Bivouac konpainiak amaiera emanen dio Harresietako jaialdiaren laugarren edizioari, Ziudadelan

Bivouac konpainiak amaiera emanen dio Harresietako jaialdiaren laugarren edizioari, Ziudadelan
Aireko dantzako eta musikako ikuskizuna harresiaren horma-atalean izanen da bihar, asteazkenean, 22:00etan

Bivouac konpainia frantsesaren eskutik emanen zaie buru abuztuan zehar Harresietako jaialdiaren IV. edizioaren barruan Ziudadelan izan diren ikuskizunei. Ikuskizuna doakoa da, eta bihar izanen da, asteazkenean, 22:00etan, guardia-gorputzetik gertu dagoen horma-atalean.

Perceptions sormen-lanaren barruan, bost zirku-artistak dantza-sorta amaigabea eginen dute airean, 360º-ko grabitazio-egitura baten gainetik, L’oculaire izenburuaz bataiatu duten ikuskizunean. Ikuskizunerako berariaz diseinatutako egiturak eta artisten mugimenduek gonbit egingo diete ikusleei iruditeria kuantikoaren barrenera bidaia dezaten, infinituki handia eta infinituki txikia nahasten diren tokira, non zeruko gorputzen errotazioa eta zintzilik dauden partikulak gogora etortzen baita.

Argi- eta musika-instalazio batek osatuko du ikuskizuna, pianoaren zuzeneko musika barne. Horrela, amaitutzat joko da Iruñeko Ziudadelaren parte-hartzea Harresietako jaialdiaren laugarren edizio honetan, zeina goitik beherako ekitaldi artistiko eta kulturala izan baita, hiriko zenbait gunetan banatu diren lau programatako hogeita hamar bat jarduerez osatua. Izan ere, Ziudadela ez ezik beste agertoki batzuk ere izan dira: Guadalupeko bastioian egin da Harresiak dantzan; Zaldi Zurian, Dantza zoroan ekimena; eta O-ko Andre Maria plazan badira oraindik zenbait jarduera, Iruña ilunabarrean programaren barruan. Hain zuzen ere, heldu den irailaren 6an emanen zaio buru Iruña ilunabarrean programari, eta orduan joko da erabat bukatutzat Harresietako jaialdiaren edizio hau.

Dantza, musika, antzerkia eta zirkua
Joan den abuztuaren 1etik aitzina, Iruñeko agertoki desberdinek askotariko ikuskizunak hartu dituzte, helburu bikoitzaz hartu ere: hiriko txoko harresidunak aintzatestea batetik, eta, bestetik, kultura garaikidea publiko orori hurbiltzea. Dantza bertikala, kontzertuak, akrobaziak, artea kalean, antzerkia, parkour-a, magia, ihes-joko bat eta, are, teknologia berriak eta energia berriztagarriak; horietarako guztietarako tokia izan da jaialdiaren edizio honetan, beste behin ere adin guztietako ikusleengan pentsaturik.  

Ziudadelan, O-ko Andre Maria plazan zein Zaldi Zurian egin diren jarduerak oro doan izan dira, eta bihar Bivouac konpainiaren eskutik eginen dena ere bai. Bestalde, Harresiak dantzan programaren barrukoak –hilaren 16an amaitu zirenak– 16 euroko prezioa zuten eguneko.

¿Te ha sido útil esta página?