Iruñeko Udalak jarduera-programa bat prestatu du azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat egiteko. Egun hori NBEk mundu mailan ezarri zuen 1999an eta indarkeria mota hori honela definitzen du: “emakumea izatean oinarritutako indarkeria-ekintza oro, emakumeari kalte edo sufrimendu fisikoa, sexuala edo psikologikoa eragiten diona edo eragin diezaiokeena, bai eta ekintza horien mehatxuak, hertsapena edo askatasuna arbitrarioki kentzea ere, dela bizitza publikoan dela pribatuan.
2022an desgaitasunen bat duten emakumeek jasaten duten diskriminazio bikoitzean jarri da begirada zehazki. Hainbat ikerketaren arabera, indarkeria matxista pairatzeko duten arriskua bost bider handiagoa da desgaitasunik ez dutenemakumeen artean baino. Aurten bost proposamen daude, bi jende orori zuzenduak eta beste hiru gazteei zuzenduak.
Lehenengo biak proiekzioak dira. Azaroaren 21ean (astelehena), ‘In VISIBLES’ performancearen proiekzioa eginen da, eta haren jarraian solasaldi bat. Performance hori Emma Larretak, genero-indarkeriatik bizirik atera zen emakumeak asmatu zuen eta bera du protagonista. Azaroaren 24an, ostegunarekin Marga Gutiérrez zuzendariaren ‘Ama-das’ (Espainia, 2022, 71 minutu) film-dokumentala emanen da. Filma 10 saritarako izendatuta dago 2023ko Goya sarietan, besteak beste, Film onenaren, Zuzendari berri onenaren eta Jatorrizko gidoi onenaren sarietarako. Gidoiak, testigantzen bidez, maila ezberdineko zenbait desgaitasun dituzten emakume batzuen segurtasun-gabeziak jorratzen ditu.
Halaber, azaroaren 23an (asteazkena) eta 24an (osteguna) Gaztediaren Etxean gazteei zuzendutako bi lantegi eginen dira, bata indarkeria sexisten prebentzioari buruz eta bestea eskulanetakoa, eta, horiez gainera, zuzenean eginen da Ática FMko ‘El cofre del Capitán Morgan’ programa , genero-indarkeria kirolaren munduan ardatz hartuta. Gonbidatu berezi gisa parte hartuko dute Mai Garde futbolari eta Osasuna taldeko oinarrizko futbolaren koordinatzaileak eta Andrea López Méndez Nafarroako eskualde mailako Lehen Maila Autonomikoko eta Emakumeen Espainiako Futbol Errege Federazioko Emakumeen 1 mailako arbitroak.
Herritarrendako irekiak diren jarduera horiei dagozkion kanpaina instituzionalen hedapena eta hurrengo astean Udalak egiten dituen ekitaldi sinbolikoak gehitu behar zaizkie. Hala, Iruñeko Udalak Nazio Batuen Batzar Orokorrak gobernuei, nazioarteko antolakundeei eta GKEei gizarte arazo horren inguruan sentsibilizazio-jarduerak antolatzeko egindako deialdiari erantzuten dio.
Eraso basati batetik bizirik ateratzen denean
Azaroaren 21ean, astelehenarekin, Kondestablearen Jauregian, 18:00etan eginen da, sarrera librearekin, Udalak proposatutako lehenengo jarduera: ‘In VISIBLES’ performancearen emanaldia. Emma Larretaren proposamen artistiko hori koreografia eta antzezlan gisa sortu zen, 2008an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Hori, erasoa jasan eta urte betera gertatu zen, eta biktimaren rola hartu ordez lekuko bizia izateko rola hartu zuen, tratu txarren errealitatea erakusteko eta lozorro sozial eta emozionala eragozten laguntzeko. Orain, Larretak bere performancea grabaketa bilakatu du, besteak beste, hala edozein tokitan hedatzea errazagoa delako. Astelehenean Iruñera etorriko da da eta emanaldiaren ostean artista publikoarekin elkartuko da bere esperientzia eta pertzepzioak kontatzeko eta solasaldi bat eginen da.
Eta azaroaren 24an, ostegunarekin, ospakizuneko egunaren bezperan, 18:30ean, ‘Ama-das’ dokumentala proiektatuko da Juslarrocha Civivoxean, sarrera librearekin; dokumentala hiru kategoriatan izendatuta dago datorren urteko Goya sarietako, eta bertan, desgaitasun desberdinak dituzten hainbat emakumek indarkeria matxistarekin izan duten esperientzia kontatzen dute.. Idoia, Pili, Rosa eta Emma ahalduntze lantegi batera doaz beren autoestimua indartu eta beldurrei, zalantzei eta ardurei aurre egiteko tresnak lantzeko. Bere gogoetaren ardatza da ea maitatuak sentituko ote diren noizbait. Dokumentala COCEMFE–Desgaitasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen Nafarroako elkarteen Federazioak egindako diagnostiko batetik sortu zen, zeinak agerian utzi baitzuen desgaitasunen bat zuten emakumei zuzendutako enplegua bilatzeko lantegietan parte hartzen zuten emakumeen ia % 50ek genero-indarkeria jasan izan zuela edo jasaten ari zela. Dokumentalaren ondoren solasaldi bat eginen da zuzendariarekin eta protagonistekin.
Bi lantegi eta eginkizun sozialeko irratia
Gaztediaren Etxeak gazteei zuzendutako hainbat jarduera ere aurreikusi ditu. Azaroaren 23an, asteazkenarekin, 18:30ean, ‘Maitasun osasungarria eta tratu txarren prebentzioa’ lantegia eginen da. Jarduera horren helburua da gazteei bikote harremanetan tratu txarrak identifikatzen laguntzea, eta baita maitasun erromantikoaren kontzeptutik haratago lotura afektibo osasungarriak eraikitzen laguntzen ahal dien gida bat eskaintzea ere. Genero-indarkeriaren bilakaera eta hura prebenitzeko zer egin behar den aztertuko da.
Eta ostegunerako bi proposamen aurreikusi dira: Lehenengoa, 18:00etan, eskulan-lantegi bat da; Garazi Valluercak gidatuko du eta parte hartzaileak indartu dituzten esaldien eta istorioen zatien ilustrazioak dituzten paper-zerrendekin ‘Kupula’ bat osatuko dute ahalduntze, aitorpen eta segurtasun gune bat sortzeko.
19:30ean, hala nahi dutenek, Ática FM irratiak ematen duen ‘El cofre del Capitán Morgan’ programaren zuzeneko emankizunera joateko aukera izanen dute. Egun horretan genero-indarkeria kirolaren munduan izanen da edukien ardatza. Merche Etayo eta Belén García esatariek Mai Garde futbolaria eta Osasunaren oinarrizko futbolaren koordinatzailea eta Andrea López Méndez, Nafarroako eskualde-mailako- Lehen Maila Autonomikoko eta Espainiako Futbol Errege Federazioko Emakumeen 1 mailako arbitroa elkarrizketatuko dituzte.