Bestelako Argiak jaialdia Ziudadelan izanen da berriz ere, abenduaren 16tik urtarrilaren 8ra, sarrera librea duen adin guztietarako eskaintza zabalarekin. Jaialdiak honako hauek barne hartzen ditu: bideoarte-proiekzioak, argi-instalazio interaktiboak, haurrendako eta familiarteko sormen-lantegiak eta hainbat arte-erakusketa. Proposamenak hausnarketarako, gozamenerako, jolaserako eta emozioetarako gonbita egiten du bideosorkuntzaren bidez eta argia protagonista duen ikus-entzunezko artearen bidez. Informazio guztia webgune honetan kontsulta daiteke: iruñakulturada.es.
Bideoarte-proiekzioak Ziudadelako barrutian izanen dira, arratsaldeko 17:30etik 20:30era. ‘Zinetika’ diziplina anitzeko jaialdiaren zazpigarren edizioko zinema-hautaketako lau film labur erakutsiko dituzte. Jaialdi horrek dantzaren, ikus-entzunezko hizkuntzaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko harremanak aztertzen ditu, baita horiek sortzen dituzten esperientzia artistikoak ere. Honako hauek dira hautatutako film laburrak: ‘Unfolding’ (Zabaltzea), Noelia Pignatto argentinarrarena; ‘Breakadventure’, Igor Krasik alemaniarrarena; ‘Anamnesis’, Evagglelia Lousioti greziarrarena; eta ‘Uholdeak’, Olatz Larunbe artistarena.
‘Unfoldind’ (Zabaltzea, 2020) zentzumenak lehen planoan jartzen dituen film labur esperimentala da. Dantzari bat bere unibertso propioan murgiltzen da, testurak, koloreak, erritmoak, mugimenduak, oroitzapenak eta beldurrak agertzen diren orrialde zuri batean. Bi minutu eta berrogei segundoko iraupena du, eta Labearen fatxadan proiektatuko da.
‘Uholdeak’ (2022) bertako ekoizpena da, eta uraren inguruko hausnarketa egiten du; ura bizitza-iturri gisa, baina baita suntsipen eta hondamendi iturri gisa ere: naturaren indarrak modu bortitzean agertzen direnean, emozio eta sentimendu sakonak azaleratzen dira. Bost minutu eta hamar segundoko iraupena du, eta Mistoen Eraikineko atzeko fatxadan proiektatuko da.
‘Anamnesis’ lanak (2021) dantza eta estetika tradizionalaren eta garaikidearen nahasketa proposatzen du, dantzaren, musikaren, jantzien eta semantikaren ikuspegitik. Bi emakumek, alde batetik, norbanako gisa dihardute espazioan, baina baita kolektibo txiki gisa ere, beste aldean. Irudi poetikoen eta mugimenduaren bidez, beren aberriaren askatasunaren, identitatearen eta memoria kolektiboaren ideietan murgiltzen dira. Bi minutu eta berrogeita lau segundoko iraupena du, eta Lidia Biurrun aretoren horman proiektatuko da.
‘Breakadventure’ (2011) film laburrak dantzariaren jarrera izoztea planteatzen du, ondoren hari mugimendua emateko. Abstrakzioa, paperaren manipulazioa, mugimenduaren sintesia eta soinua dira lanaren esentzia. Minutu bateko iraupena du, eta Armada etorbideko barruko horman proiektatuko da.
Instalazioa eta lantegiak
Bestelako Argiak jaialdiaren aurtengo edizioak Fermín Izco artistaren Köpö argi-instalazioa eskainiko du berriz ere. Ziudadelara sartzeko tuneletan argi- eta kolore-joko bat egonen da ikusgai. Harresi-barrutira sartzen diren pertsonak igarotzen direnean haiekin elkarreraginean arituko dira argi horiek. Instalazio hau 17:30etik 20:30era aktibatuko da.
