Ziudadelako erakusketa aretoek askotariko proposamen artistikoak dituzte, eta ohikoa den bezala, doan bisitatu daitezke asteartetik larunbatera, goizez, 11:30etik 13:30era, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, goizez, 11:30etik 13:30era. Mistoen eraikinean eta Ziudadelako Labean bi instalazio bisual daude, oso bestelakoak diren bi gaien inguruan: Espainiako trantsizioa eta pentsalari eta idazle latindar bati omenaldia. Mistoen eraikinak Afrikara bidaia bat egitera gonbidatzen du, ehunen eta ehungintzaren bidez, eta Arma Aretoak, bere aldetik, ikus-entzuneko edukiak ditu ardatz. Proposamena bi argazki-erakusketek osatzen dute: bat Ziudadelaren kanpoaldean eta bestea Bolborategian, zuri- beltzeko argazkiekin.
Ziudadelako Arma Aretoko lehen solairuan ikusgai dago mundu garaikideari buruzko begirada bat ‘Audiovisiones’ erakusketaren bidez. 27 lanek osatutako erakusketan, Udalaren Arte Garaikidearen Bilduma, 9915 Elkarteko beste bilduma pribatu batzuekin elkarrizketan ari da, hainbat teknika, formatu eta adierazpen-lengoaia erabiliz. Hala, Iruñeko Udalak eta Espainiako Arte Garaikidearen bildumazale pribatuen 9915 Elkarteak hizkuntza artistiko berrien aldeko apustua egin dute. Erakusketaren interesgunea ikusizko eta entzunezko dimentsioen arteko elkargunea du ardatz, munduaren giza-pertzepzioa baldintzatzen duten bi bektore nagusiak, ikus-entzunezko 27 lanetan eta hainbat bildumazaleren instalazioetan; horien artean, Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumako zazpi. Lanek artistikoki islatzen dituzte garaikidetasunari dagozkion kezkak. Hala nola, adimen artifiziala eta automatak, terrorismo globala, genero-estereotipoak, egungo bizitzaren erritmo bizia eta Arteak identitatearen islan edo definizioan duen zeregina; proposamenek eguneroko bizipenen ikus-entzunezko collage bat osatzen dute, modu kontzientean izan ala ez.
Mistoen eraikineko 1. solairuan ‘Ehunen lengoaia. Ehungintza mendebaldeko Afrikan’ erakusketa dago. Kim Manresaren argazkiek eta Maica de la Carreraren lanek janzkera dute ardatz, zeinaren jatorria, gizakiena bezala, Afrikan baitago, hain zuzen. Materialek, koloreek, formek eta motiboek herrialde edo etnia bateko kide direla identifikatzen laguntzen dute, bai eta pertsona baten estatus soziala, lanbidea edo adinagatik lortutako maila ere. Ehungintzako tradizio aberats horiek bereziki bizirik daude mendebaldeko Afrikan, non antzinako ehungailuek funtzionatzen jarraitzen duten. Ehungailu horietan kente, adinkra, batik, bogolan eta korhogo oihal ederrak sortzen dira, zeinak erakusketa honetako irudietan ikus baitaitezke. Baina edertasuna ere teknikarekin lotuta dago, eta horixe da Kim Manresaren argazkien bidez bidaia “bisual” bat egiteko proposamena.
Begirada bat pertsonaren barrualdera edo kanpoaldera, hiriko lekurik erakargarrienekin
Roberta de Nicola artistaren ‘MOODS’ erakusketa Ziudadelako Bolborategiko aretoan dago ikusgai, azken urteetan Italian, Suitzan eta Espainian egindako zuri-beltzeko 41 argazkiez osatuta. Meditazio argitsua da, bilaketa bat ikusteko zer gertatzen den espazio horretan non gauzak egon ez baina bihurtzeke dauden. Gorputz bihurtzen diren harriak, emozio bilakatzen diren arimaren mugimenduak, bat bateko hausturak existentziaren geruza trinkoan. Triptiko eta diptikoen ikonografia sakratua gogora ekarriz, kolokan jartzen ditu denbora eta izatea bere benetako izaeran. Hauskortasuna, beldurra, abandonua, partaide izatea, maitasuna, erosa, estasia edo lizunkeria sentimendu unibertsalen etengabeko sortzaile bihurtzen dira hemen, arima duen eta ez duen horretan bizi direnak.
Argazki-lanak ere protagonista dira Ziudadelako kanpoaldeko lorategietan, non aire zabaleko erakusketa bat baitago. Bertan ikusgai daude ‘VisitSpain’ lehiaketan hautatutako Nafarroako argazkiak, non Iruñeko Udalak hogei bat toki-erakunderekin batera parte hartu baitzuen. Komunitate honetako egileek bidalitako 22 argazki dira, eta, horietan tokiko ingurunea eta kultura ezagutarazteko modua baloratu da. Erakusketa doan bisitatu daiteke, eta PhotoEspañak Iruñeko Udalaren laguntzarekin abian jarri duen ‘VisitSpain’ argazki-deialdiaren emaitza da. Hirietarako eta bertako biztanleendako deialdia zen, ilusio kolektiboa bilatu eta herritar guztien sormenari omenaldia egiteko.
Diziplinarteko artea bi muntaiaren bidez
Mistoen eraikineko beheko solairuak denboran zeharreko bidaia eskaintzen du Espainiako Trantsiziora arte ‘Desataduras’ erakusketarekin, kolorezko paper handien gainean hitz, esaldi eta joko optikoekin eraikitako hainbat instalazioz osatutako erakusketa. Nerea Lekuona artistak ikuspegi kritikoa eskaintzen du, emantzipaziorako pentsamoldeak, memoriak, borondateak, nahiak eta proiektu kolektiboak ere askatzeko. Aretoak inbaditzen dituzten kolore-paper handiak estaltzen dituzten hitz edo esaldietako bakoitza espazioan hedatzen da beste elementu batzuekin batera, eta instalazio bat osatzen dute.
‘Desataduras’-en instalazio bakoitza hurrengoarekin lotzen da, eta esanahiz betetako testu hedatua sortzen da, areto bakoitzean egiten diren eragiketa sintaktikoei esker. Besteak beste, honako hauek artikulatzen dira instalazio bakoitzari eta erakusketa den instalazioen instalazioari zentzua emateko: fitxategia (memoria mugimenduan), kolorea (gela bakoitzaren tonua eta argitasuna), grafia (jokaldiaren erdian eta bere osotasunean), joko optikoak (islak, hausnarketak, perspektibak) eta puntua eta kontrapuntua.
Beste muntaia batek, Ziudadelako Labean, Jose Lezama idazle eta pentsalari kubatarraren poesia omentzen du, bere herrialdeko eta literatura Hispanoamerikako egile garrantzitsuenetakotzat jotzen dena. ‘‘Hustasunaren danbatekoa’’ lanak, Eugenio Ortiz eta Javier Mugueta artistena, “El pabellón del Vacío" poemaren ideia gauzatu nahi du; egileak argitaratutako azken poema, 1976an. Kolore eta geometriako zenbait elementu sekuentzial eta zenbait maketa arkitektoniko sartzearen inguruan egituratzen da obra, Pabiloia bere erresonantziarekin eta hustasun pribatuarekin gauzatzeko aukera ematen dutenak. Nabarmentzekoa da obra “eramangarri” bat dela, QR kode bat irakurrita. Bisitariak fitxategi digital bat deskargatzen ahalko du bere mugikorrean, eta edozein unetan erreproduzitzen ahalko du, berriz ere lanaz gozatzeko.