Bigarren Zabalguneko Hiri Jarduketarako Plan Berezia jendaurrean paratuko da irailaren 30era arte hasierako oniritzia jaso ondoren

Bigarren Zabalguneko Hiri Jarduketarako Plan Berezia jendaurrean paratuko da irailaren 30era arte hasierako oniritzia jaso ondoren
Planak aurreikusten du oinezkoei lehentasuna ematea eta eremu libreak sortzea, kaleak berrurbanizatuta eta lur azpiko 4.400 aparkaleku-plaza sortuta
Ensanche

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak hasiera batez onetsi du Bigarren Zabalguneko Hiri Jarduketarako Plan Berezia (HJPB), auzoaren garapena eta berrurbanizazioa zedarrituko dituen dokumentua, oinezkoei lehentasuna emanda eta eremu libre berriak sortuta. Orain plana jendaurrean jarriko da irailaren 30era arte. Iraileko lehen egunetan herritarrei irekitako saio bat eginen da, eta erredakzio-taldeak agiriaren edukia azalduko du bertan. Deialdi hori agiri teknikoa lagundu eta osatzen duen partaidetza-planeko ekintzen parte da, harik eta Plan Berezia behin betiko onetsi arte.

HJPBa ekainaren erdialdean aurkeztu zuten Hirigintza Batzordean, eta Bigarren Zabalguneko lehentasunezko zazpi arlotan jarduteko beharra jasotzen du, auzoa herritarrendako irisgarriagoa eta erosoagoa izan dadin. Zehazki, hobetzeko neurriak aurreikusten ditu honako toki hauetan: Merindadeen plaza, autobus-geltoki zaharra eta Bake plaza, Askatasun plaza, Merkatuko etxe-uhartea eta alboko kaleak, Nafarroako Blanca plaza, Apaiztegiaren eremua eta Telefónica eta Misiolarien eremuak. 

Besteak beste, jarduketen artean aurreikusita dago Zabalgunean ekipamendu-sarea finkatzea, hala publikoak nola pribatuak, eta eremu libreak, berdeguneak eta egoteko tokiak berreskuratzea eta sortzea. Horretarako, HJPBan lur azpiko 4.400 aparkaleku-plaza berri aurreikusi dira, berritik sortuko diren aparkaleku publikoetan, autobus-geltoki zaharrean, Erriberri kalean, Gurutzeko plazan, Karlos III.aren etorbidean eta Galizia etorbidean. Jarduketa horiek egiteko arreta berezia jarriko zaio hala ondare eraikiaren babesari eta kontserbazioari nola auzoaren planifikazio bereziari. 

Auzoaren berrurbanizazioak –gaur egun Nafarroa Behereko etorbideak eta Karlos IIIak segmentatzen dute auzoa– eremu guztien konektibitatea eta iragazkortasuna bultzatzen sakonduko du. Horretarako, aurreikusita dago Nafarroa Behereko etorbidean jarduketak egitea zirkulazioa gutxitu eta oinezkoendako espazioa handitze aldera. Ildo horretan, Merindadeen plazan jardutea aurreikusita dago, espaloiak luzatu eta egun dagoen biribilgunea kentzeko; era berean, iturri apaingarria plazaren barruko aldera lekualdatuko da, Karlos III.aren etorbidearen goiko alderantz. 

Halaber, HJPBan aurreikusita dago zuzkidura-eraikin publiko bat sortzea autobus-geltoki zaharrean, bai gaur egungoa zaharberrituta bai berri bat eraikita. Bestalde, aurreikusita dago Askatasun plaza osorik berrurbanizatzea, eta espazioak berrantolatu eta oztopo arkitektonikoak ezabatuko dira. Halaber, planaren arabera, Lezkairurekin konexioa hobetuko da, neurriak hartuko baitira Teléfonicaren eta Misiolarien inguruan; eta, bestalde, agerian geratu da Merkatuaren etxe-uhartea birgaitu behar dela, erabat zaharberrituta eraginkortasuna hobetzeko, baina higiezinaren berezitasunari eta haren jarduerari eutsiz. Ekintza horien osagarri, alboko kaleak berrurbanizatuko dira (Amaia, Felipe Gorriti eta Tafalla kaleak). Nafarroako Blanca plazan aurreikusita dago etxe-uharteetako bat birgaitzea, eta Apaizgaitegiaren eremuan, aintzat hartu da merkataritza-erabilerarako gune bat sortzeko aukera egungo gasolindegiaren ondoan.

Horiei guztiei gehituko zaizkie Zabalguneko beste gune batzuk suspertzeko edo eraldatzeko pentsatutako bestelako jarduerak, besteak beste, Gurutzeko plazan, Teobaldoen kalearen–Zezen-plazaren eta Media Luna parkearen inguruan, San Fermin kalean eta Media Lunaren inguruko kolonien eremuan eta Erronkaribar kalean; izan ere, horietan espaloiak zabaldu eta zuhaitzak paratuko dira, oinezkoendako eremuak edo oinezkoendako lehentasun-gune gehiago eginen dira, baita topagune berriak ere. 

¿Te ha sido útil esta página?