Civivox sareak bizikletaz egiteko lau ibilbide antolatu ditu ekaina osorako. Larunbatetan eginen dituzte, eta eskulturan erreferentziazkoak diren lau artistaren lanaz gozatzen ahalko da: Rafael Huerta, Jorge Oteiza, Fructuoso Orduna eta Faustino Aizkorbe dira eskultore horiek. 11:00etatik 13:00etara izanen dira, doan, eta Aduanako zokotik abiatuko dira; 18 urtetik gorakoendako dira. Irteera bakoitzean 15 lagunendako tokia egonen da, eta, beraz, aurrez izena eman beharra dago.
Bizikleta-ibilaldiak Iruñeko hiri-artea eta ondarea ezagutzeko. Erreferentziazko eskulturak gure kaleetan jarri diete izena ibilbideei, eta parte hartu nahi dutenek beren bizikleta eraman beharko dute, edo Iruñeko Udalaren bizikleta elektriko bat alokatu, baina alokairua ez da sartzen ibilbidearen prezioan. Irteera bakoitzean zenbait geldialdi eginen dituzte artisten obrak ikusteko, eta Ricardo Laspidea diziplina anitzeko sortzaileak azalpenak emanen ditu.
Lehen ibilaldia datorren larunbatean izanen da, hilaren 7an. Rafael Huerta artista bilbotarra izanen da protagonista, eta hark sortutako lau lan ikusiko dituzte: José Joaquín Arazuriren monumentua, Arazuri Doktorearen pasealekuan; Entzierroaren monumentua, Orreaga etorbidean; Nicasio Landaren monumentua, Nafarroako Unibertsitateko Ospitalearen lorategietan, eta Alderantzizko errebotea, Arostegui etorbidean.
Hurrengoa hilaren 14an izanen da, larunbatez hori ere, eta Jorge Oteizaren lana sakonago aztertuko dute: Odiseo izeneko gudari baten erretratua, Ziudadelan; Unitate hirukoitz eta arina, Karlos III.aren etorbideak eta Ahumada Dukearen kaleak bat egiten duten lekuan; Korearra, Askatasun plazan, eta Javier Sáenz de Oizari omenaldia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Campusean (NUP).
Hirugarren ibilbidean Fructuoso Orduna eskultore erronkariarra izanen da protagonista, ekainaren 21ean, larunbatarekin. Julián Gayarreren monumentua ikusiko dute, Taconera parkean; Nafarroako Foru Aldundiko frontoia ere bai, Karlos III.aren etorbidean; Juan Huarte de San Juani omenaldia obraz arituko dira Media Luna parkean, eta Ahumadako Dukearen eskulturaz Galizia etorbidean.
Ekainaren 28an izanen da azken ibilaldia, larunbatarekin hori ere, eta Faustino Aizkorbe eskultore nafarraren obraz gozatuko dute. Irabazi eskultura ikusiko dute lehenik, covid-19aren biktimei eginiko omenaldia, Media Luna parkean; Izenbururik gabe eta Artikulazio flotatzailea ikusiko dituzte Gaztelugibelen; Elkarren osagarri Barañaingo etorbidean, eta San Frantzisko Xabierkoaren monumentua Yamaguchi parkean.
‘BIZIKLETA-IBILALDIAK IRUÑEKO HIRI-ARTEA ETA ONDAREA EZAGUTZEKO. ERREFERENTZIAZKO ESKULTURAK GURE KALEETAN’
• Topalekua: Aduanako zokoa. 11:00etatik 13:00etara.
• Izen-ematea doan da, eta Civivox sarean egin behar da. 15 leku ibilaldi bakoitzeko.
• Lau ibilaldi:
o Ekainak 7, larunbata: Rafael Huerta.
o Ekainak 14, larunbata: Jorge Oteiza.
o Ekainak 21, larunbata: Fructuoso Orduna.
o Ekainak 28, larunbata: Faustino Aizkorbe