
5 sortzaileren lanez osatutako Mapamunditarrak 2025: Argiz beteriko gauak azaroaren 16ra bitarte dago ikusgai Ziudadelako Mistoen eraikinean eta 6. kasernan. Mistoen eraikineko bi solairuetan sormen-lan hauek daude ikusgai: Xabier Erkiziaren Non dire (niente) (Ez esan [ezer]); Regina Jimenezen Distiratsuak eta zurbilak, erraldoiak eta nanoak; Leire Lacunza Mirandaren Maitasuna Garra Maitatu Armatu eta Rosa Tharratsen Gau zuriak. Kasernan, berriz, Lois Patiñoren Izar-ereilea dago ikusgai.
La Caracola kultur elkarteak antolatzen du Mapamunditarrak urteko proiektua, eta Alexandra Baurès da erakusketaren zuzendari eta komisarioa, Iruñeko Udalaren laguntzarekin. Halaber, erakusketa gaur aurkeztu dute Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Alexandra Baurès zikloaren komisarioak eta aurtengo erakusketan parte hartu duten Rosa Tharrats eta Xabier Erkizia artistek.
Aurtengo arte bisualen Mapamunditarrak proiektuaren izenburua Gau argituak da, forma eta narrazio berrien bila gauean murgiltzen diren erakusketak, proiekzioak eta topaketak biltzen dituen zikloa. Iruñeko eta Iruñea inguruko zenbait espazio kultural eta erakunderen lankidetza-sare bati esker antolatzen da zikloa.
Ziudadelako erakusketan aretoak ilunantzean daude, bisitariek, modu instintiboan, gau-esperientzia bat bizi dezaten. Ikusgai dauden lan guztiak gauarekin solasean ari dira, espazio eta denbora gisa.
Bost mundu-ikuskera
Mistoen eraikineko beheko solairuan Xabier Erkiziaren (Lesaka, 1975) Non dire (niente) (Ez esan [ezer]) erakusketa dago ikusgai, kanal anitzeko soinu-instalazioa. Soinu-pieza bat da, eta gaueko irrati-grabazioetatik abiatuta egindako hogei konposizio biltzen ditu. Elkarreraginean aritzera gonbidatzen du bisitaria, irrati-entzuleei ezaguna eginen zaien keinu baten bidez: irrati zahar bateko diala mugitzea.
Distiratsuak eta zurbilak, erraldoiak eta nanoak izenburupean, Regina Gimenezek (Bartzelona, 1966) hainbat teknikarekin egindako sei lan jarri ditu ikusgai, hala nola akrilikoa oihal gainean, marrazkia kalko-paper gainean, litografia edo marrazki-txantiloien birziklapena. Regina Gimenezen sei lanek motibo bera partekatzen dute: zirkulua edo zirkuluerdia, gure imajinarioan eguzkiak eta planetak irudikatzen dituen forma geometrikoa. Artistak geografia- eta kosmologia-liburuetatik ateratako sinbolo hori bere egin eta artearen historiarekin elkarrizketan jartzen ditu kosmosa eta misterioa irudikatzen dituzten konposizio grafiko berriak sortzeko.
Leire Lacunza Mirandak (Donostia, 1996) ere Mistoen eraikineko bi solairuetan jarri du ikusgai bere lana: perlez eta argiez gozatzeko aukera eskaintzen die bisitariei, Ziudadelako barrutiko hormetan aurkitutako maitasun-mezuak erakusketa-aretora eramanez. Grafiti horiek Maitasuna Garra Maitatu Armatu izenburuaren arabera daude taldekatuta, eta antzinako gotorleku militarrean gertatzen diren topaketen arrastoak dira. Ezagutzera ematen dute espazio publikoak, zokoetan eta ordu jakin batzuetan –behin ilundu eta gero–, askatasun-leku bat eskaintzen duela maitasuna azaleratu dadin. Artistak garrantzia ematen dio testu-praktika iragankor eta enkriptatu horri, gorputza eta kolorea emanez, eta hiriaren maitasun-poema bat idatziz.
Azkenik, Rosa Tharratsen (Bartzelona, 1983) Gau zuriak ere Mistoen eraikinean dago ikusgai: hiru eskultura zintzilikari dira, eta ilunantzetik azaleratzen dira, pabiloiko argi elektrikoa xurgatzen duen presentzia organiko baten bidez. Grabitatearen ondorioz, lurreraino hedatu eta arinki kulunkatzen dira, izaki hibrido eta, aldi berean, aterpe gisa, eta ikuslea galdegin eta bildu egiten dute. Eskulturak osatzen dituzten ehunak artista osatzen ari den artxibokoak dira, egilea adi baitago beti oihal bakoitzaren historia eta materia bakoitzaren esanahia ezagutzeko. Artistaren instalazioetan, horiek lotu eta eraldatzen ditu. Forma ematen dien kobrea elementu eroale gisa erabiltzen du, baita indartzaile gisa ere.
6. kasernari dagokionez, Lois Patiño galiziarrak (Vigo, 1983) Izar-ereilea film ertaina proposatzen du: 2022an sortu zuen, eta Xabier Erkiziak egin zuen soinu-diseinua, Yumiko Teramoto eta Tetsuro Maredaren ahotsez lagunduta. Tokio gauez eta hiri horretan dir-dir egiten duten argiak; horixe da Lois Patiñok aukeratutako agertokia: etengabeko mugimendua erakusten duen megalopoli japoniarraren oihal ilun horretan, filmak gorputzik gabeko ahotsen arteko elkarrizketa bat azaleratzen du. Ahots horiek koan –zen budismoaren irakaspen mistikoak– delakoetan inspiratzen dira, eta erreala, espektrala eta onirikoa den horren artean kokatzen den hiri-linbo batean daude.
