Bost arratsalde abesteko, dantzatzeko, eskulanak egiteko eta genero-identitateari buruz hitz egiteko

Bost arratsalde abesteko, dantzatzeko, eskulanak egiteko eta genero-identitateari buruz hitz egiteko
Gaztediaren Etxeak abuztuan 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako ‘Hamaika plan’ doako programazioarekin aurrera jarraituko du
Irudia
Irudia
Irudia

Gaztediaren Etxea aurrera doa ‘Hamaika plan’ egiteko eskaintzarekin, 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako udako arratsaldetarako aisialdi proposamena, doan. Datorren astean abesteko, dantzatzeko, eskulanak egiteko eta dibertsitate afektibo eta sexualeko lantegi batera bertaratzeko aukera izanen da. Proposamenak astelehenetik ostiralera (lanegunak) eginen dira, beti 19:00etatik 20:30era bitarte. Parte hartzeko interesa dutenek saioa hasi aurretik eman beharko dute izena eta jarduera bakoitzean izena emateko epea aurreko egunean irekiko da. Gaur arratsalderako urratuetarako arrosa-krema egiteko lantegi bat aurreikusita dago, José Antonio Vidaurre sendabelarretako, kosmetika naturaleko eta masajeko irakasleak emana.

Astea gogor hasiko da, ‘Ekiozu kantuari’ jarduerarekin, abuztuaren 8an. Julia Martínez abeslari eta kantu irakasleak parte-hartzaileen gaitasunak eta ezaugarriak esploratuko ditu ahots-teknikako eta adierazkortasuneko gaitasunak garatzen lagunduz. Jarduera hori mundu horretan hutsetik abiatzen direnei zuzenduta dago, horregatik, ahotsak musika tresna gisa dituen oinarrizko alderdiak landuko dira; musikaren munduan ahotsa haize-instrumentutzat hartzen da, pertsona baten ahots-tolesduren bidez sortzen baita.

Abuztuaren 9ko (asteartea) proposamena Keneu Ausserladscheiderrek zuzendutako Afrodance masterclass bat da. Ikasketa metodoak errespetua du oinarri eta irakatsiko diren dantza afrikar bakoitzaren historia eta kultura eta eratzen duten mugimenduak ditu ardatz. Hainbat estilo jorratuko dira, hala nola, ‘Coupé Décalé’, ‘Kuduro’, ‘Ndombolo’, ‘Afro House’, bai eta ‘Afro fusioa’ ere, non hainbat estilo uztartuko baitira.

Ordubete lehenago, Gaztediaren Etxeko animazio proposamenen barruan, ‘Ez dizut sinisten’ jokora jolasteko, ‘Paperezko hegazkinen’ papiroflexia sormen-lantegia egiteko eta ‘Unoren’ kartekin ahalik eta lasterren kartarik gabe gelditzeko lehiatzeko aukera izanen da.

Aste erditik aurrera
Hurrengo egunean, abuztuaren 10ean, asteazkenarekin, Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Psikologikoak Aniztasun afektibo eta sexualari buruzko lantegi bat eskainiko du, sexu-identitateaz eta generoaz hitz egiteko, identitateari, orientazioari, genitaltasunari eta adierazteko moduari buruz dauden adierazpen eta bizipenen konplexutasuna islatzen duten funtsezko kontzeptu batzuei buruzko ibilbide bat eginez. Saioa Idoia Ángel Aholkularitzako arduradunak gidatuko du, eta eraikineko erakusketa aretoan eginen da.

Aste berean, abuztuaren 11n, ostegunarekin, bigarren dantza saioa eginen da: Dantza garaikidea. Estilo klasikoekiko erreakzio gisa sortu zen gorputz-adierazpen mota. Ikasgelan parte-hartzaileek, gorputzaren mugimenduen bidez, ideia bat, sentimendu bat, emozio bat adieraztea bilatuko da. XX. eta XXI. mendeetako estilo horretan inprobisazioa eta malgutasuna nabarmentzen dira, balletaren izaera zorrotzetik aldenduta. Lantegia Andrea Loyola dantzari eta koreografoak emanen du, zeinak eskarmentu handia baitu esparru horretan. 

Eta asteari buru emateko abuztuaren 12an, ostiralarekin, DIY Klubaren barruan, Kristalezko objektuen apainketa lantegia eginen da. Jarduera horretan kristalezko poteak eta botilak berrerabiliko dira eta horiekin diseinuak sortuko dituzte bigarren bizitza bat eman ahal izateko, hau da, parte hartzen dutenek pitxer bat edo beren irudimenak iradokitzen diena modu ekologikoan diseinatzeko aukera izanen dute. Argia, kolorea eta perspektiba erabiliko dira, beiraz hitz egitean magia gogora ekartzen duten hiru elementuak. Saioa Garazi Valluercak emanen du: Gaztediaren Etxeko irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean Artean graduduna eta esparru horretan eskarmentu handia duena.

Gaztediaren Etxean daudenendako edo hurbildu nahi dutenendako, arratsaldea 18:30ean amaituko da Kafetegian karaoke saio batekin.


HAMAIKA PLAN + ANIMAZIO-JARDUERAK

Abuztuak 8, astelehena
o ‘Ekiozu kantuari’. Julia Martínez, abeslaria eta kantu-irakaslea

Abuztuak 9, asteartea
o Afrodance masterclassa 

Abuztuak 10, asteazkena 
o Lantegia: Aniztasun afektibo eta sexuala Idoia Ángel, Gaztediaren Etxeko Aholkularitza psikologikoko arduraduna

Abuztuak 11, osteguna
o Dantza garaikidea. Andrea Loyola, dantzaria eta koreografoa

• Abuztuak 12, ostirala
o Kristalezko objektuen apainketa lantegia Garazi Valluerca, Gaztediaren Etxeko irakaslea, Artean graduduna Euskal Herriko Unibertsitatean eta esparru horretan eskarmentu handia duena.
o Karaokea (18:30ean)
 

¿Te ha sido útil esta página?