"Erradikalak garela esaten digute; gure ustez, nahi eta behar baino gutxiago." Horra IrriZikloak aste honetarako dakarkigun umorezko antzezlanaren abiapuntua, zeina bihar, martxoaren 14an, asteazkenarekin, taularatuko baitute, Nafarroako Antzerki Eskolan, Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek. Kontraesanez beteriko "maletak" dituzten bi emakume agertuko dira, maleta horiek ikusleen aurrean irekitzeko prest, eta erraietatik hitz egingo dute, umorez, sustrairaino heldu nahian.
Erradikalak gara antzezlanean Beatriz Egizabalen monologoak eta Ane Labakaren bertsoak tartekatzen dira, eta horrela jorratuko dituzte feminismoaren erronkarik garrantzitsuenak eta joera zein iritzi desberdinak, desadostasun handienak eragiten dituztenak barne. Amatasuna, dibertsitatea, indarkeria eta sexualitatea landuko dituzte, besteak beste, betiere umorea baliatuta, eta ikusleengan eragin eta hausnarketa pizteko asmoz. Sarrerak hiru euro balio du.