Bisita gidatuak, jolasak atari zabalean, kirola eta dastaketak, Iruñeak Aste Santu honetan hiriaren erakargarritasunak berraurkitzeko eskainiko dituen hamarnaka jardueren artean

Bisita gidatuak, jolasak atari zabalean, kirola eta dastaketak, Iruñeak Aste Santu honetan hiriaren erakargarritasunak berraurkitzeko eskainiko dituen hamarnaka jardueren artean
Erreserbak https://pamplona.es/eu/promocionesturismo webgunean edo Udaletxe plazako turismo bulegoan egin daitezke
visita guiada

 

Iruñeko Udalak eta Nafarroako hiriburuko Turismo Bulegoak, entitate publiko eta pribatuekin elkarlanean, askotariko jarduera-katalogoa prestatu dute Aste Santu honetarako, hainbat ikuspegitatik, hiriaren erakargarritasun nagusiak aisialditik berraurkitzeko aukera emanen duena. Horrela, adibidez, aukera izanen da historian barna bidaiatzeko, San Bartolome gotorlekuko interpretazio-zentroan harresiak nola aldatu diren ezagutzeko eta aplikazio birtual batek lagunduta kaleetan zehar ibiltzeko. Hiria beste ikuspegi batzuetatik ere berraurkitzen ahalko da, hala nola kayak batetik, gastronomia aberats eta askotarikotik eta Iruñean azken asteotan turistei ikus-entzunezko honen bidez aurkeztu zaizkien hainbat bisita gidatutatik.

Aste Santuaren inguruan eskainiko diren hamarnaka jardueren bidez Iruñeak hiriburua bisitatzen duten guztiei eta hiriko biztanleei ahalmen turistiko nagusiak ikusarazi nahi dizkie, hala nola Ziudadela, Katedrala eta hainbat tenplu. Eskaintza museo-proposamenek osatuko dute, Nafarroako Unibertsitateko Museoaren, Ultreia zentroaren, Oteiza Museoaren, San Bartolome gotorlekuaren eta Occidens erakusketaren bidez. Baina, gainera, hiriak ibilbide seinaleztatuak ere eskaintzen ditu, hala nola, Entzierroarena, Donejakue bidearena eta gotorlekuena, bai eta ardatz berde edo natura-ardatzak ere, besteak beste, Taconera edo Medialuna parke historikoak.

Bisita gidatuen jarduera guztia indartzeko, hiriak sasoiko jarduerak prestatu ditu egun horietan bisitari eta bizilagunendako. Aurreikuspenen arabera, apirilaren 15ean, 17an eta 23an eginen da ‘Iruña, bidean lehena’ ginkana, taldekako asmamen proba, non pistak deszifratu beharko diren esaldi ezkutura iristeko. Familiei zuzendutako doako proposamena da, eta Udaletxe plazatik hasita Frantziako Portalean, Katedralaren kanpoaldean, San Saturnino kalean, Done Jakue plazan eta Ultreia zentroan eginen da. Talde bakoitza 15 lagunekoa izanen da gehienez ere, eta jarduera 18:00etan hasi eta 90 minutuko iraupena izanen du.

Jolasak, gastronomia eta txangoak ingurunea ere berraurkitu nahi dutenendako

Halaber, Iruñeak egun horietan hainbat proposamen eskainiko ditu, hala nola, escape streetak, aire zabaleko jolasak, kirol-proposamenak, bisita gidatuak eta txangoak hainbat hizkuntzatan, eta horiek xehetasunez jasotzen dira “Zer egin, nora joan” informazio-liburuxkan. Udal-atarianeta Turismo Bulegoan, hiria bisitatzen dutenek Iruñera bisita gidatuak eta hiriburutik abiatzen diren eguneko txangoak –Urbasa mendira, Bardeara edo Iratiko oihanera, besteak beste– egiteko tiketak erosteko informazio guztia aurkituko dute. Gainera, eskaintzaren artean, San Andres errotan kayakez gozatzeko aukera dago. Proposamen zabala, Udalaren eta sektoreko enpresen arteko lankidetza publiko-pribatuaren emaitza.

Turismo-inkesten eta Behatokiaren datuen arabera Iruñearen eta Nafarroaren erakargarritasunetako bat ongi jatearekin eta enologiarekin lotuta dago. Horregatik, apirilaren 9an, 14an, 15ean eta 16an lau ardo nafarren eta hiru pintxoren dastaketa egitea aurreikusi da, Pamplona Food enpresaren bitartez. Chez Belaguan (Estafeta kalea 49) hasiko da, 19:00etan, eta ardoaren hastapeneko dastaketa bat eginen da (zuri bat, gorri bat eta bi beltz), dastaketaren faseak kontuan hartuta: kolorea, usaina eta zaporea. Sumiller batek Nafarroako mahastizaintza eta ardogintza eremuei eta upategiei buruzko kontakizun bat eginen du, eta horrela taldeak erabilitako barietateei, egiteko moduei eta upategien kudeaketari buruz gehiago ezagutuko du. Behin ardoak dastatuta, hiru pintxo dastatzeko aukera izanen da. Jarduerak 25 euroko prezioa izanen du pertsona bakoitzeko, 60 eta 90 minutu bitarteko iraupena eta talde bakoitza gehienez ere 20 pertsonakoa izanen da.

