Bihar, ostegunarekin, ‘Iruña Quiz’ jokoa abiatuko da, ehun sari baino gehiago banatuko dituen hiriburuari buruzko galdera-jokoa

Bihar, ostegunarekin, ‘Iruña Quiz’ jokoa abiatuko da, ehun sari baino gehiago banatuko dituen hiriburuari buruzko galdera-jokoa
Egunero, urtarrilaren 5era bitarte, bost galdera botako dira webgunearen, mugikorrerako aplikazioaren, sare sozialen eta hedabideen bidez
Quiz

 

Bihar, ostegunarekin, ‘Iruña Quiz’ jokoa abiatuko da eta Udalak, erronka parte-hartzaile horren bidez, Eguberrietan, tokiko turismo segurua sustatu nahi du eta ostalaritzari babesa eman nahi dio, bereziki zailak diren garaiotan. Eta hori guztia, modu dibertigarri eta didaktikoan, galdera-joko horrek aukera emanen baitie parte hartu nahi duten guztiei hiriko artearekin, historiarekin, parkeekin, kulturarekin, festekin eta ohiturekin loturiko gaiak ezagutzeko. Egunero, urtarrilaren 5era bitarte, bost galdera botako dira www.pamplona.es/turismo/quiz jokoaren webgunearen bidez, Iruñeko Udalaren turismoko sare sozialen bidez –@visitpamplona– , mugikorrerako app-aren eta bertako hedabideen bidez gai horien inguruan.

‘Iruña Quiz’ adin guztietako pertsonendako da, eta bereziki pentsatuta dago familia edo lagunartean jolasteko. Proposamenaren dinamikak aukera ematen du aisialdikoa eta didaktikoa den jarduera bat egiteko, herritarren gehiengoak turismoari eskaintzeko denbora libre gehiago duen egunetan, eta modu seguruan egiten du, ez baitu esan nahi leku itxietan egon behar dutenik, birusa hedatzeko gainazalekin kontaktua izan behar dutenik, ezta beste pertsonengandik gertu egon behar dutenik ere.

Gutxienez hiru galdera zuzen dituzten txartela guztiak edo onlineko partaidetzak, betiere urtarrilaren 10a baino lehen entregatzen badira, azken zozketa batean parte hartuko dute eta 125 sari banatuko dira, horien artean: 96 bonu 2 edo 4 lagunendako bazkari zein afarietarako Iruñeko jatetxeetan, gau bateko 20 egonaldi hiriko hoteletan eta 3 txango-pakete Nafarroan barna. Zozketa urtarrilaren 15ean izanen da eta irabazleak jakinaraziko dira Iruñeko Udaleko turismoko sare sozialetan, @visitpamplona-n, Twitter-en, Facebook eta Instagram-en eta ‘Iruña Quiz’ jokoaren www.pamplona.es/turismo/quiz webgunean.

Parte-hartzea online, edo zuzenean Iruñeko Turismo Bulegoan

Erronkak egunero argitaratuko dira Iruñeko Udaleko turismoko sare sozialetan –@visitpamplona–, Twitter-en, Facebook eta Instagram-en; ‘Iruña Quiz’ webgunean (www.pamplona.es/turismo/quiz), eta ‘Pamplona-Iruña’ mugikorretarako aplikazioan. Azken horrek barne hartuko du euskarri hori erabiltzen duten parte-hartzaile guztiek asmatutako erantzunen sailkapena, eta horrela bakoitzak ikusi ahalko du une bakoitzean besteekiko zer tokitan dagoen. Halaber, galderak Nafarroan argitaratzen diren bi egunkarien bidez hedatuko dira (Diario de Navarra eta Diario de Noticias) eta baita Navarra Televisión-eko mikrosaio batean ere.

Egunero hedatuko diren galderen txartelak eskura egonen dira Iruñeko Turismo Bulegoan eta Ultreia Donejakue bidearen Interpretazio Zentroan, eta bertan erantzunak uzteko kutxatilak izanen dituzte. Parte-hartzaileek txartelak han bertan bete ahalko dituzte edo dagoeneko erantzunda eramana, egunkariek egunero argitaratuko dituzten ebakinetan. www.pamplona.es/turismo/quiz webgunearen edo ‘Pamplona-Iruña’ mugikorrerako app-aren bidez parte hartzen dutenek, erantzunak online eman ahal izanen dituzte, inora joan beharrik gabe. ‘Iruña Quiz’ jokoan egunero parte hartu daiteke, edo zenbait erronka aldi berean gaindi daitezke, behin horiek proposatutakoan.

‘Iruña Quiz’ jokoan planteatutako galderak erantzuten laguntzeko, Iruñeko Udalak martxan jarri du bisita gidatu tematiko sorta bat, historia eta Donejakue bidearen, artea eta harresien, eta parke eta lorategien ingurukoak, eta horietan ere jorratuko dira Iruña eta sanferminen arteko etengabeko lotura eta kultura. Bisitak egunero hiru txandatan eginen dira, bi goizez –10:30ean, 12:00etan–, eta beste bat arratsaldez, 16:30etik aurrera. Osasun neurri gisa, bisita bakoitzean 11 pertsona bakarrik parte har dezakete, beraz beharrezkoa da aurrez izena ematea Iruñeko Udaleko turismoko erreserbak egiteko webgunean: https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.es/.