Horrez gain, haurrendako eta familiarteko lantegi tradizionalek osatzen dute eskaintza. Lantegi horiek Arma Aretoko beheko solairuan eginen dira, eta aurrez izena eman behar da 010 telefonoan (948 420 100, mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero). Lantegien prezioa 4 eurokoa izanen da, pertsona eta saio bakoitzeko.
Lehenengo proposamena ‘Kolore anitzeko izakiak askotariko unibertsoetan’ lantegia izanen da, abenduaren 27tik 30era bitarte, hitzordu bikoitzarekin: haurrendako lantegiak (5 eta 12 urte bitarte, 11:30etik 13:00etara) Carmen Salgado eta Blanca Razquin artistekin, lehenengo solairuan ikusgai dagoen ‘Topaketen ondoren’ erakusketaren ingurukoa.
Arratsaldean, 17:30etik 19:30era, lantegi esperimentalak izanen dira, 5 urtetik gorako haurrendako, heldu batek lagunduta. Kasu honetan, Virginia Santos, Alberto Odériz, Teresa Sabaté, Marta Rueda, Marijose Recalde, Carmen Salgado, Maider Kuadra eta Alicia Otaegui artisten sorkuntzetan oinarrituta lan eginen da. Lantegi horiek La Chincheta Brunak koordinatuko ditu.
Bigarren proposamena ‘Paperezko arimadun istorioak’ da, Mila García iruindarraren erakusketaren ingurukoa, Bolborategian. Lantegi horrek papera eta ‘papercut’ artea lantzen ditu, urtarrilaren 2tik 4ra bitarte, 11:30etik 13:00etara. Urtarrilaren 2an eta 3an familiarteko lantegiak (haurrendako, heldu batek lagunduta); eta urtarrilaren 4an 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako lantegiak.
Arte-erakusketak
Jaialdiaren barruan, egun horietan, Ziudadelan bost erakusketa izanen dira, eta Eguberriek iraun bitartean zabalik egonen dira. Honako hauek izanen dira: ‘Topaketen ondoren’ erakusketa kolektiboa Arma Aretoko lehen solairuan; ‘Barne-oihua’ argazki-erakusketa, Afrika behar-beharrezkoa programaren barruan, Mistoen Eraikineko lehen solairuan; Mila Garcíaren ‘Paperezko arimadun istorioak’ erakusketa Bolborategian; Oaia Peruarenaren ‘Substantzia’, Mistoen Eraikineko beheko solairuan; eta Ghislaine Veranoren ‘Gorputzaren soinuak’ instalazioa, Labean, non Eguberrietan hainbat performance-ekintza egonen baitira.
Erakusketa horiek guztiak asteartetik larunbatera bisita daitezke, 11:30etik 13:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Igande eta jaiegunetan, ordutegia 11:30etik 13:30era izanen da.
‘BESTELAKO ARGIAK’ JAIALDIAREN ZAZPIGARREN EDIZIOA
- Artea Mugimenduan. Bideoarte-proiekzioak. Ziudadelako barrutia. 17:30 - 20:30
- Köpö. Argi-instalazio interaktiboa. Ziudadelara sartzeko tunelak. 17:30 - 20:30
- Sorkuntza artistikoko lantegiak. Arma Aretoa, beheko solairua. Aldez aurretik izena eman behar da, 010 telefonoan. Lantegien prezioa 4 eurokoa da, pertsona eta saio bakoitzeko.
- ‘Kolore anitzeko izakiak askotariko unibertsoetan’. Abenduaren 27tik 30era. Haurrendako lantegiak (11:30 - 13:00) eta familiartekoak (17:30 - 19:30)
- ‘Paperezko arimadun istorioak’. Urtarrilak 2, 3 eta 4 (11:30 - 13:00). Familiarteko lantegiak (urtarrilak 2 eta 3) eta haurrendako lantegiak (urtarrilak 4)
- Erakusketak Ziudadelan: ‘Topaketen ondoren’, ‘Barne-oihua’, ‘Gorputzaren soinuak’, ‘Paperezko arimadun istorioak’ eta ‘Substantzia’. Ordutegia: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:30etik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.