Dagoeneko amaituta daude Landaben industrialdea (A eta E kaleen elkargunea) eta Iruña Juaristi Doktorearen ardatz jasangarriaren bidez lotzen dituen 2,50 metroko zabalerako bidegorriaren 1.240 metroak. Bide hori Sanduzelai ikastetxe publikoaren parean amaitzen da. Esku-hartze horri lotutako hobekuntzen barruan, oinezkoendako beste pasabide semaforodun bat sortu da NA-700an, Orkoiendik datorren adarrean.
Gaur goizean, Gerentziako eta Udaleko Hirigintza Batzordeko kideak bertan izan dira, esku-hartze horri buruzko informazioa biltzeko eta nola gauzatzen ari den bertatik bertara ikusteko. Obra horien aurrekontua 1,74 milioi eurokoa da, eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren (PRTR) funtsen kontura eginen da. Proiektu hori 1. osagaiaren ("Hiri- eta metropoli inguruneetan mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatua lortzeko talka-plana") 1. inbertsioan ("Emisio baxuko eremuak eta hiri- eta metropoli-garraioaren eraldaketa") sartuta dago.
Urbanismo Táctico Pamplona ABEEk egin ditu lanak (Lacunza Hermanos eta Goyo Señalizaciones enpresek osatzen dute). Talde horrek Iruñean mugikortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko obrak zer enpresak eginen dituen hautatzeko esparru-akordioa dela medio lortu zuen kontratua. Lanak maiatzean hasi ziren, eta, azpiegitura jada amaituta dagoen arren, 2025aren hasieran amaituko dira azken lanak (27 zuhaitz landatzea, dagoeneko eraikita dagoen 200 metroko txorko jarraitu batean).
Bidegorri-lotura
PAV-Proyectos de Obra Civil y Auditorías de Seguridad Viaria aholkularitza-enpresak diseinatutako proiektuari jarraituz, Udalak bidegorri bat eraiki du Sanduzelaiko etorbidetik Landaben industrialdeko A kalearen arteko lotura-biribilguneraino. Helburua da bide horri esker hiriko inguru horretako ibilbidea osatzea etorkizunean, Miluze kaleko bidegorria eta Sanduzelaiko Juaristi Doktorea kaleko ardatz jasangarria lotuz.
1.240 metroko tarte batean egin dira jarduketak, industrialdeko A eta E kaleen elkarguneko biribilgunetik Juaristi Doktorearen kaleko ardatz jasangarriko bidegorriraino. Bidegorri hori Sanduzelai ikastetxe publikoaren parean amaitzen da. Tarte horretan, bidegorria eskuinaldeko espaloiaren zintarriaren kanpoko ertzetik doa Iruñeko erdigunerantz.
Orain arte egindako bidegorria bi noranzkokoa da, eta 2,90 metroko zabalera du guztira. Zabalera horretatik 0,5 metro galtzadako erreiaren eta bidegorriaren arteko tarteak hartzen ditu; eta bidegorriak berak 2,50 metro hartzen ditu, zirkulazioaren noranzko bakoitzak 1,25 metro izan ditzan. Behar besteko zabalera izan dezan, erdibitzaileko irlatxoen zati bat okupatu da eta lehendik dauden bideetako erreien zabalera pixka bat murriztu da, Sanduzelaiko etorbidearen eta Landaben industrialdeko A kalearen arteko lotura-biribilgunean izan ezik, hor ibilgailuen zirkulaziorako egungo bi erreien diseinua mantentzen baita, errei bakoitzeko 4,50 metroko zabalerakoa.
Oinezkoendako pasabide semaforoduna eta 27 zuhaitz
Obra horietan, NA-700 errepidean beste pasabide semaforodun bat egin da oinezkoendako, Orkoiendik datorren adarrean. Inguru horretan oinezkoendako bi pasabide zeuden Sanduzelai etorbidera sartzeko, bat bidegurutzearen aurretik eta bestea ondoren, baina pasabide berri horri esker osatu egin da bidegurutzea. Pasabide hori semaforoduna da, eta kuxin berlindarrak ditu zirkulazioa lasaitzeko eta inguru horretan dabiltzan oinezkoak babesteko.
Obra horietan 33 argi-puntu aldatu dira, eta 21 semaforo-zutabe eta -paldo instalatu dira. Sanduzelaiko etorbideko eta A kaleko erdibitzaileetan zeuden zuhaitzak (12 Ginko biloba) aldameneko lorategi batean birlandatu dira. Gainera, biribilgunearen aurreko oinezkoendako pasabidean bi lorategi-eremu eraiki dira, eskuineko ertzean, Landabenerako noranzkoan (Diconaren ondoan).
Era berean, 200 metroko txorko jarraitu bat eraiki da Miluze Zubi Zaharraren ondoren. Zati horretan, galtzadaren gainean eta espaloiaren ondoan dagoen plataforma zahar baten gainetik doa bidegorria. Ofita-hondarrez amaitutako eta landare-lurrez betetako txorko horretan, Berdeguneen Zerbitzuak 27 zuhaitz landatuko ditu 2025eko urtarrilean, bidegorria eta galtzada bereizteko, eta eremu horretako paisaia- eta ingurumen-balioa handitzeko.
