
Bihar, ekainak 23, asteazkenarekin, 19:30ean, Duguna taldeko dantzariek Soka Dantza berriz dantzatuko dute Arrotxapeko Arga Ibaiaren kaleko 12aren pareko zelaigunean. Dantzariek bederatzigarren urtez, jarraian, San Joan egunean dantza tradizional hori eginen dute, zeinak XVI. mendean baitu jatorria eta Nafarroako eremu ezberdinetan dantzatzen diren soka dantzetatik abiatuta berreskuratu baitzuten. Jimeno Jurio historialariak eta Patxi Arraras folkloristak dokumentatu dute koreografia hori eta 1646an Juan Bautista Mazo margolari espainiarrak Felipe IV.arekin Iruñera egindako bisita baten ostean eginiko koadro batean ere agertzen da soka dantza bat.
Urtean bitan soilik egiten du soka dantza Duguna Folklore Taldeak: bata, San Blas egunean eta bestea, San Joan egunean; horien bitartez hiriko neguko jaiak eta udan eguzkiaren eta argiaren etorrera ospatu nahi dira, hurrenez hurren. Koreografian lagun talde batek kate bat osatzen du eskuak elkarri emanda, lehen eta azken dantzariak buru dituztela, eta biribilean antolaturik Europako hego-ekialdean Erdi Aroaren amaieratik dantzatzen ziren kate-dantza, branle eta farandolekin lotura duen dantza bat da. Nafarroan, eremuaren arabera, dantza mota horiek ‘dantza-luzea’, ‘trapatana’, ‘zortzikoa’, ‘giza dantza’, ‘ttu-ttuna’ edo ‘pañuelo dantza’ izena dute.
Hain zuzen ere, dantza hau, ‘San Joan Bezperako soka dantza’ Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatuta daudenetako bat da, eta bere esklusibotasuna dela eta Duguna Iruñeko dantzariak kontratatu ohi ditu udalerriak. Udalaren dantza-taldeak Udalaren protokolo ekitaldietan parte hartu ohi du –Udalak hiriaren izenean desfilea egiten duenean–, eta hainbat ekitalditan parte hartzeko konpromisoa hartzen du, hala nola, Aldapako Sanferminetan eta San Blas ospakizunean. Dantza-talde honek ibilbide luzea du hala hirian nola kanpoan, 1951ko ekainaren 28an, Gayarre antzokian bere lehen emanaldia eskaini zuenetik.