Bizitxoko bizikletak konpontzen ikasteko lantegia auzoetara hedatu da: saio ibiltari bat eginen da Civivox sarean hilabetean behin

Bizitxoko bizikletak konpontzen ikasteko lantegia auzoetara hedatu da: saio ibiltari bat eginen da Civivox sarean hilabetean behin
Sanduzelain, Mendillorrin, Iturraman, Kondestablen eta Arrosadian eginen da lantegia urtarriletik maiatzera bitarte, ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta sarrera librea izanen da
Fitxategi
Bizitxoko

 

Bizitxoko bizikletak prest jartzeko programak beste formatu bat izanen du aurten Civivox sarean. Arrotxapeko Ingurumen Hezkuntzako Museoan hilero egiten diren saioez gain, lantegia ibiltari bihurtzen duten beste hainbat saio eginen dira Sanduzelaiko, Mendillorriko, Iturramako, Kondestable eta Arrosadiko Civivoxetan, urtarriletik maiatzera bitarte. Saioak ostegunetan eginen dira, 18:00etatik 20:00etara bitarte, eta sarrera doan izanen da.

Bizikletak konpontzeko ekimena herritar guztiei zuzenduta dago, eta sarrera librea da; 14 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta bertaratu beharko dute. Bizikletak lankidetzan konpontzen ikasteko gune bat da, Juanjo Iriarte adituaren laguntzaz eta behar diren tresna guztiak erabilgarri. Herritarrek beren bizikletak eramaten ahal dituzte prest jarri edo konpontzeko, eta gainera, profesional baten azalpenei esker ikasten ahal dute, gainontzeko erabiltzaileen bizikleten konponketak ikusita. 

Formula hori zortzi urtez egon da martxan Arrotxapeko Ingurumen Hezkuntzako Museoan, baina 2026an Iruñeko beste auzoetako civivoxetara hedatu da. Bizitxokoa ibiltaria izanen da eta hilean bi hitzordu izanen ditu: bat Ingurumen Hezkuntzako Museoan eta bestea civivoxetan txandakatuz. Gainera, tresnen eta saioak gidatzen dituen teknikariaren joan-etorriak Bizitxokoren filosofiari jarraikiz eginen dira, emisiorik eta zaratarik gabe eta hiriaren osasuna zainduz. Horretarako, bizikletari atoi bat lotu zaio eta tresna guztiak zein teknikaria bizikletaz ibiliko dira hirian barna.

Urte hauetan ia mila lagunek izan dute aukera beren bizikletak prest jartzeko. Juanjo Iriartek gidatzen du Bizitxoko, eta hilero partekatzen ditu ezagutzak eta matxura bakoitza konpontzen erakusteko duen gaitasuna. Bizitxokoz gain, Juanjo Iriartek urteetako eskarmentua du Emauseko trapuketariek eta Iruñerriko Mankomunitateak kudeatzen duten Arréglatelas – Hemen Konpon proiektuaren instalazioetan era guztietako konponketak egiten: erreferentziazko beste gune bat da hondatutako objektu bat konpondu edo eraldatu nahi duenarentzat, batez ere zurgintza eta tapizgintzako eta elektrizitate eta mekanikako arloetan.

Bizitxokon bizikletaren matxura eta doikuntza errazak egiten ahal dira, era askotarikoak, zulaketa batetik hasi eta konponketa konplexuagoetara arte. Herritarrak 18:00etatik 20:00etara bertaratzen ahal dira, aldez aurretik izena eman gabe eta edozein unetan, bi orduak bertan igaro beharrik gabe, baina aurretik konponketaren bat egiteke balego, bakoitzak bere txanda  itxaron beharko du.

Bizitxoko egitasmoaren hedapena Udalak Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiaren (ETE-KAE 2030) barruan egindako ahaleginen parte da. Kontuan hartu behar da Iruñeko energia-kontsumoaren erdia baino gehiago hirian barnako garraioan eta mugikortasunean erabiltzen dela. Hori gutxi balitz, berotegi-efektuko gasen emisioen erdia baino gehiago ibilgailuek isurtzen dituzte. Udalak egiten duen ahaleginaren atal bat da Bizitxoko, mugikortasun eredu osasuntsu, eraginkor eta jasangarri bat ezartze aldera (ETE-KAE 2030eko 3. helburu estrategikoa), klima-krisia arinduz eta ekonomia zirkularrerantz eta klima-kultura herritarrerantz aurrerapausoak eginez. Horrekin guztiarekin, halaber, tenperatura igotzeak  pertsonen osasunean duen eragina murriztuko da, garraio motordunari lotutako kutsadura gutxitzeari esker.


BIZITXOKO. KONPONDU ZURE BIZIKLETA OSTEGUNETAN: 18:00 – 20:00

  • Ingurumen Hezkuntzako Museoa

    • Urtarrilak 15, otsailak 12, martxoak 12, apirilak 16 eta maiatzak 14 (ostegunak)

  • Civivox sarea

    • Sanduzelaiko Civivoxa: urtarrilak 29

    • Mendillorriko Civivoxa: otsailak 26

    • Iturramako Civivoxa: martxoak 26

    • Kondestable Civivoxa: apirilak 30

    • Arrosadiko Civivoxa: maiatzak 28

¿Te ha sido útil esta página?