Gaur ia amaituta geratuko da Frantziako portaleko ataurrea zaharberritzeko obren bigarren fasea, eta, beraz, larunbateko 08:00etan irekiko da berriro galtzada ibilgailuendako eta espaloiak oinezkoendako. Irailaren amaieraz geroztik, Iruñeko Udala portale historiko horretako elementuak eta mekanismoak faseka zaharberritzen ari da. Ate bikoitz hori jatorrizko kokapenean dagoen eta jatorrizko konfigurazioa mantentzen duen harresiko bakarra da. Angelu zuzeneko portale bikoitzeko egitura du defentsarako elementu gisa, eta 1753koa da.
Bigarren portale horretan, hain zuzen ere, adreiluzko arku beheratuko ganga bat dago, eta haren azpian burdinazko gurpilak ikusten ahal dira, beren malguki, kate eta kontrapisuekin. Mekanismo horrek, 1915. urtera arte, zubi altxagarria jasotzen zuen iluntzero, hirirako sarbidea itxiz. Espazioa, taula altxatzeaz gain, bi xaflazko haritz-ate batekin ixten da, tamaina handiko bi oholez errematatua, pasabidea erabat okluituz.
Irailaren amaieran, EULEN enpresak desmuntatu egin zituen taula altxagarria igo eta jaisteko Derchéren maniobra egitea ahalbidetzen duten mekanismoak eta engranajeak. Kontrapisuetan eta norabidea aldatzeko poleetan egin da lan, eta maniobra-kateak finkatu dira, ibilgailuak igarotzean jasaten duten tentsio iraunkorra askatzeko, bai eta horman ainguratzen diren kateen igarotze-gurpilen erabilera-higadura arintzeko ere. Aste honetan desmuntatu dituzte taula eta hura lurreko metalezko habeetara itsasten duten kisketak, eta atea osatzen duten haritz-zurezko xaflak tratatzen hasi dira. Duela 15 urte aplikatu zitzaien berniz- eta pintura-geruza desugertzeko, Leache enpresak, Harresiak Mantentzeko Kontratuaren adjudikaziodunak, presiopeko hondar-zurrustak erabili du; behin zaina agerian utzi eta hondakinak kendu ondoren, ateei tindagai bateratzailea eta olio-tratamendua aplikatu zaizkie.
Multzoa amaitzeko, 2,06 metroko luzera eta 33 x 33 cm-ko sekzioa duten oholak instalatu beharko dira; baoa ixten amaituko dute eta oin berrikoak egiten ari dira, berrerabilitako haritz-egurrarekin. Engranajearen zati metalikoak desmuntatzeko orga jasotzailea erabili zenean, langileek zuraren egoera txarra egiaztatu ahal izan zuten, urte luzez eguraldi txarraren eraginpean egon ondoren. Hori dela eta, Udalak, azkenean, zura lehengoratzea erabaki du. Oholak neurrira eginen dira, harrian bertan altueran egindako zuloetan sartuta doazelako. Jartzen direnean, espazioaren itxiera puntuala egin beharko da. Lan osagarri gisa, ataurrearen goiko aldeko harlanduen artean hazten diren landareak kendu dira; izan ere, horizontalean dagoenez, toki emankorra da haziak errotzeko.
Mekanismo hori 2008az geroztik, 2007an Frantziako portaleko zubi altxagarriaren jatorrizko mekanismoa berreskuratu ondoren, hirian Gabonetan egiten den eszenaratzearen parte da. Mekanismoa 1753koa da, eta udal biltegietan zegoen.