Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak egindako karga-probaren eta txostenaren arabera Labriteko pasabidea konpongarria da

Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak egindako karga-probaren eta txostenaren arabera Labriteko pasabidea konpongarria da
Hirigintza Batzordeak gaur goizean eduki du teknikariek egin duten diagnostikoaren eta proposatzen dituzten esku-hartzeen berri

Pasarela de Labrit

Labriteko pasabideak hutsuneak ditu, horietako batzuk larriak, baina arazo horiek konpon daitezke zenbait esku-hartze eginda. Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeak gaur goizean eduki du Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoaren Nafarroako demarkazioak eginiko txostenaren ondorioen berri. Zuzenbide publikoko entitate horrek pasabide gainean hainbat ikuskapen, proba eta saiakuntza egiteaz gain eskuragarri izan duen dokumentazio guztia aztertu du, egitura eta haren portaera hobeki ezagutze aldera. Alonso Cobo Ingeniería enpresako Alonso Cobok sinatzen du txostena.

Enrique Maya Iruñeko alkateak, gaur goizean, batzordearen bilkura amaitu ostean, agerraldia egin du jendaurrean azaltzeko Udalaren eskariz eginiko ikerketa teknikoaren emaitzak. Harekin batera agertu dira Joaquín Salanueva Etayo, Elkargoaren Nafarroako demarkazioko dekanoa eta Carlos Alonso Cobo, Udalean jaso den azken txostenaren arduraduna.Txosten hori 2016ko irailaz geroztik jendearendako itxita dagoen azpiegiturari buruzko erabakiak hartzen laguntzeko eskatu zen.

Ingeniarien Elkargoaren ondorioen arabera esku-hartzeak hiru lan-ildo izanen lituzke. Batetik, zimenduen gainean esku-hartzea, pasabidearen zubi-branken (Jito Alai eta Media Lunako euste puntuen) higidura horizontala eragozteari begira. Proposamenak eskatuko luke mikrozementu injekzioa egitea lurrean edo zimenduak finkatzeko bestelako teknikak erabiltzea, egiturak mugimendu zehatz horrekiko duen sentikortasuna mugatze aldera. Bestetik, eta egitura metalikoari dagokionez, behar bezala soldatu eta behar diren errefortzu metalikoak jarri beharra dagoela azaltzen dute, herdoila urez garbitu eta xaflen lodiera erabilgarria neurtu ondoren. Azkenik, pasabidea egiteko erabilitako corten- altzairuak erakusten duen korrosioari dagokionez, txostenak pasabidearen drainatzea hobetzea proposatzen du eta egun dituen zoladura eta euskarriak kentzea, gaineko xafla inpermeabilizatuko duen zolagain berri bat jartzeko. Txostenak guztira 380.000 euroan (BEZa kanpo) zenbatetsi du egin beharreko esku-hartzeen kostua. Iruñeko Udala lanean ari da konponketa honek Udalaren diru-kutxari gasturik eragin ez diezaion.

Elkargo profesionalak, bere txostenean dio, “ikuspegi eraikitzailetik aitortu nahi izan duela proiektu-egileek, eraikuntzako enpresariek eta aurrez egindako txostenen egileek egituraz  konplexua, herritarrentzat preziatua eta hainbat alditan saritua izan den hiri-elementu hau gauzatzeko eginiko lana”. Labriteko pasabidea deiturikoa 2010. urtekoa da.

Ikuskapen sakona bermezko simulazio baterako

Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak egin duen esku-hartzeko proposamenak berekin ekarri du pasabidearen espedientea proiektutik eta obren dokumentaziotik hasi eta azpiegitura amaitu zen unetik INTEMAC eta IDEAMi haren egoerari buruz agindutako txostenetaraino ikuskatu behar izatea.

Elkargoko teknikariek egituraren eta zimenduen alde irisgarriak eta ez-irisgarriak ikuskatu dituzte, hala begiz, nola egituraren kutxen barnealdera iristeko bideoskopio bat erabiliz zein zimenduen parte bat agerian jarriz. Bestetik, zama-proba dinamiko bat egin dute egituraren gainean honako hauen bidez: abiadura ezberdinean mugitzen diren (oinez, trostan eta lasterka) bi pertsonen pisuaz, azelerazio bertikala neurtuz ezkerreko eta eskuineko habeen erdiko argi-sekzioan eta zenbait tentsio-saiakuntza eginez. Elkargoak hasierako proiektuan eginikoaren kanpaina osagarria egin du parametro geoteknikoen eta lurreko geruzen emaitzak eskuratzeko, lurraren eta egituraren arteko elkarreragina zuzen simulatu ahal izateko.

Informazio horrek guztiak pasabidearen portaera simulatzen duten bi eredu informatiko kalibratu osatzea ahalbidetu die (zimenduen desplazamenduarekin eta gabe). Horrek egituraren azterketa bi agertokietan egiteko aukera ematen du, ondoren esku-hartzeko dauden aukera errealei buruzko ondorioak ateratze aldera.

Gabeziak eta horiek arintzeko neurriak

Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoaren arabera behatu ahal izan den zimenduen aldea egoera onean dago. Teknikariek ez dute bat egiten egitura finko dagoen iritziarekin –proiektuan hori jaso bazen ere-, baina ezta tuparriak ez duela desplazamendua batere indargabetzen dioen iritziarekin ere. Txostenaren arabera egituraren benetako portaerak erakusten du zimenduak mugi daitezkeela. Hala ere, ikerketaren arduradunek nabarmendu dute Jito Alai pilotalekuaren sendogarrian eraikitako zimenduetan proiektuan aurreikusitakoak baino mikropilote gehiago daudela eta gaur egun, aurrealdeko piloteen karesnea eta gainazalak ezin hobeki daudela, ez dutela inongo plastifikazio aztarnarik.

Bestetik, teknikariek atzeman dute pasabidea oso arku baxuko egitura dela eta sentikortasun handia duela zimenduen mugimenduekiko. Sentikortasun hori korapiloaren inguruko zuakerren eta habeen gilbordurak eragindako ezegonkortasunean islatzen da, bai eta alboko xaflan ere, zuaker bertikalen artean. Hori horrela, garrantzitsua iruditzen zaie Jito Alai eta Media Lunako zubi-branken higidura horizontala ekiditea, eta –gaineratzen dute- hori lurrean mikrozementua injektatuz edo zimenduak finkatzeko beste teknika batzuen bidez lor daitekeela.

Egiturari dagokionez, testuan jasotzen da korrosioa nabarmena dela, proiektuan jasota zeuden errefortzuko xafla batzuk falta direla eta gaizki egindako soldadurak antzeman direla eta baita egin gabe utzitakoak ere. Gabezia horiek leuntzeko presio handiko ur txorrotaz garbitu beharko litzateke herdoila, hura kentzeko, xaflen lodiera erabilgarria neurtu ahal izate aldera; horrez gain,  soldadurak behar bezala egin eta beharrezkoak diren errefortzu metalikoak jarri beharko lituzkete.

Azkenik, proposamen teknikoaren arabera, drainatzea hobetu beharko litzateke, zuloak eginez edo ura metatzea eragotziko duten bestelako teknika batzuk erabiliz, eta horrekin batera egungo zoladura eta haren euskarriak kendu eta gaineko xafla iragazgaizteko zolagain berria jarri beharko litzateke. Bukatzeko elementuari babes-tratamendu orokorra eman beharko litzaioke.

¿Te ha sido útil esta página?