Biurdana BHIko 60 ikaslek gaur goizean ‘Biodibertsitatea zuzenean’ ikasi dute Arga ibaian Iruñeko Udalaren eta Ornitolanen eskutik

Biurdana BHIko 60 ikaslek gaur goizean ‘Biodibertsitatea zuzenean’ ikasi dute Arga ibaian Iruñeko Udalaren eta Ornitolanen eskutik
Udal-mugarteko hiru ibaietan Floridako apoarmatu espezie inbaditzailearen kontrako tranpak paratzen ari dira, Pirinioz-gaindiko proiektu baten barruan
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Gaur goizean, Biurdana BHIko Bigarren Hezkuntzako hiru talde desberdinetako 60 ikasle Arga ibaiaren ibilgura gerturatu dira, Trinitariosko tartera, haientzat hezigarria eta denontzat onuragarria den jarduera bat egiteko. Gabriel Berastegi ingurumen biologoaren laguntzaz eta haien irakasleekin eta Iruñeko Udalaren Agenda 21eko teknikariekin batera, udal-mugartean datozen hilabeteetan paratuko diren apoarmatuendako lau tranpetatik bat berraztertzera joan dira. Izan ere, itxian bizitzeko erosten diren eta itxuraz kaltegarriak ez diren animaliak, batzutan ekosisteman aske bukatzen dute eta orduan hasten dira benetan arriskutsuak izaten.

Kasu honetan ikasleak ekainean bertan Cuatrovientosko zubitik ibaian behera Floridako apoarmatuak harrapatzeko xedez ezarritako plataforma bisitatzera joan dira, eta aurkitu dute, hain zuzen ere, atzo bertan bat harrapatu zuela. 90ko hamarkadan Espainiako dendetara Estatu Batuetatik iritsi zen ‘etxeko’ espezie horrek ingurunean espezie inbaditzaile gisa funtzionatzen du eta Nafarroako bi espezie autoktono arrisku larrian jartzen ditu: apoarmatu istilzalea eta korrontezalea, biak Babes Bereziko Araubidean dauden Basaespezieen katalogoan inskribatuak.

Tranpa horiekin harrapatzen diren espezie exotikoetako aleak Ilundaingo Basafauna Oneratzeko Zentrora eramanen dira haien kudeaketarako. Tranpetan erortzen diren espezie autoktonoen aleei neurri biometrikoak hartu eta argazkiak aterako zaizkie eta datu base bat eginen da, aleak ibaira bueltatzeaz gain. Urtero, informazio horrekin dagokion txostena eginen da.

Ikasleek gaur bizi izan duten jardunaldia ez da gertaera isolatu bat izanen, Iruñeko Udalak Ornitolanekin batera Arga, Sadar eta Elorz ibaiak hiritik igarotzen diren tartean apoarmatuak kontrolatzeko proiektu bat hasi baitu. Ekimen horrekin batera ikastetxeei zuzendutako ingurumen hezkuntza-proposamen bat egin da eta mota guztietako espezie inbaditzaileetara hedatzea da xedea. Proiektu hau, berez, handiagoa da, GABio (Gazte Actores pour la Biodiversité) Euroeskualdearen % 50eko finantzaketarekin egiten baita, eta entitate horrek onetsitako lehen ingurumen proiektua da. Nafarroak Pirinioz-gandiko bazkide gisa ditu Ornitolan Servicios Ambientales (Nafarroa), Kaizen Gestión (Euskadi) eta Les Petits DesBrouillards (Akitania Berria).

Biodibertsitatean heztea

Hezkuntza-proposamena proiektu honen funtsezko atal bat da, eta ikastetxe bakoitzeko ikasle parte hartzaileek eginen dituzten 10 lantegik osatzen dute. Hori horrela, ikasgelan egiten den lanak flora- eta fauna-espezie inbaditzaileek biodibertsitateari eragiten dioten kalteari buruzko gogoeta sustatzea du xede. Jarduera horien bidez, herritarrak kontzientziatzen jarraitu nahi da, inguruan kalte larriak eragiten dituzten eta planetako biodibertsitatea kaltetzen duten espezie exotikoak ez erosteaz eta ekosistemetan ez askatzeaz. Azken 50 urteetan, batez beste, animalia eta arrainen populazioen tamaina % 60 murriztu da, eta 7.000 animalia eta landare espezie inguru izan dira legez kanpoko merkataritzaren xede.

Proposamen hau irekia da eta oraingoz Biurdana BHIk eta San Frantzisko ikastetxe publikoak onartu dute; bigarren zentro horretako Lehen Hezkuntzako talde batzuk antzeko jardunaldi bat eginen dute datorren astean, eguraldiak aukera ematen badu.

Bertatik bertarako saioez gain, ikasgelan hainbat gai landuko dira, besteak beste, tranpak egitea, eztabaidatzea, muralak egitea eta proiektuaren emaitzak analizatzea. Ikastetxeetan, halaber, proposatuko da proiektua aurkeztea, kartelak egitea, artikulu zientifikoak elkarlanean idaztea eta jardunaldi bat egitea lanaren emaitzak ikastetxe osoan zabaltzeko.

¿Te ha sido útil esta página?