Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak zama-proba eginen du Labriteko igarobidean, eta egituraren benetako egoeraren berri emanen

Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak zama-proba eginen du Labriteko igarobidean, eta egituraren benetako egoeraren berri emanen
Txostenen arteko desadostasunak ikusirik, Udalak uste du erakundea burujabetasunaren, objektibotasunaren eta fidagarritasun teknikoaren berme dela

Nafarroako Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak eginen ditu Labriteko igarobidearen egituraren gaineko ikuskapenak, saiakuntzak eta probak (tartean, zama-proba), jakiteko benetan zer egoeratan dagoen eta, hartara, erabaki bat hartzeko haren etorkizunari buruz. Hori guztia azaldu dute Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Joaquín Salanueva Elkargoko dekanoak gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Espedientean jasotako txostenen, proiektua erredaktatu zuen taldearen eta eraikuntza-enpresaren arteko desadostasunak ikusirik, Iruñeko Udalak erabaki du Nafarroako Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa dela erakunde egokia lan horiek egiteko. Erakunde hori neutrala eta objektiboa dela jo da, eta burujabetasuna eta objektibotasuna bermatuko dituela eginen duen azterketan eta proposamenean. Horrez gain, behar besteko fidagarritasun teknikoa dauka zeregin hori betetzeko; izan ere, lana teknikoki oso konplexua da, eta espezializazio-maila altua eskatzen du.


Aurreikusi denez, igarobidearen gaineko saiakuntza-lanak azaroan hasiko dira, eta hilabete horretan bertan burutuko. Behin datuak jasota, baliteke dagokion dokumentuaren erredakzioa eta entrega 2020ko urtarrilean egitea. Ikerlanen eta irizpenaren kostua 50.000 euro da (BEZa barne).


Segurtasuna bermatzea eta igarobidea erabilgarri jartzeko aukera zehaztea
Behin bukatuta Labriteko igarobidea dela-eta Iruñeko Udalari eragindako kalteen gaineko erantzukizunak zehazten dituen espedientea, Iruñeko Udalak sakon aztertu nahi du zer eragin duten pasabidearen egonkortasunean antzemandako egiturazko eta eraikuntzako arazoek, zertarako eta segurtasuna bermatze aldera beharrezko diren jarduketak egiteko –beharrezkoak badira–, eta azkenik, zehaztu ahal izateko pasabidea berriro erabilgarri jartzeko aukera ote dagoen.


Labriteko igarobideari buruzko espedientean badira egiturazko eta eraikuntzako arazoak jasotzen dituzten txosten teknikoak. Zehazki, Ideam ingeniaritza-taldeak aurtengo otsailean egindako txostenak zera adierazten du: “Diseinu-, neurri- eta eraiketa-baldintzak direla-eta, Labriteko igarobideak ezin ditu bermatu indarreko lege eta araudiekin bat bete beharreko segurtasun- zein funtzionaltasun-mailak; horregatik, erabilgarri jartzeko ezgaitzat jotzen da. Antzemandako gabeziei irtenbidea emateko beharko liratekeen jarduketei dagokienez, egungo egoera eta eraikuntza ikusita, uste dugu igarobidea konpontzea ez dela bideragarria, ez teknikoki ezta ekonomikoki ere”. Baieztapen horri erantzun diote eraikuntza-prozesuan esku-hartu zuten eragileek, hots, hala obra erredaktatu zein zuzendu zuen taldeak nola UTE eraikuntza-enpresak, eta uneotan auzitegietan da kalteen eraginari eta erantzukizunaren hedapenari buruzko afera.


Igarobidearen ikuskapen eta egitura-datuen bilketa, hiru saiakuntzaz
Nafarroako Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoaren xedeetako bat irizpenak eta gomendioak ematea da, eta hori horrela, bere burua aurkeztu zuen zenbait alditan, igarobidearen egoerari buruz sortutako problematika ebazten laguntzeko, desadostasun teknikoak zeudela ikusita. Eginen duen lanari hasiera emateko, igarobidea ikuskatuko da lehenik, eta egitura-datuak jasoko dira hiru saiakuntzaren bidez. Horietako bat karga dinamikoaren proba izanen da, zeinarekin egituraren benetako bibrazio-maiztasuna lortuko baita. Bigarrenarekin xaflen eta egitura-osagaien benetako tentsioa zehazten da, hole-drilling teknikaren bidez (4 proba). Azkenik, bideoskopio bidez ikuskatuko dira korapilo nagusiko barne-kaxak eta bao nagusiko bat edo beste ere. Lanetara bisita egiteko eta saiakuntzak bertatik bertara egiteko, Udalak Elkargoaren esku jarriko ditu igarobidera sartzeko behar diren baliabideak eta zorua goratu eta taula metalikora iristeko behar diren langileak eta makinak.


Lanen bigarren fasean, lortutako datuetatik abiatuta eta eskuragarri duten informazioa baliatuta, txosten tekniko bat eginen da, hauek jasota: igarobidearen modelizazioa, lurraren eta egituraren arteko elkarreragina aztertuta; igarobidearen portaera-analisia; patologien eta horien jatorriaren identifikazioa, eta benetako zama-gaitasuna zein igarobideak jasan ditzakeen zamak, egitura sendotzeko aukeren analisia barne.


Labriteko igarobidea 2010eko abenduan ireki zen. 2016ko otsailean pasabideko beheko itxitura osatzen duten xafla batzuk askatu ziren. Lanen eragile ezberdinen txostenak jaso ostean, urte horretan bertan, ekainean, Udalak INTEMAC (Materialen eta eraikuntzen institutu teknikoa) kanpoko enpresari eskatu zion igarobidearen segurtasuna ikuskatu eta ebaluatzeko. Orduko uztailean, Udalak aldez aurretiko ohar bat jaso zuen, igarobidea ixtea gomendatzen zuena, eta irailean sare bat paratu zen. INTEMACek eta erredakzio-taldeak aurkeztutako txostenak ez zetozen bat. eta horregatik, Udalak beste bat eskatu zion IDEAM Ingeniaritza Zibil eta Eraikingintzako Egituretarako aholkularitzari. Azkenik, Udaleko Aholkularitza Juridikoak erantzukizunak zehazteari buruzko txosten bat eman zuen aurtengo apirilean; bertan ezezten ziren Mapfre-k, TEUSA técnicas de restauración SA-k, Oscar Pérez y Carlos Pereda-k, BOREAS nuevas tecnologías SL-k eta Ignacio Olitek aurkeztutako alegazioak, berretsi egiten zen eragile guztien erantzukizun solidarioa, eta diru-erreklamazioa aktibatzen, eragindako kalteak 794.768,61 euroan baloratuta.
 

¿Te ha sido útil esta página?