Datorren ostegunean, Ingurumen Hezkuntzako Museoa bizikleten lantegi bilakatuko da beste behin ere, eta interesa duen edonor joaten ahalko da. Hilero bezala, Iruñeko Udalak Bizitxokoa – Konpondu zure bizikleta doako lantegia antolatu du berriro, konponketa txikiak egiten eta bizikleta zaintzen ikasteko. 18:00etatik 20:00etara izanen da.
Duela sei urte baino gehiago hasi ziren lantegia egiten, 2018an, eta helburua da bizikletek izan ohi dituzten matxura txikien konponketen inguruko ezagutzak trukatu eta bizikleta puntuan jarriz gozatzea, eta bitartean ingurukoei laguntzea. Izan ere, ondo jarri nahi den bizikletarekin ikasten da konponketak egiten. Zerbaiten gainean edo lantegiaren erdian jartzen dute bizikleta, eta modu didaktikoan egiten dituzte konponketak; hala, berriz arazo bera izanez gero zer egin behar den ikasten da.
Juanjo Iriarte bizikletak konpontzen aditua erreferentea da oraindik ere lantegian. Bera arduratzen da lantegira joaten direnei lagundu eta aholku emateaz. Lantegian parte hartu nahi dutenei gauza bakarra eskatzen zaie: beren bizikleta eraman dezatela, konpondu edo puntuan jartzeko. Ez dago zertan tresnarik eraman beharrik, lantegian bertan behar den guztia baitute konponketa mekaniko txikiak egiteko, eta normalean halako konponketak behar izaten dituzte bizikletekin lantegira joaten direnek.
Iruñeko Udalak ingurumen-hezkuntzaren arloan antolatzen dituen jardueretako bat da Bizitxokoa. Bestalde, maiatzaren 20tik (asteartea) 23ra (ostirala) dirurik gabeko truke-azoka txikia eginen dute beste behin: erosketen alternatiba izatea da helburua, eta berrerabilpena sustatzea. Arropa, oinetakoak, apaingarriak, liburuak, jostailuak... gauza asko trukatzen ahal dira. Gehienez ere sei objektu hartu daitezke antzeko balioa duten beste objektu batzuen truke.