'Beti norbaitekin' adinekoen bakardade-egoerei aurre egiten dien programak bere jardun-eremua zabalduko du Txantreara eta Iturramara

'Beti norbaitekin' adinekoen bakardade-egoerei aurre egiten dien programak bere jardun-eremua zabalduko du Txantreara eta Iturramara
”La Caixa” fundazioak, Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Kutxa fundazioarekin elkarlanean, 2021ean abiatu zuen programa Donibanen
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

Iruñeko Udalak, ”la Caixa” fundazioak eta Nafarroako Kutxa fundazioak “Beti norbaitekin” programarekiko eta hiriko adinekoekiko konpromisoa berretsi dute. ”La Caixa” fundazioaren programa hau Pauma entitatearen eskutik gauzatu da, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Kutxa fundazioaren laguntzarekin, eta bere jarduera-eremua zabalduko du hirian, Txantreara eta Iturramara hedatuz, Donibanen 2021eko amaieran martxan jarri ondoren. 

Enrique Maya Iruñeko alkateak, David Velasco ”la Caixa” fundazioaren Adinekoen Programako zuzendariak eta José Ángel Andrés Nafarroako Kutxa fundazioko lehendakariak gaur goizean sinatu dute 2020an sinatutako hitzarmenaren eranskina, programa, gutxienez, 2023ko amaierara arte luzatzen duena. Indarraldia luzatu da eta auzo gehiagotara hedatu da, sarea sortzeko, adineko pertsona gehiagorengana iristeko eta lurraldea gehiago sentsibilizatzeko xedez, lehen urteko esperientziaren ondoren parte hartu duten eragile guztiek eta onuradunek balorazio positiboa egin ondoren.

‘Beti norbaitekin’ programa 2021eko amaieran abiatu zen Donibanen. Martxan jarri zen lehen urtean 66 pertsona artatu zituen, 19 entitateren eta 5 boluntarioren laguntzarekin.

65 urtetik gorako biztanleen % 22
La Caixa” Fundazioaren Adinekoen programak xede du zahartzaroan agertzen diren erronka berriei aurre egitea. Bizi-itxaropena handitzeak, familiaren formak eta ereduak aldatzeak eta denboraren erabilera modu ezberdinean antolatzeak errealitate gero eta konplexuagoa planteatzen dute eta erronka berriak sortzen dira hortik, besteak beste, bakardadea. 

Espainia osoan, 65 urtetik gorakoek populazioaren % 19,1 osatzen dute, eta ehuneko hori % 24,9ra arte haztea aurreikusten da 2068an. Iruñean, gaur egun, 65 urtetik gorakoak biztanleriaren % 22 dira. Kalkuluen arabera, adin-tarte horretan, bakardadearen prebalentzia % 30 eta % 40 artekoa da, hau da, guztira 2,7 eta 3,6 milioi pertsona bitarteri eragiten die Espainian. 

Otsailaren 10ean, ostiralarekin, 09:30etik 13:30era, Civicanen “Bakardade existentzialaren erronka” izenburupean Bakardadearen III. Jardunaldia eginen da, Nafarroako Kutxa fundazioak eta ”la Caixa” fundazioak antolatuta. Javier Yanguas ”la Caixa” fundazioko Adinekoen Programaren zientzia-zuzendaria eta María Jesús Goikoetxea doluan aditua eta Giza Eskubideetako doktorea bertan egonen dira. Hainbat gaietan sakonduko da, besteak beste zahartzaroan bizitza osoa izatea, bai eta galerak eta dolua ere. Jardunaldi irekia izanen da, aldez aurretik bertaratzeko asmoa baieztatuta.

Beti norbaitekin: sareko lanaren garrantzia
Pertsonak, subjektu aktibo gisa, beren egoeraren eta zahartze prozesuaren erdigunean jartzen dituzten jarduketa berritzaileak sustatu behar direla sinetsita, ”la Caixa” fundazioaren Adinekoen programak “Beti norbaitekin” proiektua abian jarri zuen, bakardade-egoeran dauden adinekoak ahalduntzea helburu duena, bai eta konfiantzazko harremanak erraztea ere. Programak esku hartzea aurreikusten du aliantzak sortuz eta komunitatearen barruan sarean lan eginez, eta herritarrak sentsibilizatzea egoera horiei aurre egiteko, adinekoen bakardade-sentimendua txikiagotuz. 

Pandemiaren ondoriozko testuinguruak adinekoen bakardade-egoerak larriagotu zituen, inposatutako isolamenduaren ondorioz. Esperientzia horrek agerian jarri zuen baliabide eta indargune pertsonalek duten garrantzia egoera mota horiei aurre egiteko. Zientifikoki frogatuta dago bakardadeari aurre egiteak eta gizarte harremanak hobetzeak onura garrantzitsuak ekartzen dituela: sufrimendu psikologikoa murriztea (depresioa, antsietatea...); egokitze psikologiko handiagooa estres kronikoko egoeren (zaintza kasu), galeren eta gaixotasunen aurrean; osasuna eta bizi-itxaropena hobetzea; bizi kalitate hobea, eta gaixo jartzeko eta dementzia jasateko aukerak murriztea. 

Halaber, programak egiaztatu du harreman sozialak sustatzea erabakigarria dela zentzua eta esanahia duen bizitza osoa izateko. Egun, ‘Beti norbaitekin’ programa Espainiako 14 hiritan eta Portugalgo 2tan (Lisboa eta Oporto) egiten da. 2022an, programak 1.290 pertsona inguru artatu zituen, sare komunitarioetan antolatutako 370 boluntario baino gehiagoren eta 437 entitateren inplikazioari esker. 

¿Te ha sido útil esta página?