
Iruñeko hamalau establezimenduk egin dute bat dagoeneko Udalak sektoreko eragileekin lankidetzan bultzatutako Festetako eta gaueko aisialdi pribatuko guneetan indarkeria sexistari aurrea hartu eta erantzuteko protokoloarekin. 2025eko hamar lokalez gain, 2026ko hasieran beste lau establezimenduk eginen dute bat protokoloarekin: NICDO Baluartek, NICDO Nafarroa Arenak, Nafarroa Oinezek eta Torino Berria Labaren Sukaldeak.
Egun hauetan, sinatutako atxikitze-idazkiak entregatuko dizkie Iruñeko Udalak establezimenduei, baita kanpainarekin lotutako materiala ere, establezimenduetan jartzeko eranskailuak eta kartelak eta publizitatean txertatzeko irudiak barne. Establezimenduek bat egin dezaten errazte aldera, hemendik aurrera atxikimendua eskatzeko hiru asteko epea ezarriko da, eta, beraz, eskaerak aurkezteko azken eguna 2026ko otsailaren 13a izanen da, Iruñeko Udalak prestakuntzak behar bezala antolatu ditzan.
Https://ociolibreviolenciasexista.pamplona.es/eu/ webgunea martxan dago dagoeneko, eta bertan protokoloari eta ekimenaren parte izateko nondik norakoei buruzko informazio guztia dago eskuragarri, atxikitzeko eskabidea barne. Hauxe da informazioa jasotzeko helbide elektronikoa: ociolibredeviolenciasexista@pamplona.es.
Festetako eta gaueko aisialdi pribatuko guneetan indarkeria sexistari aurrea hartu eta erantzuteko protokoloa denondako eskubide berberak bermatzen dituen aisialdi-ereduaren alde egiteko apustu irmoa da. Establezimenduak, lokalak eta gaueko aisialdiarekin eta festarekin lotutako eragileak Iruñeko Udalarekin eta mugimendu feministarekin ari dira elkarlanean, haien jabetzakoak diren guneak indarkeriei aurrea hartzeko beharrezkoak diren tresnekin hornitzeko, indarkeria pairatzen dutenak babesteko, indarkeria hori erabiltzen dutenei aurre egiteko eta gizarte osoa engaiatu dadin bultzatzeko.
Aisialdirako establezimendu mota guztiek egiten ahal dute bat protokoloarekin: bai lokal iraunkorrek, hala nola tabernek, kafetegiek, pub-ek eta diskotekek, bai ez-iraunkorrak diren esperientziak –jaialdiak, kontzertuak eta beste ekitaldi mota batzuk– kudeatu eta antolatzen dituzten entitateek eta enpresek. Protokoloaren parte direnek konpromiso hauek hartzen dituzte bere gain: indarkeria sexistako egoerei arreta eman eta erantzuteko koordinatzea eta sentsibilizatzea, barne-prestakuntzako prozesuak zehaztea, baita egiturazko beste neurri batzuk hartzea ere, hala nola espazioak eta aisialdirako eskaintza berrikustea.
BAT EGIN DUTEN ESTABLEZIMENDUAK
Torino Berria Labaren Sukaldea
NICDO Baluarte
NICDO Nafarroa Arena
Nafarroa Oinez
Infernu
Farmazia zaharra
Herriko Taberna
Adokin Gastrobar
Cofradía
La Viña Gastrobar
Lanbroa
Zazpi
Terminal
Zentral