Bidegorri berri batek Iruña eta Barañain Landabengo industrialdearekin lotuko ditu, Miluze kalean barna

Bidegorri berri batek Iruña eta Barañain Landabengo industrialdearekin lotuko ditu, Miluze kalean barna
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatu dute Next Generation funtsen finantzazioa duen 969.000 euroko obra hori gauzatzeko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Bidegorri berri batek Iruña eta Barañain Landabengo industrialdearekin lotuko ditu. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu dute obra hori gauzatzeko, 969.000 euroko aurrekontuarekin eta Next Generation EU funtsen finantzazioarekin. Ia kilometro bateko luzera duen tarte bat da, Iruña eta Barañainetik Landabengo Industrialdera bizikletaz eta beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiekin zirkulatzea ahalbidetuko duena, Miluze kalean barna.

Proiektua Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak kudeatzen dute eta hitzarmen arauemaile bat sinatu dute Next Generation EU europako funtsek finantzatutako jarduketa hori gauzatze aldera. Funts horiek Nafarroako Gobernuari eman zaizkio, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, "Hiri-inguruneetan eta metropolietan mugikortasun jasangarriko, seguruko eta konektatutako Ekintza Planaren" 1. osagaiaren barruan. Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eta Berta Miranda Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko zuzendari nagusiak gaur goizean aurkeztu dituzte egunero 8.800 ibilgailu baino gehiago ibiltzen diren bide bat berrantolatuko duen baterako jarduketaren xehetasunak.

Proiektuak kilometro bateko luzera duen bi noranzkoko bidegorri bat diseinatu du, gainerako mugikortasun moduetatik bereizita, 2,5 metroko zabalerakoa eta motordun ibilgailuen bidearekiko 0,50 metroko tartearekin, non kautxuzko bereizgailuak jarriko baitira muga eta defentsa gisa. Bizikletendako azpiegitura berri hori zirkulazio-erreiaren eskuineko aldetik igaroko da, hiritik ateratzeko Landabenerako noranzkoan.

Gainera, trafikoa baretzeko beste jarduketa batzuk eginen dira Jaso Ikastolako inguruan eta hainbat bidegurutze eta biribilguneetan bide segurtasuna hobetze aldera. Next Generation funtsen epeek obra jasotzeko 2025eko amaiera aipatzen duten arren, Iruñeko Udalak, zeina proiektua gauzatzeaz arduratuko baita, lanak abuztuan lizitatzea aurreikusten du, jarduketa 2023ko otsailean amaituta egon dadin.

Aldaketak bidearen sekzioan

Miluze kaleko lehen tartean, Barañaingo etorbideko eta Ermitagaña kaleko biribilguneen artean, bidearen sekzioa Landabengo noranzkoan antolatuko da, zirkulazio-erreietako bat kenduta eta egun dauden baterian aparkatzeko tokiak ilaran aparkatzeko toki bihurtuz, bidegorriaren eta errei motorizatuaren artean, eta ilara horretara ere mugituko dira hondakinen edukiontziak. Bidegorriak tarte horretan 0,90 cm-ko babes-banda bat izanen du, babes gutxiagorekin erreiaren ezkerreko aldean aparkatutako autoen ateak irekitzeagatik gerta litezkeen istripuei aurrea hartzeko.

Proiektu horren ezaugarrietako bat zirkulazioaren bi noranzkoak bereizten dituen erdibitzailea txikitzearekin du zerikusia , bidearen bigarren tartean, Ermitagaña kaleko eta Barañaingo Erdiko etorbideko elkarguneko biribilgunearen eta Landabengo industrialdeko hego-ekialdean A kaletik sartzeko biribilgunearen artean. Kalearen erdibitzailea zertxobait mugitu eta aldatuko da, estuagoa eginez, bi noranzkoetan ibilgailuen bi zirkulazio-erreiei eutsi ahal izateko, bai eta eskuineko aldean Landabengo noranzkoan dagoen bidegorriari ere.

Zirkulazio-erreiak ere estutuko dira zirkulazioa baretzeko neurri gisa, eta dagoeneko radar finko baten bidez egiten den abiadura-kontrola indartuko da. Radar hori beharrezkoa da, gaur egun bide horretan abiadura-muga (50 km/h) ez betetzea ohikoa baita, bideak konfigurazio zuzena duelako eta industrialdera sartzeko bidea delako. Erdibitzailearen aldaketa horrek berekin dakar argiteria publikoa bi espaloietara eramatea, eta jarduketa koordinatzea Udaleko Berdeguneetako Zerbitzuarekin, farolen kokapena dauden zuhaitzetara egokitzeko.

Proiektua oinezkoen eta ziklisten bidegurutzeen eta ibilgailuen galtzadaren arteko segurtasuna errazteko diseinatu da. Horretarako, zirkulazioa baretzeko neurri gisa erreiak estutzeaz gain, Nafarroako Liburutegi Nagusiaren atzealdean dagoen disuasio-aparkalekuaren sarbideak berrantolatuko dituzte; eta hilerriko errepideko eta Miluzeko bideko bidegurutzeetan biraketak ezabatuko dira. Jaso ikastolaren inguruan espaloia handitzeak eta pasabide aurreratu bat jartzeak, oinezkoendako pasabideak argiztatzeak eta botoia duen pasabide semaforodun batek, besteak beste, eremuaren segurtasuna areagotuko dute.

