Iruñean eginen da, berriz ere aurten Rubiken kuboen Iruña Open txapelketa ofiziala, seigarren urtez jarraian diziplina honetako estatuko jokalari hoberenak erakarriko dituena. Ekitaldia martxoaren 12an eta 13an izanen da. Rubiken kuboen Iruña Open 2022 txapelketa ofizial bat da, Kuboaren Munduko Elkartearen (WCA) bidez arautzen da, eta Espainiako Speedcubing Elkartearen (AES) laguntza izanen du.
Otsailaren 4an, 21:00etan, ostiralarekin, hasiko da epea, Iruña Openean parte hartu nahi dutenek izena eman dezaten, World Cube Association-en (WCA) webgune ofizialean. Osasun-segurtasuna dela-eta, gehienez ere 40 pertsonak parte hartzen ahal dute. Iruña Open txapelketaren seigarren edizio honetan, lehiakideek aukera izanen dute ofizialki aitortutako 17 aukeretatik proposatu diren 8etako edozeinetan lehiatzeko. Kubo klasikoan ez ezik beste kubo mota batzuetan ere izanen dira lehiak: Megaminx –dodekaedro formakoa–, Square-1 –ardatz zeiharrekoa– eta Skewb –ertzak ditu ardatz erdigunearen ordez–. Baina beste kategoria batzuk ere ezarriko dira, kuboaren zailtasunaren arabera, aurpegi bakoitzeko koadrotxo gehiago edo gutxiago dutenak, edo trebetasunaren araberakoak, edo itsumustuka egin beharrekoak.
3,5 euro balio du izen-emateak txapelketaren kolaboratzaile diren Rubiken Kuboaren Espainiako Elkarteko (AECR) eta EuskalRubik-eko kideentzat, eta 5 euro, bazkide ez direnentzat. Izena emateko epea martxoaren 7an amaituko da. Lehiaketa ofiziala denez, parte-hartzaileak WCAko kide bilakatuko dira, eta norberaren IDa sortuko zaie automatikoki, aukera eduki dezaten kontsultatzeko hala beren bilakaera parte hartzen ari diren lehiaketa guztietan nola beren postua nazioan, kontinentean eta munduan.
Parte hartzaileek txapelketako poster bat jasoko dute oroigarri gisa eta kategoria bakoitzeko hiru onenek domina eta diploma bana. Halaber, Rubiken kubo klasikoaren kategorian, irabazleak Iruña Open 2022ko txapeldun izendatuko duen txapela eramanen ditu.
Txapeldunez eta errekordunez betetako lehiaketa
Lehiak asteburuan zehar eginen dira Gaztediaren Etxean bertan. Modalitate batzuetan hainbat txanda izanen dira, eta horietako bakoitzean hoberen sailkatutakoen artean hautaketa bat eginen da. Beste zenbaitetan, final konbinatuak eginen dira. Hori bai, horietan guztietan World Cube Association-en arauei jarraituko diete, lehiaketa ofiziala baita. Hori horrela, txapelketan elkartearen ordezkari bat arituko da, egiaztatzeko lehia ezarritako jarraibideen arabera egiten ari dela. Kasu honetan, Alberto Masó Molina izanen da ordezkari hori, Espainiako eta Europako zenbait txapelketa antolatu dituena.
Maskara eraikin guztian eta ekitaldi osoan zehar erabili beharko da. Gel hidroalkoholikoa egonen da parte-hartzaileen eskura txapelketarako mahai guztietan bai eta erakinaren sarreran eta irteeran ere. Eserlekuak izendunak izanen dira, beraz, lehiakideek eserita egon beharko dute nahiz eta partidan ez egon. Gainontzeko eserlekuak okupatzen ahalko dira leku guztiak bete arte.
Iruña Open txapelketa hitzordu saihestezin bilakatu da trebetasun-joko honen zaleentzat; izan ere, kategoria ugari egoteaz gain, Rubiken kuboen diziplinako Espainiako jokalari hoberenetarikoek parte hartzen dute. Antolatzaileak dira Alejandro Nicolay Nafarroako kubolari esanguratsuenetako bat eta Julen Simón azken Iruña Open ofizialeko txapeldun, txapelketaren aurreko edizioetako antolatzaile eta 2018an Iruñean egindako Espainiako XV. Txapelketaren antolatzailea. Horiei beste jokalari ospetsu batzuk gehitu behar zaizkie, hala nola Antonio López –egungo Espainiako txapeldunordea itsumustukako 3x3koan–, Julio Perugorria –kubolari onenetarikoa Skewb kategorian– eta Eder Olivencia –egungo Espainiako txapelduna 4x4ko eta Megaminx kategorietan–.
IRUÑA OPEN 2022 | TXAPELKETAKO KATEGORIA OFIZIALAK
• 3x3 (3 txanda). Kubo klasikoa da, kategoriarik gorena. Lehen txandan guztiek parte hartuko dute, bigarren txandara parte hartu dutenen % 75 igaroko dira (erregelamenduarekin bat, parte-hartzaileen % 25 kanporatu behar da, gutxienez), eta finalerdiko 12 onenak pasako dira final handira. Hura Ekitaldi-aretoan eginen da, martxoaren 13an, igandearekin, 12:00etatik 13:00etara. Binaka eginen da, sailkapenaren hurrenkerarekin bat. Kategoria honetako irabazlea joko da txapelketako txapelduntzat, eta sari berezia eskuratuko du.
• 2x2 (3 txanda). Kubo guztietan txikiena da, kubo klasikoa baino apur bat errazagoa.
• 4x4 (2 txanda). Apur bat zailagoa da; guztira 50 pegatina baino gehiago ditu.
• 5x5 (Final konbinatua): Kuboaren aurpegi bakoitzak 25 koadrotxo ditu. Txanda bat eginen da bakarrik, eta mundu guztiak parte hartzen ahalko du.
• Skewb (2 txanda): Kubo klasikoan ez bezala, ertzak dira ardatz, erdiko piezen ordez.
• Square-1 (2 txanda): Ebatzirik dagoenean kubo forma duen arren, ardatz zeiharra duenez deformatu daiteke, eta horrek zaildu egiten du ebazpena.
• Megaminx (Final konbinatua): Dodekaedro formakoa da, eta 11 pieza ditu haren 12 aurpegi banatan.
• 3x3 itsumustuka (Final konbinatua): Kuboa nola dagoen buruz ikastean datza, gero begiak estalita ebazten saiatzeko. Sailkatzeko denbora bi denboren batuketa izanen da: buruz ikasteko denbora gehi ebaztekoa.