Azaroaren 12an (larunbata), Agustindarren industrialdean xurgapen-baso bat landatzen jarraituko dute. Herritarrek boluntarioen bidez landatzea aurreikusita dauden 212 ale autoktonoak osatuko dituzte. Datorren seihilekoan zehar, Lorezaintzako Udal Lantegi Eskolako ikasleak aurreikusita dauden lursailak betetzeaz arduratuko dira, horrela, 2.300 zuhaitz eta 400 zuhaixka baino gehiago izanen dituen eta oraindik hazten ari den baso-masa bat eratzen joan dadin. Horrekin batera, Zurgintzako Lantegi Eskolan udal-proiektuari buruzko informazio-karteletarako euskarria prestatuko dute.
Bihar 68 pertsonak, Nekazaritza eta Basozaintzako Ikastetxe Integratuko Ingurumen Hezkuntza eta Kalitateko zikloko ikasleek, udal-teknikariek eta Lorezaintzako lantegi-eskolako ikasleek lagunduta, oraindik txikiak diren astigar, intxaurrondo, pinu, otsalizar, arte eta haritz oinak jarriko dituzte, inguruko landare-segida tipikoko zuhaixkekin batera. Parte hartzen dutenek, taldeka antolatuta, landaketa-zuloak irekiko dituzte, plantulak jarriko dituzte, konposta gehituko dute eta lepoa ernamuintzearen aurkako sare biodegradagarri batekin estaliko dute, eta amaitzeko enborra inguratzeko babeslea eta zurkaitza jarriko dituzte. Azkenik gunea ureztatuko dute. 2 ordu inguru beharko dituzte lan horiek egiteko. Landaketa-egunerako tokiak beteta daude dagoeneko. Parte hartzen dutenek laneko eskularruak, edateko ura eta hamaiketakoa eraman beharko dituzte, aire zabalean lanean aritzeko jantzi egokiez gain.
Goizean zehar, langile espezializatuek azalpen gehiago emanen dituzte basoari eta horrek floran eta faunan, eta, azken batean, hiriko biodibertsitatearen adierazleen hobekuntzan duen eraginari buruz. Basoa sortzea eta, ondorioz, berotegi-efektuko gasen (BEG) isurpenak murriztea Go Green Iruña ekimenaren barruan kokatzen da, Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030erako Estrategiaren barruan, alegia. Horren xedea da hiri eredu jasangarri eta deskarbonizatu bat lortzea. Izan ere, xurgapen-baso gisa diseinatutako zuhaitz-eremu berri horri esker, hiriak sortzen dituen CO2 isurien zati bat konpentsatzen ahalko du, eta horrela, berotegi-efektuarekiko egoera hobetu eta klima-aldaketaren aurka borrokatu.