‘Talde ADORETSUA’ adierazgarria dute, baina herritarrek ‘jasangarritasun-talde’ deitzen diete. Bederatzi udaltzainek bizikletaz patruilatzen dute egunero, herritarrengandik hurbilago dagoen zerbitzu hori eskaini eta autoz edo motoz iritsi ezin diren tokietara sartu ahal izateko: besteak beste, plazetara, oinezkoendako eremuetara, ibai-pasealekuetara, baita Iruñeko auzoetako eraikin, parke eta lorategietako gune estuetara ere. Gaur, ekainak 24, urte bat bete da Iruñeko Udaltzaingoaren jasangarritasun-taldea abian jarri zenetik: guztira 1.345 esku-hartze egin dituzte denbora horretan.
Herritarren kexei arreta ematea da Udaltzaingoaren jasangarritasun-taldearen eginkizun nagusietako bat, eta kexa horietako asko 010 (948 420100) herritarren arretarako telefonoaren bidez helarazten zaizkie udaltzainei. Orain arte herritarren eskaera guztiei erantzun diete, eta hauek izan dira gehien salatu diren arazoak: zirkulazioarekin lotutakoak, gehienak bizikletak edo patinete elektrikoak espaloietan ibiltzeagatik; bide publikoko seinale eta kalteekin lotutakoak; Gizabidezko Ordenantzarekin lotutakoak, zaborra eta isuriak kasurako, baita Animaliei buruzko Ordenantzarekin lotutakoak ere, hala nola lotu gabeko zakurrak, zakurren gorotzak eta zakurrendako eremuen mantentze-lanak.
Aurten zerbitzuak bilakaera nabaria izan du eduki eta baliabideei dagokienez: bizikletak eta patinete elektrikoak kontrolpean izan dituzte, mota guztietako esku-hartzeak egin dituzte, eta irailean lau bizikleta elektriko jartzeari esker, hiri guztian barna egin dute lan. Horretan aritzen diren udaltzainek azpimarratu dute herritarrek begi onez ikusten dutela poliziek bizikletaz egiten duten lana.
Bizikletak eta patinete elektrikoak
Lehenengo hilabeteetan argibideak ematen aritu zen taldea, batez ere bizikleten, patinete elektrikoen eta zakurren jabeei, herritarrek horiekin izan baitzituzten gorabehera gehien. Argibideak emateko aldia bukatu eta gero, indarrean dagoen araudiaren aurkako jokabideak behatzen eta zehatzen hasi zen. Horretarako, egunero kontrolak egiten dituzte istripuak gertatu diren lekuetan, baita herritarren kexa, gorabehera eta arau-hauste gehien izan diren tokietan ere.
Urtebete igaro da martxan jarri zenetik, eta 551 kontrol egin dituzte guztira; kontrol horietan salaketa hauek jarri dituzte: 125 salaketa bizikletak eta patineteak modu desegokian gidatzeagatik; 98 salaketa zirkulazioarekin lotutako kontuengatik, eta beste 137, zakurrak lotu gabe eramateagatik eta zakurren gorozkiengatik.
Gainera, jasangarritasun-taldeak egunero aztertzen ditu hiriko bidegorriak, eta txostenak idazten ditu bidegorrietan mantentze-lanak eta hobekuntzak egiteko, baita bidegorrietara sartzeko bideak hobetzeko ere, hirian barna bizikleta eta patineteen erabileraren kalitatea hobetu eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko aldaketak proposatuta. Lehen urtean 97 txosten egin ditu taldeak.
Horiek horrela, jasangarritasun-taldea hainbat ikastetxek Polo Parkean egiten dituzten bisitetan aritu da laguntzaile gisa, belaunaldi berriek bizikletan segurtasunez mugitzen jakin dezaten, betiere bideko beste erabiltzaileak errespetatuta.
Halaber, zirkulazioarekin lotutako esku-hartze ugari egin dituzte: bide publikoari, zehapenei eta aparkalekuei buruzko txostenak ontzea, urbanizazio berriko guneetan argibideak jartzea eta bide publikoa hobe aprobetxatzeko neurriak abian jartzea. Halaber, bizikletak kendu dituzte aparkatzea debekatuta dagoen lekuetatik, hala nola bankuetatik, zuhaitzetatik eta barandetatik.
Gainera, etengabe ari dira bizikletendako aparkalekuak gainbegiratzen: utzikeriak jota daudenak kentzen dituzte, aparkaleku horiek tokia kentzen baitiete egunerokoan bizikleta uzteko lekua behar dutenei. Guztira 226 bizikleta kendu dituzte, bizikleta horien zati solteak barne.
Egoera txarrean egoteagatik kendu zituzten 44 bizikleta Udalaren ‘Birzikletatu’ proiektuak birziklatu ditu, jabeek bizikleta horiek erreklamatzeko epea igaro ondoren. Horrez gain, jasangarritasun-taldeko kide baten ekimenez eta Herritarren Segurtasuneko zinegotziaren eta Iruñeko Udaltzainburuaren laguntzarekin, bizikletak Valentzian tanta hotzaren kalteak jasan dituztenendako izanen dira. Jasangarritasun-taldeko ordezkariak Biziskola enpresarekin harremanetan jarri ziren bizikletak Valentzia aldera garraiatzeko, eta ibilgailuetan kargatzen lagundu zuten.
Natura zaintzea
Jasangarritasun-taldearen beste lan-esparruetako bat natura zaintzearekin dago lotuta. Taldeko kideetako bat aditua da gai horretan, eta hori lagungarria izan da Iruñeko fauna eta flora ugaria kontrolatze aldera. Naturarekin lotutako lan hauek egin dituzte: erlekumeei buruzko deiei arreta ematea eta haietako batzuk kentzea, liztor-habien kudeaketa, Nafarroako Gobernuko Basozainei animalia basatiei aurre egiteko laguntza ematea eta espezie inbaditzaileen presentziari, ibaiko isuriei, erortzeko arriskuan dauden zuhaitzei eta abarri buruzko txostenak ontzea. Guztira naturarekin lotutako 19 gorabeherari eman diete arreta, eta bakoitzari buruzko txosten bat ondu dute.
Polizien jarduna
Jasangarritasun-taldearen metodologia helburuen arabera eta gainerako zerbitzutik kanpo egituratzen den arren, Udaltzainei laguntza ematen diete egunerokoan. Hala, lehen urte honetan 9 lagun atxilotu dituzte ebasketengatik, kalteengatik, familia-eremuko indarkeriagatik eta bestelako delitu batzuengatik; gainera, zigor-arloko 32 auzigairi eta 23 auto-istripuri eman diete arreta. Halaber, 12 salaketa jarri dira Herritarren Segurtasunari buruzko Lege Organikoarekin lotutako arau-hausteengatik; beste 5 Gizalegeari buruzko Udal Ordenantzarekin lotutako arau-hausteengatik, eta beste 9 arauz kontrako terrazak izateagatik; horrez gain, babesa eman dute bide publikoko kirol-ekitaldiak, manifestazioak eta beste ekitaldi batzuk kontrolatzeko. Sanferminetan jasangarritasun-taldeak lan hauek egin zituen: Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsa laguntzea; babesa ematea agintariak zezen-plazara sartzeko orduan, eta zezensuzkoaren, entzierriloaren eta su artifizialen trafikoaren kudeaketan laguntza ematea.