‘Zer egin, nora joan?’, hiriaren erakargarritasunen bilduma turismo-esperientzia hobetzeko

Iruñeko Udalak eta Udaletxe plazako hiriko Turismo Bulegoak, beste eragile publiko zein pribatu batzuekin elkarlanean, “Zer egin, nora joan” liburuxka berria prestatu dute, Iruñean dauden baliabide bisitagarriei eta programatutako turismo-jarduerei buruzko irudi eta informazioarekin. Aste Santuaren inguruko egun hauetan, monumentu-, etnografia- eta museo-eskaintza eta eskaintza “berdea” indartu nahi dira, hirira bisita gidatuak eginez, Nafarroan edo beste hainbat tokitan zehar eguneko txangoak eginez, Iruña abiapuntutzat hartuta, Donejakue bideko familia-ginkana batekin, ardo eta pintxo dastaketekin edo kayakak alokatuz.

Sektoreko eragileak barne hartzen dituen proposamen multzoa da, Udalaren eta erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzaren ondorioz. Besteak beste, honako hauek babesten dute kanpaina: Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Hotelen Elkarteak, Nafarroako Ostalaritzako Enpresa Txikien Elkarteak, Nafarroako Ostalaritza Enpresaburuen Elkarteak, Iruñeko Katedralak, Iruñeko Planetarioak, Nafarroako Unibertsitate Museoak (MUN) eta hiriko kultur eta natura jardueretako enpresek, hala nola Northern Spain Travel, Feel Navarra, Iruñeko Gida eta Rutas Vivamus eta Trip Navarra.

Jarduera hauei eta programatuta dauden gainontzekoei buruzko informazioa dagoeneko eskuragarri dago https://www.pamplona.es/promocionesturismo webgunean. Aldi berean, liburuxka eskuragarri egonen da formatu fisikoan Turismo Bulegoan eta hiriko hoteletan, bai eta formatu digitalean ere udal-webguneko Turismoko atalean. Jarduera guztietarako tiketak eta sarrerak https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/ estekaren bidez eta, aurrez aurre, Udalaren Turismo Bulegoan dagoen totemean eskuratzen ahalko dira. Jarduera edo monumentu zehatzekiko interesaz harago, turismoa egiten dutenen eskura dago Pamplona Iruña Card txartela (PIC), hau da, museoak eta toki turistikoak bisitatzeko, ikuskizunetarako sarrerak erosteko edo dendetan deskontuak lortzeko deskontu globalak eskaintzen dituen txartel ofiziala. Doan deskargatu daiteke eta gutxienez % 10eko deskontua eskaintzen du prezioaren gainean edo opari-txartelak ostalaritza-establezimenduetan eta dendetan.

‘Esan Iruña eta irribarre egin’, sare sozialetara ere egokitutako turismoa

‘Esan Iruña eta irribarre egin’ da Iruñeko Udalaren turismo-kanpaina berriaren leloa, eta bisitak betikotzeko, apirilaren 24ra bitarte, Udaletxe plazan photocall handi bat egonen da argazki batean harrapatzeko hirian ibiltzen direnen irribarreak, baita oroigarri bat eraman nahi dutenen edo sare sozialetan Iruñeko egonaldia partekatu nahi dutenenak ere. Eta gainera hiriko toki enblematiko batean egiten ahalko da, hau da, sanferminei hasiera ematen dion plazan.

‘Esan Iruña eta irribarre egin’ kanpainaren xedea da Iruña helmuga turistiko atsegin gisa biral bihurtzea @visitpamplona etiketa #EsanIruñaetairribarreegin traolarekin batera erabilita. Helburua hiria harrera-, hurbiltasun.-lasaitasun- eta familia-gunea dela helaraztea da, natura-esparru batean eta publiko-mota ezberdinei zuzendutako esperientziekin.

Udal-kanpainaren lehentasunezko hedapen-bidea sare sozialak dira, erabiltzaileengana zuzenean iristeko, edukiak biralizatzeko eta mezuaren hedapenean muga fisikoak alde batera uzteko modu bat baita. Jomuga nagusia dira 30 urte inguruko bikote gazteak, 40 eta 60 urte bitarteko adin tartea eta hurbileko merkatuetako familia gazteak: Aragoi, Euskadi, Errioxa eta Frantziako hego-mendebaldekoak.

¿Te ha sido útil esta página?