
Iruñeko Udalak eta Elikagaien Bankua fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, produktuak doan hornitu, biltegiratu eta banatzeko proiektuaren kudeaketa-gastuak finantzatzeko; egitasmoari esker, produktuak eskuratzen ahal dituzte egoera sozioekonomiko larrian dauden eta gizarte-bazterketa eta pobrezia pairatzen duten Iruñeko herritarrek. Hitzarmenak 40.800 euroko zuzkidura jaso du, eta 2025 osoan dago indarrean.
Elikagaien Bankua fundazioak konpromisoa hartzen du ekimen hauek guztiak gauzatzeko: elikagai-kateko eragileen elikagai-soberakinen bilketa, Fruta eta Barazki Ekoizleen Erakundeak hornitzeko programa, Nafarroako herrietan elikagaiak biltzeko kanpainak eta Iruñerriko Mankomunitateko programa. Halaber, elikagaiak trukatuko dira Espainiako beste Elikagai Banku batzuekin, elikagai horiek sailkatu eta biltegiratuko dira, eta aldian-aldian loteak banatuko dira elkarlanean diharduten ongintzako entitateen artean.
Estatutuetan islatutako sortze-helburuekin bat, hauek dira proiektuaren helburuak: herritar behartsuenen elikadura doan hobetzea eta elikagai-xahuketa ekiditea. Elikagaien Bankua fundazioak proiektu bakarra aurkeztu du, finantzatutako jarduera Nafarroa osoan gauzatze aldera; era berean, hainbat entitate publikok eta pribatuk kofinantzatzen dute jarduera hori, eta hala, fundazioa koherentea da entitate onuradunak proiektua garatu eta kudeatzeko baliatzen duen moduarekiko; izan ere, Nafarroa osoari zuzendua da, eta ez da berariaz udalerri bakoitzerako sortu.
Lankidetza-hitzarmenak Elikagaien Bankua fundaziora bideratzen du dirulaguntza izenduna, zeina 2025eko udal-aurrekontuetan jasota baitago. Hitzarmena honako hauek sinatu dute: Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak eta Mª Soledad Villar Lecumberri Nafarroako Elikagaien Bankua fundazioko lehendakariak.