Bizikletak aparkatzeko 6 lekuak, BiziZ sare publikokoak, irekiko dituzte Mugikortasun Astean, herritarrek ezagut ditzaten

Bizikletak aparkatzeko 6 lekuak, BiziZ sare publikokoak, irekiko dituzte Mugikortasun Astean, herritarrek ezagut ditzaten
Gaur eta bihar Txantreako aparkalekua irekiko da, auzotarrei 30 toki esleitzeko prozeduraren irekierarekin batera

‘BiziZ’ bizikletendako aparkalekuen Iruñeko sare publikoak ate irekien jardunaldiak eginen ditu, 2020ko Mugikortasunaren Astearekin bat. Egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, instalazio horietako bat irekita egonen da nahi duen orok barnea ikus dezan eta nola funtzionatzen duen jakin dezan. Ostegun eta ostiralean Txantreako Arriudiñeta plazako bizikletendako aparkalekuaren txanda izanen da, bertan bizilagunei zuzendutako hogeita hamar plazen esleipena egiteko prozedura irekitzearekin batera.

Jardunaldi hauen xedea da bizikletak apartzeko bide publikoan dauden txandakako aparkalekuak ezagutzera ematea; aparkaleku babestuak, seguruak eta bideoaz zainduak dira, eta hilean 2 euro ordainduta utz daitezke bizikletak, gehienez 48 orduko egonaldietarako. Ostegunean, Txantreako aparkalekuaz gain, Iturramakoak ere eginen du ate irekien jardunaldia, auzoko Civivoxaren ondoan. Larunbatean zezen-plazaren ondokoaren txanda izanen da, eta datorren asteko astelehen eta asteartean Mendebaldea auzokoak irekiko ditu ateak, Nafarroako Liburutegi Orokorraren ondoan dagoenak. Asteartean, hilaren 22an, jardunaldiak itxiko ditu ospitalegunean dagoen bizikletendako aparkalekuak.

Bizilagunendako plazak esleitzea Txantreako aparkalekuan

Aparkalekuen funtzionamendua azaltzeaz gain, Txantrean ostegun eta ostiralean eginen diren ate irekien jardunaldietan eskatzen duten guztiei banatuko zaie bizilagunei zuzenduko zaizkien 30 plazetako baten erabilera eskatzeko behar den dokumentazioa. Horietako bat erabiltzeko interesa dutenek urriaren 13a baino lehen eskatu beharko dute, instantzia elektroniko baten bitartez edo edozein udal erregistrotan. 

Esleipendun izateko aukera edukitzeko Txantrea auzoan erroldatuta egon beharko da. Eskabideetako bakoitza baremo baten arabera baloratuko da eta puntuazio bat emanen zaio kontuan hartuta eskatzailearen errenta-maila, etxetik aparkalekurako distantzia eta etxebizitzan oztopo arkitektonikorik duen. Baimenak esleipendunei aukera emanen die aparkalekuan zenbakia duen plaza bat erabiltzeko, eta ez dago baimenduta horren erabilera lagatzea edo horiek hirugarrenek erabiltzea. Esleipendunek urteko prezio publiko bat ordaindu beharko dute plaza erabiltzeagatik, 60 eta 30 euro bitartekoa, errenta-mailaren arabera.

Sei aparkaleku hirian bizikleta bidezko mugikortasuna hobetzeko

‘BiziZ’ sarea Iruñeko Udalaren zerbitzu publiko bat da, herritar guztiei irekia. Erabili ahal izateko app-aren edo webgunearen (www.pamplona.es/nbici/ www.pamplona.es/biziz) bidez sarean alta hartu behar da. Behin alta hartuta, erabiltzaileak aparkalekuetara sartzeko hiru modu izanen ditu. Lehenengoa, app-aren bidez gailu mugikorrean hautatutako aparkalekuko ‘atea’ botoiaren gainean klik eginez; webgunearen bidez eginez gero, erabiltzaileari zerbitzuan alta hartzean emanen zaion sarbide-kode pertsonala sakatu beharko da atearen teklatuan, eta hirugarren aukera aparkaleku bakoitzeko argibide-panelean agertzen den telefonora deitzea da eta, linea komunikatzen dagoela, atean dagoen kanpaiaren irudia sakatzea.
Aparkalekuek 9x5 metroko zilindro erdi baten itxura dute, aurrealdean eta alboetako beheko partean xafla metalikozko itxitura dute, eta zati trokelatuak dituzte, aireztapena errazteko. Estalkia eta alboetako goiko partea bandalismoaren kontrako polikarbonato gardenekoak dira, eta elementu guztiak lurrera ainguratuta daude segurtasunagatik. Horrez gain, bideozaintza-sistema dauka, erabiltzaileak lasai egon daitezen.

‘Biziz’ aparkalekuetara sartzeko ate lerragarri bat dago aurrealdean, erabiltzaileak desblokeatzen ahal duena. Barrualdean, argiztatuta eta ongi aireztatuta, 50 aparkaleku-plaza daude, eta bakoitzak euskarri bat du bizikletari giltzarrapoa jartzeko. Horrez gain, badira kargagune elektrikoa duten aparkaleku-plazak, 24 orduz erabilgarri daudenak –mugikortasun jasangarriko elementu horien erabilera errazte aldera–, baita gurpilendako puzgailua ere. 

Urte hasieran zerbitzu hau martxan jarri zenetik gaur egun arte 500 lagun inguruk hartu dute alta zerbitzuan, eta 3.000 bizikleta baino gehiago sartu dira aparkalekuetan.
 

¿Te ha sido útil esta página?