Ziudadelako erakusketaren osagarri gisa, gaur arratsaldean, 19:00etan, topaketa bat antolatu da Mistoen eraikinean: Xabier Erkizia eta Rosa Tharrats artistek eta Alexandra Baurès komisarioak hartuko dute parte, eta sarrera librea izanen da. Eta urriaren 24an, ostiralarekin, bisita gidatu bat antolatu da Mistoen eraikineko erakusketara, Alexandra Baurès komisarioaren eskutik; sarrera librea izanen da.
Hiru film luze Iturramako Civivoxean
Mapamunditarrak 2025/Gau argituak proiektuko zinema-zikloak hiru film luze eskainiko ditu proposamena osatzeko (dokumental bat, animazio-film bat eta fikziozko bat), eta arreta gauekotasunean jarriko dute, ikusezinaren eremu gisa. Film luzeak 19:00etan proiektatuko dira urriaren 14an, 21ean eta 28an, asteartearekin, Iturramako Civivoxean; sarrera librea izanen da, baina aldez aurretik izena eman behar da https://www.pamplonaescultura.es/eu/ webgunean. Filmak jatorrizko bertsioan emanen dira gaztelaniazko azpitituluekin.
Zikloari hasiera emateko, Dominique Marchaisek 2023an sortutako La rivière (Ibaia) dokumentala emanen dute. Bilboko Institut Français institutuaren laguntzarekin antolatu da, eta frantsesezko jatorrizko bertsioan proiektatuko da, gaztelaniazko azpitituluekin. Zuzendariak Pirinioez bestaldean, mendialdearen eta Ozeano Atlantikoaren artean, jaio diren Gaves erreken biziraupenaren alde borroka egiten duten eta egunero ekosistema horiek babesten saiatzen diren pertsonen deskribapen korala egiten du.
Hauxe izanen da hurrengo hitzordua, urriaren 21ean (asteartea): Pierre Földes-en Saules aveugles, femme endormie (Sahats itsua, lo dagoen emakumea). Animaziozko film hori ere Bilboko Institut Français institutuaren laguntzarekin proiektatuko da: 2022ko filma jatorrizko bertsioan emanen dute, gaztelaniazko azpitituluekin. Pierre Földes zinemagile eta pintoreak Haruki Murakami idazle japoniarraren sei kontaketa labur egokitu eta korapilatzen ditu, Japonia ekialdeko lurrikara handia ardatz hartuta. Alderdi katastrofikoaz haratago, lurrikara bera da abiarazlea Kyōko, Katagiri eta Komura pertsonaiek bide berri bati ekin diezaioten.
Azkenik, urriaren 28an, asteartearekin, Lois Patiñoren Lúa Vermella (Ilargi gorria) 2020ko film espainiarra proiektatuko da. Halaber, zuzendari galiziarrak filmaren proiekziora joanen diren ikus-entzuleekin solas eginen du. Filmaren agertokia Galiziako kostako herri bat da, eta bertan herritarrak geldi daude, itsasoan galdu den marinel baten berrien zain. Zinemagileak galiziar mitologiako mamuak eta meigak sartzen ditu kontaketan: izaki fantastiko horiek izaki bizidunen bizikide dira, oraindik ere amaitu ez den dolu-prozesu batean, gizonaren gorpua ozeanoan desagertu baita. Filma galizierako jatorrizko bertsioan proiektatuko da, gaztelaniazko azpitituluekin.
MAPAMUNDITARRAK. ARGIZ BETERIKO GAUAK
Irailaren 26tik azaroaren 16ra bitarte; bi gune eta 5 artista daude guztira:
o Mistoen eraikina (bi solairuetan) Xabier Erkizia. Non dire (niente) (Ez esan [ezer]) Regina Gimenez. Distiratsuak eta zurbilak, erraldoiak eta nanoak Leire Lacunza Miranda. Maitasuna Garra Maitatu Armatu Rosa Tharrats. Gau txuriak
o 6. kaserna: Lois Patiño. Izar-ereilea
Ziudadelako jarduera osagarriak:
o Irailak 26, 19:00etan: Topaketa, Mistoen eraikinean, Xabier Erkizia, Regina Gimenez, Leire Lacunza Miranda, Lois Patiño eta Rosa Tharrats artistekin eta Alexandra Baurès komisarioarekin. Sarrera librea
o Urriak 24, 19:00etan: Bisita gidatua Mistoen eraikinera, Alexandra Baurès komisarioaren eskutik. Sarrera librea
Iturramako Civivoxeko zinema-zikloa (sarrera librea aurrez izena emanda https://www.pamplonaescultura.es/eu/ webgunean):
o Urriak 14, 19:00etan: La rivière (Ibaia). Dominique Marchais-en dokumentalaren proiekzioa.
o Urriak 21, 19:00etan: Saules aveugles, femme endormie (Sahats itsua, lo dagoen emakumea). Pierre Földes-en animazio-filmaren proiekzioa.
o Urriak 28, 19:00etan: Lúa Vermella (Ilargi gorria). Lois Patiñoren filmaren proiekzioa eta solasaldia zuzendariarekin.