Beste mundu batzuk erakusketak Sarasate pasealekuan jarraituko du urtarrilaren 9ra arte, eguzki-sisteman barrena ibilaldi bat egiteko Michael Bensonen eskutik

Beste mundu batzuk erakusketak Sarasate pasealekuan jarraituko du urtarrilaren 9ra arte, eguzki-sisteman barrena ibilaldi bat egiteko Michael Bensonen eskutik
Doako bisita gidatuak izanen dira astearteetan, larunbatetan eta igandeetan, euskaraz eta gaztelaniaz, irudien ezkutuko istorioak ezagutzeko
Irudia
Irudia
Irudia

Urtarrilaren 9ra bitartean, eguzki-sistema ezagutzeko aukera izanen da Sarasate pasealekuan. Beste mundu batzuk erakusketak, Michael Bensonen formatu handiko 40 argazki ditu ikusgai kalean. Bertan, egileak planetak erakusten ditu, NASA eta ESAren zundek zenbait planeta-misiotan jasotako irudietatik abiatuta. Erakusketa 24 orduz dago zabalik nork bere kabuz bisitatzeko, baina doako bisita gidatuak ere egiten ahal dira, euskaraz eta gaztelaniaz, asteartez, larunbatez eta igandez.

Bisita gidatua egin ahal izateko plaza erreserbatu behar da, webgune honetan: CaixaForum.org. Oraindik ere badira tokiak urtarrilaren 4an (larunbata), 17:00etan (euskaraz), urtarrilaren 5ean (igandea), 12:00etan (euskaraz) eta 17:00etan (gaztelaniaz), eta urtarrilaren 7an (asteartea) 17:00etan (euskaraz).

Caixa Fundazioak Iruñeko Udalarekin elkarlanean antolatutako erakusketaren helburua da kultura, zientzia eta ezagutza gizarteari hurbiltzea. Beste mundu batzuk erakusketak Lur planetatik eguzki-sistemaren mugetaraino doan ibilbidea proposatzen du zunden bidez jaso eta ondoren Michael Benson zinemagile, artista eta idazle estatubatuarrak prozesatutako formatu handiko irudien bidez. Egileak koloretako mosaiko ikusgarriak sortzen ditu jatorriz zuri-beltzekoak diren irudietatik abiatuta. Irudi horiek azken sei hamarkadetan espazioaren esplorazio robotizatuaren bidez jasotakoak dira. Egileak iragazkiak eta ehundik gora irudiren konbinazioak erabiltzen ditu pieza bakoitzean, panoramika liluragarrien hausturarik gabeko mosaikoak osatzeko.

Planetetako paisaiak
Michael Bensonek (1962) planetetako paisaien argazkigintzari buruzko nazioarteko hainbat erakusketatan lan egin du azken hamarkadan. Sateliteen edo teleskopio espazialen bidez lortutako jatorrizko irudi tratatu gabeak hartzen ditu argazki zientifikoen artxiboetatik, NASAren artxibotik esaterako, eta editatu eta prozesatu egiten ditu, formatu handiko paisaia iradokitzaileak lortu arte.

Sorkuntzek espazioaren edertasuna eta aniztasuna esploratzeko aukera ematen dute, eta besteak beste Eguzkia, Artizarreko sumendiak, Marteko haranak eta Jupiter eta Saturnoren eraztunak dituzte protagonista. Erakusketak adierazpen artistikoa eta dibulgazio zientifikoa uztartzen ditu, eta Kataluniako Ikerketa Espazialen Institutuko Kike Herreroren aholkularitza zientifikoa du. Beste mundu batzuk. Bidaia eguzki-sisteman barna erakusketa Artea kalean programaren parte da, eta horren bidez La Caixa Fundazioak pertsonengana hurbildu nahi du artea, museoek eta erakusketa-aretoek eskaintzen duten ohiko esparrutik kanpo. 

Artea kalean programa 2006an abiatu zen, eta harrezkero modernitateko erreferenteen sormen-lanak ekarri dizkie ikusleei, hala nola Auguste Rodinenak, Henry Moorerenak eta Sebastião Salgado argazkilari brasildarrarenak.



ARTEA KALEAN. BESTE MUNDU BATZUK. SARASATE PASEALEKUA

•    Eguzki-sisteman barnako bidaia, Michael Benson-en eskutik
o    2025eko urtarrilaren 9ra arte
o    Erakusketa 24 orduz egonen da zabalik nork bere kabuz bisitatzeko

•    Bisita gidatuetarako azken plazak
o    Sarreren erreserba (doakoa), webgune honetan: CaixaForum.org
o    Urtarrilak 4, larunbata: 17:00etan (euskaraz)
o    Urtarrilak 5, igandea: 12:00etan (euskaraz) eta 17:00etan (gaztelaniaz)
o    Urtarrilak 7, asteartea: 17:00etan (euskaraz) 
 

¿Te ha sido útil esta página?