Bihar, ostiralarekin, 18:00etan, hiriaren erdialdeko Eguberrietako argiak piztuko dira

Bihar, ostiralarekin, 18:00etan, hiriaren erdialdeko Eguberrietako argiak piztuko dira
Argiak piztea, normalean Done Saturdi egunean, bi egun aurreratu egin da asteburua aprobetxatzeko
Iluminación de Navidad

Bihar, ostiralarekin, 18:00etan, Eguberrietako argiak piztuko dira, eta ez da inongo ekitaldirik deitu Iruñeko erdialdean. Aurten argiak piztea bi egun aurreratu da, normalean azaroaren 29an, Done Saturdi egunean, izaten baitzen. Horrela asteburua aprobetxatu nahi da, eta hiria apaindu, garai honetan maizago ateratzen baikara kalera, COVID-19aren bilakaera dela-eta aurtengo murrizketak gorabehera. Hurrengo astean zehar piztuko dira, baita ere, hiriko auzoetan aurreikusitako argiak.

Orokorrean, aurtengo proposamena erakargarria, deigarria eta ikusgarria da: forma eta kolore (zuria, urdina, horia, gorria, arrosa, berdea, urre kolorea eta urdina) eskaintza askotarikoaren alde egiten du, eta, oro har, argitasun-sentsazio handia ematen du. Kaleak apaintzen dituzten arkuak ere forma eta kolore askotarikoak dira, eta nolabait argiztatutako hiria ‘aurkitu’ eta dekorazio guztiak ezagutzeko sentsazioa sortzen dute. Berritasunen artean honako hauek daude: 3D bola handi bat, ibiltzeko modukoa, San Frantzisko plazan, 5 metroko altuera eta 5 metroko zabalera dituena; arku handi bat girlandekin Askatasunaren plazan; Eguberrietako apaingarri berriak Merindadeen eta Vianako Printzearen iturrietan, eta dekorazio berezia Udaletxeko fatxadan, Udaletxe plazan eta Gazteluko plazan. Argiztatzea Iluminaciones Ximénez enpresak egin du, Udalak lizitatutako kontratuaren esleipendunak; aurten 156.337,50 euro inbertituko ditu Udalak.

Argiak, % 100 LED teknologiakoak, Iruñeko merkataritza-gune nagusietako kale, plaza eta etorbideetan jarriko dira, hala nola Alde Zaharrean eta Zabalgunean, eta baita Martín Azpilcueta/San Alberto Handia, Iturrama, Donibane, Ermitagaña, Mendebaldea, Sanduzelai, Arrotxapea, Txantrea eta Mendillorriko beste batzuetan ere. Guztira, 236 arku argitsu jarriko dira, eta horiekin batera dekorazioa eta argiak lau gune enblematikotan: Udaletxe plazan, Udaletxeko fatxadan, Karlos III.aren etorbidean eta Gazteluko plazan.

Eguberrietako argiak eta dekorazioa urtarrilaren 6ra arte egonen dira hirian. Argiak pizteko ordutegi desberdinak ezarri dira, dataren arabera. Berez, ohiko ordutegia 17:45etik 23:00etara izanen da, igandetik ostegunera. Ostiral eta larunbatetan, argiak ordu berean piztuko dira, baina goizeko 01:00ak arte ez dira itzaliko. Abenduaren 24an eta 31n, eta urtarrilaren 5ean, argiak goizeko 02:00ak arte piztuta egonen dira.

 

¿Te ha sido útil esta página?