Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoak bizilagunen arteko lau gatazkatan esku hartu du, bai eta konpontzea lortu ere: beste bitan ari dira lanean orain

Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoak bizilagunen arteko lau gatazkatan esku hartu du, bai eta konpontzea lortu ere: beste bitan ari dira lanean orain
Iazko urrian jarri zuten martxan Iruñeko Udaltzaingoaren baliabide hori, halako gatazkak auzitara eraman ez daitezen

2024ko urrian martxan jarri zutenetik, Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoak bizilagunen arteko sei gatazkatan esku hartu du. Sei kasu horietatik laukonpontzea lortu dute, eta beste bitan lanean ari dira orain. Bizilagunen artean izan ohi diren arazoetan esku hartu eta alde guztiak ados jar daitezen saiatzeko sortu zuten udal-baliabide hori, hala gatazkari konponbidea emateko. Besteak beste, faktore hauek eragindako arazoak konpontzen saiatzen dira: bizikidetza, zarata, usaina, obrak, osasungarritasuna, etxeko animaliak eta espazio publikoaren erabilera. Herritarrek hala nahi badute egiten dituzte bitartekari-lanak, doan, eta helburua da halako gatazkak auzitara ez eramatea.

Polizia Komunitarioko sei agentek osatzen dute bitartekarien taldea, eta gaur-gaurkoz, esku hartu duten lau gatazkatan lortu dute tartean ziren aldeek adostasun formalak erdiestea. Txakurren zaunken eta beste mota batzuetako zaraten ondorioz sortu ziren gatazka horietako batzuk. Bizilagunen arteko elkarbizitza arazoekin lotutakoak ere izan dira, elkarren artean komunikazio gutxi edo txarra egon delako. Oraindik konpontzeko dauden gatazketako bati aterabidea bilatze aldera, beste saio bat eginen dute bi aldeak ados jartzea lortzen saiatzeko. Bestea konpontzeko prozesua gelditu egin dute, tartean direnetako batek buru-osasuneko arazoak dituelako, eta horren ondorioz, ez da posible bitartekaritza ohiko moduan egitea. Halaber, zenbait herritarrek bitartekaritza komunitarioaren zerbitzua eskatu dute, eta bulegoko kideek bi elkarrizketa egin dituzte haiekin; azkenean herritarrek hala nahi badute, prozedura abiatuko dute.

Hainbat bide daude bitartekaritza-zerbitzua eskuratzeko. Batetik, auzo bakoitzeko Komunitate Poliziako agenteekin hitz eginda eskatu daiteke Bitartekaritza Bulegoak esku hartu dezala. Patruilak egiten dituzte astero, eta horri esker, bizilagunen arteko arazoen berri jakin dezakete, eta, herritarrek hala nahi badute, Bitartekaritza Bulegora bideratzen dituzte. Bestetik, zuzenean ere eskatu daiteke zerbitzua, Udalean edo Udaltzaingoaren Burutzan eskabide bat aurkeztuta. Era berean, udal-alorrek ere badute aukera herritarrak arazoei aterabidea bilatzeko tresna horretara bideratzeko, beharrezkotzat jotzen badute. Lehenbizi aztertu egiten dute gatazka bakoitza, ikusteko bitartekaritzarako aukerarik ematen ote duen ala, kontrara, legearen bidetik konpondu behar den. 

Edonola ere, zerbitzua doan da, eta herritarren esku dago onartu edo ez. Hortaz, tartean direnek hala nahi badute baino ez dute esku hartzen bitartekariek, eta denek onartu behar dute proposatutako konponbidea. Izan ere, ez zaie aterabiderik proposatzen adostua ez bada. 

Beste eginkizun batzuk
Bitartekaritza-lanak egiteaz gain, Bitartekaritza Bulegoko kideak Bitartekaritzan eta Gatazken kudeaketan aditua den kanpoko aholkulari batekin elkartzen dira hilean behin. Bilera horietan, egindako esku-hartzeak izaten dituzte hizpide, bai eta proposatutako irtenbideak ere. Hala, zerbitzuaren kalitatea etengabe hobetzea lortu nahi da. 

Gainera, Nafarroako Gobernuko Kulturarteko bitartekaritza eta esku-hartze komunitarioko zerbitzuarekin ere elkartu dira, udalaren zerbitzua aurkeztu eta etorkizunera begira elkarlanerako oinarriak ezartzeko. 

Bitartekaritza Bulegoan arreta emanen duten langileak Komunitate Poliziako agenteak dira, unibertsitate-tituludunak edo Lanbide Heziketako goi-mailako tituludunak, eta gainera, bitartekaritzako berariazko prestakuntza jaso dute. Bi agentek hartzen dute gatazka bakoitzaren ardura, eta auziaren instruktore moduan aritzen dira. Behin informazio guztia jasota eta tartean diren alde guztiekin bildu ondoren, behar bezainbat saio hitzartzen dira gatazkan daudenei beren kabuz akordioak eta irtenbideak lortzen laguntzeko. 

¿Te ha sido útil esta página?