Bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzuaren urteko abonamendua erdi prezioan eskuratzen ahalko da azaroaren 24tik abenduaren 1era arte

Bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzuaren urteko abonamendua erdi prezioan eskuratzen ahalko da azaroaren 24tik abenduaren 1era arte
‘Green Friday’ kanpainak aste batez % 50eko deskontua proposatzen du urteko abonamenduan; 17,5 euroko prezioa izanen du, gaur egungo 35 euroen ordez

foto

Iruñeko Udalak 'Green Friday' kanpaina bultzatuko du, hirian mugikortasun jasangarria sustatzen jarraitzeko. Azaroaren 24tik abenduaren 1era bitarte, bizikletak elektrikoak alokatzeko udal zerbitzuko urteko abonamendua atera nahi duen edozeinek erdi prezioan egiten ahalko du. Astebetez, Iruñeko Udalak eta Ride On Pamplona SL enpresa adjudikaziodunak % 50eko deskontuak eskainiko dizkie interesa duten guztiei.

Deskontu hori aplikatzeko prozedura oso erraza da. Urteko abonamendu bat erostean, prezioaren erdia ordainduko da zuzenean, hau da, 17,5 euro, ohiko 35 euroren ordez. Azaroaren 24tik abenduaren 1era bitarteko aste horretan, urteko abonamenduak eskuratzen dituzten pertsona guztiek mekanismo horren bidez eginen dute. Horrela, partekatutako bizikleta elektrikoen zerbitzuko abonamendua egiteak dakartzan abantailetan parte hartuko dute, eta batez ere, ‘erabili eta ordaindu’ modalitatean harpidetuta egonez gero, % 70 baino gehiagoko murrizpena izanen dute bidaia bakoitzaren kostuan, eta ohiko erabiltzaileentzako deskontu eta sustapen esklusiboez gozatzeko aukera.

Alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzua 2022ko urtarrilean jarri zen martxan, eta ia bi urtean, milioi bat bidaia inguru egin dituzten 60.000 erabiltzaile izan ditu gutxi gora behera. Gaur egun, zerbitzuak 42 geltoki eta 400 bizikleta ditu, eta % 50 handituko da 20 geltoki eta 240 bizikleta gehiagorekin; horretarako, milioi bat euro baino gehiagoko inbertsioa eginen da, Europako Next Generation EU funtsen bidez finantzatuta, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (PRTR) barruan.

Bizikleta elektriko partekatuak alokatzeko zerbitzua Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Go Green estrategiaren barruan dago. Estrategia horrek klima-aldaketa eragiten duten emisioak mugatzera eta mugikortasun jasangarri eta osasungarria sustatzera bideratutako ekintza guztiak biltzen ditu.

 


 

¿Te ha sido útil esta página?