Lizitazio-aurrekontua: 969.000 euro

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak hitzarmen bat sinatu dute lan hori finantzatzeko Nafarroako Gobernuak Next Generation EU funtsetatik datorren dirulaguntza arautze aldera. Zenbateko hori 874.011,74 eurokoa izanen da gehienez, obrak egiteko eta zuzentzeko.

Iruñeko Udala arduratuko da obra lizitatu eta gauzatzeaz, zeinak gutxi gorabehera 801.187,25 euroko (BEZa kanpo) aurrekontua izanen baitu, hirigintza taktikoko eta bidegorrietako esparru akordioaren bitartez. Kopuru horri gehitu behar zaio lanen zuzendaritzena eta segurtasun eta osasuneko koordinazioarena, biak europar funtsen bidez ere finantzatuko direnak. 

Miluze kaleko bidegorriaren eraikuntza-proiektua Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Zuzendaritza Nagusiak egin du, 18.150 euroko kostuarekin (BEZa barne). Halaber, sinatutako hitzarmenarekin bat, Nafarroako Gobernuak aholkularitza teknikoa emanen die Next Generation EU funtsei, ingurumen-aholkularitzari eta lanen gauzatzearen koordinazioari, jarraipenari eta gainbegiratzeari dagokienez.

Bere aldetik, Iruñeko Udalak bere gain hartuko du lanen gauzatzearen eta zuzendaritzaren BEZari dagokion zenbatekoaren finantzaketa, 174.979,30 euroko zenbateko estimatuarekin, hori baita Nafarroako Foru Administrazioaren Lurralde Kohesioko Departamentuak jaso dituen Next Generation EU funtsen laguntza estaltzen ez duen gastuaren zatia.

Go Green Iruña estrategia

Proiektuaren Europako finantzaketak obra egiteko epeak ere baldintzatzen ditu. Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren, "Hiri-inguruneetan eta metropolietan mugikortasun jasangarriko, seguruko eta konektatutako Ekintza Planaren” mugarri eta helburuekin bat (dirulaguntza plan horren bidez heldu da), obrak eta haien zuzendaritza teknikoa 2023ko martxoaren 30a baino lehen lizitatu behar dira, datorren urteko abenduaren 31 baino lehen adjudikatu behar dira, eta 2025eko abenduaren 31 baino lehen jaso behar dituzte; dena den, data horiek nabarmen aurreratuko dira.
Iruñeko udal-mugarteko jarduketa horrek Barañaingo udalerria Landaben industrialdearekin lotzea ere errazten du, bidegorri berria bi udalerriak lotzen dituen bidegorriaren elkargunean hasiko baita, eta Go Green Iruña Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Estrategiari lagunduko dio, zeinak, berotegi-efektuko gasen isurketak murrizten laguntzen duten ekintza guztiak biltzen baititu; horien artean, mugikortasun-eredua aldatzera bideratutakoak nabarmentzen dira, eta garraioa da gure hiriko sektore igorle nagusia, CO2 isurketa guztien % 56ra iritsiz, Go Green Iruña estrategia horren oinarri den diagnostikoaren arabera.

Bizikletendako azpiegiturak hobetzea

Nafarroako Gobernuak, Next Generation funtsen esparruan, 12 milioi eurotik gora jasoko ditu mugikortasun jasangarriko proiektuak sustatzeko, bidegorriak, oinezkoendako ibilbideak eta disuasio-aparkalekuak gauzatu eta hobetzera eta 50.000 biztanle baino gehiagoko inguruetan garraio publikoa lehenestera bideratuta.

Halaber, Lurralde Kohesiorako Departamentua, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, mugikortasun jasangarria sustatzeko askotariko ekintzak egiten ari da; besteak beste, Nafarroako bizikletendako azpiegiturak hobetzea. Eraikitzen ari diren lanen artean nabarmentzen da Tutera eta Fontellas lotuko dituen 3 kilometrotik gorako bidegorria eta Lizarra eta Villatuerta lotuko dituena, 7,3 kilometrokoa. Bi azpiegiturek oinezkoen eta ziklisten zirkulazio eroso eta segurua ahalbidetuko dute, eta Lizarrakoaren kasuan, erromesena ere.

Bestalde, aurten  bizikletendako beste bide batzuk egin dira, hala nola Lesaka EuroVelo 1-ekin lotzen duena (1 km-koa), Atlantikoko Kostaldeko Bidea, bai eta Ollaraneko Beasoain-Egillor kontzejua eta Oltza Zendean dagoen Asiain elkartzen dituen bizikletendako eta oinezkoendako bidea ere, 2,3 kilometroko luzerakoa eta kontzejuko 120 biztanleei garraio publikoko autobus zerbitzua erabiltzea ahalbidetzen diena.

Gainera, iaz Metauten eta Zuñiga artean hiriarteko bizikleta-bide bat estreinatu zen motordun ibilgailuekiko mendekotasuna murriztea eta, hala, bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea ahalbidetzen duena. Ibilbide horrek, halaber, bi herriak Vasco Navarro trenaren bide berdeko hogeita hamar bat herrirekin lotzen ditu.

 

logos NEXT

 

¿Te ha sido útil esta página?