
Aurrera doa Ziudadelan ‘Bestelako Argiak’ programa, zeinak bideo-proiekzioak eskaintzen baititu abenduaren 17tik urtarrilaren 9ra. Horrez gain, gotorlekura sartzeko tuneletan ikusleen eskura jarri dira Fermín Izko egilearen ‘Koppo’ izeneko instalazio interaktiboak, argia eta kolorea oinarri dutenak. Bigarren urtez jarraian, Ziudadelako zelaietan egiten den Eguberrietako udal-programazioaren barruan, Fernando Molina arkitekto eta artistak instalazio bat egin du: ‘Dentro’ izena du, eta arkitektura iragankorra eta Land Arta uztartzen ditu; 17:30etik 20:30era bitarte ikusgai egonen da. Jarduera horietarako sarrera librea da.
Diziplina anitzeko jaialdi horrek, dantzaren, ikus-entzunezko hizkuntzaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko harremanak aztertzen ditu, hainbat esperientzia artistikori bide emanez. Bideo-proiekzioetan Zinética Jaialdiko lau film labur daude ikusgai, hainbat tokitakoak: Erresuma Batua, Brasil, Errusia, eta baita Espainia ere.
Honako hauek dira ikus-entzunezkoak: ‘Before We Collid’ (EB, 2021, 110"), Labearen kanpoaldean ikusgai; ‘The Room’ (Espainia, 2020, 3´40"), 7. poternan; ‘Erekaua’ (Brasil, 2021, 1´), Lidia Biurrun ezkontza-aretoaren kanpoaldean ikusgai, eta ‘Risk’ (Errusia, 2021, 1.20’), Armada etorbideko horman. Egileak Guy Gooch eta Gregor Petrikovic, Laida Aldaz Arrieta, Paulo Acciolu eta Amir Zakirov dira, hurrenez hurren.
Ziudadelan, Arte Garaikidearen dinamizazio gune gisa eta Eguberrietako programazioaren barruan, aurreko astean sormen-lantegiak egin dira artistekin, baita 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako haur-lantegiak ere. Bi modalitateetako lau lantegietan leku guztiak bete dira, eta 150 lagun inguru aritu dira arte- eta kultura-ekimen horietan.