
Datorren igandean, urtarrilaren 7an, amaituko da Bestelako Argiak jaialdiaren zortzigarren edizioa. Aurten ere, Iruñeko Udalak bideo-artearen eta sormen artistikoaren aldeko apustua egin du Gabonetan, Ziudadela nahitaezko bisita-gune bihurtu eta proiekzioak eta argi-instalazioak ikusteko edo lantegietan eta musika-esperientzietan parte hartzeko. Azken egun hauetan, 17:30etik 20:30era, bideo-artearen proiekzioek jarraituko dute gotorlekuko zenbait tokitan.
Bertaratzen diren ikusleek Zinetika VIII. Jaialdiko lau film labur ikusi ahal izango dituzte, dantza, ikus-entzunezko hizkuntza, gorputza eta teknologiaren arteko harremanak eta horiek sortzen dituzten esperientzia artistikoak aztertzeko hitzorduan. Ben Kandieren Ahead behind film laburra Armada etorbideko harresi-hormaren atzeko aldean proiektatuko da; Bernardo Alevato eta Taianne Oliveiraren Move, Mistoen eraikinaren kanpoaldean; Jaime Dezcallarren Un cuerpo es, Lidia Biurrun aretoaren kanpoaldean; eta Giorgia Ponticelloren Absent presence, Labearen kanpoaldean.
Lau film labur horiek minutu bat eta 4 minutu arteko iraupena dute, eta etengabe proiektatzen dira toki horietako bakoitzean. Horrela, barneko ibilbide bat sortzen da Ziudadelan barrena, non ordu laurden pasatxoko paseotxo batean bideo-arteko lau sorkuntza horiek ikusten ahal diren, Ziudadelak duen ondare eta natur aberastasunaz gain.
Argi-instalazioak
Proposamen artistikoa osatzeko, Ziudadelara, bai guardia-gorputzetik, bai Sorospeneko atetik sartzeko tuneletan, nola 8. kasernan bisitatzen ahal diren argi-instalazioak daude. Fermín Izcok argi- eta kolore-jokoak konbinatzen ditu beste behin ere, bi toki horietatik pasatzen direnekiko elkarreraginean. Köppö eta Lurra dira bi instalazioen izenak, eta arratsaldea iluntzean aktibatzen dira, 17:30etik 20:30era bitartean.
Bi aste hauetan, Bestelako Argiak jaialdiak beste hitzordu batzuk ere izan ditu. Abenduaren 26tik (asteartea) 30era (larunbata), Suakaik Una burbuja en calma (Burbuila bare bat) proposatu zuen, jende orori zuzendutako hamar minutuko sorkuntza musikala. Formatu txikian entzun ahal izan zen, Ziudadelako lorategietako karpa batean, 1-4 pertsonendako emanaldietan. Eta urtarrileko lehen aste honetan, haurrendako eta familiendako sorkuntza artistikoko hainbat lantegi egin dira, Ziudadelan ikusgai dauden erakusketekin lotuta: Chema Madoz/Helena Almeidaren Diseinu habitatuak, eta Variopintas kolektiboaren Korrespondentzia.
BESTELAKO ARGIAK VIII. ARTEA MUGIMENDUAN. ZIUDADELAN, ABENDUAK 20 – URTARRILAK 7
PROIEKZIOAK
AHEAD BEHIND. Ben Kadie (2:38 min. 2022). Armada etorbidearen atzealdean
- Dantza surrealista labur bat. Bi arrotzek elkarrekin topo egiten dute ilara amaigabe batean zain dauden bitartean. JA Collective dantza-bikotea eta Ben Kadie zuzendaria elkarlanean ari dira ezinezko 3D espazio bat modu paregabean baliatuko duen trippy pieza bat sortzeko.
MOVE. Bernardo Alevato / Taianne Oliveira (2:15 min. 2023). Mistoen erakinaren kanpoaldean
- Denbora, forma eta mugimenduarekin esperimentatzen du dantza generatiboko film batean, IA eta bideoa erabiliz.
UN CUERPO ES. Jaime Dezcallar (4:00 min. 2022). Lidia Biurrun aretoaren kanpoaldean
- Antonio José Martínez Palacios XX. mendeko espainiar musikari handia izatekoa zen. Zoritxarrez, Gerra Zibilaren hasieran exekutatu zuten, 33 urte besterik ez zituela eta obra handi bat utzita. Marco Flores dantza-konpainiarekin bere musika irudikatuko dugu berriro, eta ‘ahaztutako’ pertsona omenduko dugu.
ABSENT PRESENCE. Giorgia Ponticello (1:09 min. 2023). Labearen kanpoaldean
- Hautemateko, greziarren ‘urruneko ukitua’ delakotik abiatuta. Absent Presence deskonektatutako gorputz batek etxe huts bateko espazioetan bere burua aurkitzeko egiten duen bidaia surrealista da. Erreflexuen anbiguotasunaren eta itzal desitxuratuen arteko pertzepzio-jokoa, ikusleak ikusten ari direnaren erlatibotasunari buruz galdetzera daramatzana: Zer da benetakoa guretzat? Zer mugi dezaket eta zerk mugitzen nau?
ARGI-INSTALAZIOAK
- KÖPPÖ ETA LURRA. Fermín Izco. Ziudadelara sartzeko tuneletan eta 8. kasernan. Argiztapena: 17:30etik 20:30era