarako, galtzadaren, erdibitzailearen eta espaloien zabalerak doitu dira.

Galtzadari kendu zaion tokia espaloiek irabazi dute eta hainbat tokitan pixka bat zabalagoak dira. Hainbat espaloi-eremu zolatu dira, irisgarritasunarekin lotutako baldintzak betetzeko. Halaber, eremuko oinezkoen pasabideak antolatu dira, biribilgunetik urruntzeko; hala, ibilgailu batek pasabidearen aurrean itxaron ahal izanen du biribilguneko eraztun-erreiari eragin gabe. Azkenik, gaur egun dagoen bidegorriaren tarte batzuk aldatu dira, euri-lorategiak dauden eremuetan galtzadatik bereizteko.

Euri-lorategiak
Jarduketan nabarmen handitu da biribilguneko berdeguneen espazioa, eta euri-lorategi berriak jarri dira, drainatze jasangarriko sistema hiritarrei lotuak eta, gainera, hiri-biodibertsitatea sustatzen dutenak. Lorategi horietan aldian behingo uraldiak jasaten ahal dituzten landareak jarri dituzte. Bi lorategi nabarmentzen dira zabaltasunagatik: Amaiur Ikastolako sarreraren ondokoa eta Claret Larraona ikastetxeko kiroldegiko sarreraren ondokoa. Zuhaitzak eta zuhaixkak eta iturriak eta altzariak barne hartzeko nahikoa zabalak izateko diseinatu dira.

Inguruan berdegune berriak daudenez, euri-lorategiak landatzen ahal dira: galtzadako eta espaloietako jariatze-ura biltzen dute, eta landareen ur-beharrak asetzeko baliatzen dira. Landatutako espezieek behar baino ur gehiago jasotzen badute, ur hori legar-depositu batera drainatzen dute; depositu horrek bi eginkizun hauek ditu: batetik, jasotzen duen ura gordetzea ekaitz baten unerik bortitzenean; eta, bestetik, ondoren ur hori lurzorura iragaztea, legarrezko eta buztinezko geruzaren bidez.

Ureztatzeko sarea Amaiur Ikastolako sarreraren parean dagoen oinezkoen pasabideko erdibitzailearen ingurumarietan zegoen sarera konektatu da. Kutxatila bat instalatu da, bakoitza elektrobalbula baten bidez erregulatutako hiru lerrorekin, ureztatzea modu bereizian kontrolatzeko: zuhaitzena uholdeen bidez, zuhaixkena tantakako ureztatze-sistemaren bitartez eta belardiarena difusoreak erabilita. 
 

¿Te ha sido útil esta página?