
Sanferminak igarota, Ride On bizikleta elektrikoen zerbitzua abian da berriz ere, erabiltzaileen fideltasuna saritzeko deskontuak ezarrita. Eguneroko joan-etorrietan bizikletaren erabilera saritu eta hiriaren jasangarritasunari bultzada emateko xedez, urteko abonamenduaren salneurria 40 eurotik 35 eurora jaitsi da. Gainera, ibilgailua askatzeko kostua 50 zentimotik 30 zentimora murriztu da.
Deskontu horiei beste batzuk gehitzen ahal zaizkie, enpresak zerbitzuaren erabiltzaile ohikoenak saritzeko urtean zehar eskaintzen dituen sustapenen bidez. Ildo beretik, Iruñeko Udalak tarifa berezia eskaintzen die 31 urtetik beherako gazteei (1993an edo handik aurrera jaiotakoei), urteko abonamenduan % 50eko deskontua eginda. Abonamendua 17;50 eurora murrizteko beherapen hori prest dago dagoeneko eta urte osoan eskainiko da. Horrela aurkeztu dute Aitor Silgado, Garapen Jasangarriko eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi bereziak, eta Alejandro Astibia, Proiektu eta Obretako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorreko zuzendariak.
Udal laguntza hori jasotzeko, hala eskatzen duten 31 urtetik beherako gazteei sustapen-kode bat emanen zaie. Urteko abonamendua erostean kode hori aplikazioan edo webgunean sartuko da eta deskontua automatikoki aplikatuko da, 17,50 euro kobratuta 35 euro kobratu beharrean. Sustapen-kodea erdiesteko NAN fisikoa aurkeztu behar da Ride on Pamplonaren erabiltzaileendako Arreta Bulegoan (Galiziako etorbidea, 1), 10:00etatik 14:00etara. Proba fisikoa ere aurkeztu behar da, gazteak erabiltzen duen telefono zenbaki hori NAN horri dagokiola frogatzeko.
Gainerako salneurriei dagokienez, noizbehinkako erabiltzaileenak bere horretan mantentzen dira, bizikleta askatzeko kostua izan ezik, 70 zentimotik 1,10era jaitsiko baita abuztuaren 7tik aurrera.
Urteko abonamenduaren salneurriaren aldaketa erosketa berriei aplikatzen ahalko zaie. Maiatzaren 8az geroztik urteko plana erosi dutenek diru-txartelera 5 euro itzultzea eskatzen ahalko dute, bidaietan gastatzeko. Maiatzaren 8a baino lehen indarrean dagoen abonamendua dutenak abonamendua berritutakoan baliatzen ahalko dira murriztapenaz. Informazio gehiago jasotzeko, web de Ride On webgunean kontsultatzen ahal da, 848 670 016 telefono-zenbakira deitu edo support@rideonpamplona.com helbide elektronikora idatzi.
Bizikleta elektrikoen zerbitzuak 54.000 erabiltzaile baino gehiago ditu erregistratuta, erabiltzaileek 815.585 bidaia egin dituzte eta ia bi milioi kilometro egin dituzte guztira. Zerbitzu honek GoGreen Iruña - Energia Trantsiziorako Estrategia eta Klima-Aldaketaren aurkako estrategiarekin bat egiten du, haren xedea isurketak murriztu eta energia-eraginkortasuna hobetzea delarik, Iruña hiri berdeagoa eta jasangarriagoa bihurtzeko. Alokatzeko bizikletek, ia 14 kilometro dituen bidegorriak eta 9 disuasio-aparkalekuetan eskaintzen diren 2.500 tokiek mugikortasuna jasangarri egiten laguntzen dute, eta hiri-erdigunean ibilgailu partikularraren erabilera murrizten. Hala, hirian paratutako bizikleta-neurgailuek mota guztietako bizikleten erabilera igo dela erregistratu dute, bizikleten zirkulazioaren bataz-bestekoa egunean 7.492 bizikletakoa izanik..
Etorkizunean zerbitzua hedatzea
Salneurri berriez gain, bizikleten zerbitzua indartu eginen da datorren urtean, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planari esker, Europak Next Generation funtsen bidezko finantzaketa eskaintzen baitu. Bizikletak alokatzeko zerbitzuak gaur egun 42 geltoki ditu hirian sakabanatuta. Kopuru hori 62 geltoki izan arte handituko da, erabilera errazteko. Era berean, erabilgarri egonen den bizikleta kopurua 400etik 640ra igoko da, 1.396.354,80 euroko inbertsioarekin, guztira. Jarduketa horiek 1.038.611,01 euroko dirulaguntza jaso dute Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Emisio baxuko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digital eta jasangarrirako udalerriei ematen zaizkien laguntzen programaren barruan.
BIZIKLETA ELEKTRIKOAK ALOKATZEKO ZERBITZUAREN INGURUKO BERRIKUNTZAK
31 URTETIK BEHERAKOENDAKO TARIFAK
Iruñeko Udalak 31 urtetik beherakoen abonamenduaren % 50 finantzatuko du (17,50 €)
- Abonamenduak Ride On zerbitzuaren bulegoan eskuratzen dira, NANa aurkeztuta
- Tokia: Galiziako etorbidea 1 Ordutegia: 10:00 - 14:00, astelehenetik ostiralera
- Argibide gehiago Ride On webgunea, 848 670 016 telefonoan eta support@rideonpamplona.com helbide elektronikoan
ABONAMENDUA DUTENENDAKO TARIFAK
Urteko abonamenduaren salneurria: 35 euro (40tik 35era jaitsi da)
Askatzeko tarifa: 0,30 euro (0,50etik 0,30era jaitsi da)
Gainontzeko salneurriek ez dute aldaketarik:
- Hileko abonamenduaren salneurria: 15 euro
- Tarifa 0tik 20 minutura: 0 euro
- Tarifa 21etik 30 minutura: 2,50 zentimo minutuko
- Tarifa 31tik 60 minutura: 3 zentimo minutuko
- 60 minututik gorako tarifa: 8 zentimo minutuko
NOIZBEHINKAKO ERABILTZAILEENDAKO TARIFA:
Askatzeko tarifa: 1,10 euro (0,70etik 1,10era igoko da)
Gainontzeko salneurriek ez dute aldaketarik:
- Tarifa 0tik 20 minutura: 0 euro
- Tarifa 21etik 30 minutura: 4 zentimo minutuko
- Tarifa 31tik 60 minutura: 6 zentimo minutuko
- 60 minututik gorako tarifa: 10 zentimo minutuko
2024an: 1.396.354,80 euroko inbertsioa, eta 1.038.611,01 euroko dirulaguntza
- Kargaguneak: 42tik 62ra igaroko dira
- Bizikleta flota: 400etik 640 alera gehituko dira
