Beste hiru auzok bat egin dute "Citius, Longaevus, Fortius" kirol terapeutikoko udal-programaren kirol- eta gizarte-errezetaren proiektuarekin

Beste hiru auzok bat egin dute "Citius, Longaevus, Fortius" kirol terapeutikoko udal-programaren kirol- eta gizarte-errezetaren proiektuarekin
Iturrama, Txantrea eta II. Zabalgunearekin batera, Etxabakoitz, Azpilagaña eta Donibanera zabaldu da orain kirol osasungarrirako proposamen hori




Etxabakoitz, Azpilagaña eta Donibane auzoek bat egin dute kirol- eta gizarte-errezetaren proiektuaren onuradunen sarearekin. Proiektu horrek kirol terapeutikoko jarduerak eskaintzen ditu, osasun-langileen gomendioz. Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Osasun Zerbitzuaren artean osasun-etxeen bidez bideratzen den lankidetzari esker batu zaizkie hiru auzo horiek Iturrama, Txantrea eta II. Zabalgunekoei. 

Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak hedapen horren berri eman du,  Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako Ariñe Sadaba Ezkerrekin eta zentro berrietako programaren talde eragileko kide hauekin batera: Ane Arboniés Esquíroz Etxabakoizko OEko gizarte-langilea; Blanca Ciga Tellechea Azpilagaña OEko erizaina eta María Luisa Berrio San Julián San Juan OEko erizaintzako burua.

Horrela, bultzada handiagoa ematen zaio "Citius, Longaevus, Fortius" kirol terapeutikoko udal-programari. Udal-proposamen honen helburua da Iruñeko Udalaren eta osasun sistemaren artean sinergiak sortzea, komunitateko kirol eta gizarte baliabideak erabili ahal izateko, 50 urtetik gorako pertsonen osasuna eta gaitasun funtzionala zientifikoki hobetu ahal izateko, pertsona horiek ariketa fisikorik egiten ez dutenean, hauskorrak direnean eta nahi gabeko bakardadea jasaten dutenean. 

Proiektu horrek aukera ematen du pazienteak osasun-etxeetatik kirol- eta gizarte-errezeten sistema horretara bideratzeko. Horrela, onuradunek orientazioa jasotzen dute beren egoera fisikoa eta psikikoa hobetzeko zer kirol- eta gizarte-jarduera egiten ahal dituzten jakiteko, eta banakako jarraibidea ematen zaie. Jarraibide hori aldizka ebaluatzen eta kontrolatzen da, testen, elkarrizketen eta askotariko jardueren bidez (ikastaroak, etxeko jarduerak, pultsometroekin egiteko paseo gidatuak, bideojoko aktiboen saioak, ariketa pertsonalen taulak, etab.). Jarraibide hori Gorputz eta Kirol Hezitzaile kolegiatuen esku-hartzetik abiatuta gauzatzen da, eta profesional horiek osasun-zentroetako gizarte- eta osasun-langileekin koordinatzen dira, eta programaren helburu terapeutikoetarako jarduera onuragarriak eskaintzen dituzten pertsona eta erakundeekin. Horrela, kirol- eta gizarte-errezeta etengabe egokitzen zaie pertsonei, behar diren baliabideen eta emaitzen etengabeko ebaluazioaren arabera. 

300 onuradun baino gehiago
2021ean proiektu pilotua abian jarri zenetik, 326 kirol- eta gizarte-errezeta eman dira. Hamar onuradunetik zazpi (% 73,6) emakumeak dira, eta % 26,1 gizonak. Programa 50 urtetik gorakoendako pentsatuta badago ere, bertara joaten direnen batez besteko adina 71,11 urtekoa da. Lortutako erantzuna eta inplikazioa positiboak dira, oro har; proiektuan dihardutenek hala nabarmentzen dute, nahiz eta % 30 inguruko uzte-tasa erregistratu den. 

Orain arte jasotako ondorio nagusietako bat da onuradunek astean egiten duten ariketa fisikoa areagotu egiten dela. Datuen arabera, parte-hartzaileen % 92k ohiko ariketa fisikoa areagotu du kirol- eta gizarte-errezetari esker. Datuak Milton, Bull eta Baumanen testa delakoaren bidez neurtu dira, eta egiaztatu da Osasunaren Mundu Erakundeak ariketa fisiko osasungarrirako 2020an emandako gomendioak hobeki betetzen direla. Gainera, errezeta aktiboa duten pertsonen % 30 inguruk beren hauskortasun-egoera hobetzen du (Frail testadelakoren bidez neurtuta), eta % 60k nahi gabeko bakardadearekin lotutako problematika hobetzen du (UCLA testa delakoaren bidez neurtuta). Azkenik, errezeta aktiboak dituzten pertsonen % 30 inguru – horiek behar bezala aprobetxatzen dituztenean – osasun-zentroetara gutxiago joaten dira programatu gabeko kontsultetara. Horrek datu itxaropentsua ematen du Oinarrizko Osasun Laguntzako sistema publikoaren eraginkortasunerako eta jasangarritasunerako duen erabilgarritasunari buruz, eta, aldi berean, hobekuntza nabarmenak ditu iruindarren osasunean eta ongizatean. 

Kirol- eta gizarte-errezetako zerbitzu hori eskuratu ahal izateko lehen urratsa erreferentziazko osasun-etxeetako profesionalek ematen dute, haiek arduratzen baitira bideraketak egiteaz, hasierako ebaluazio batean oinarrituta. Ebaluazio horretan kontraindikazioak detektatuko dira eta preskripzio-maila proposatuko da. Horrekin guztiarekin errezeta bat egiten da. Ez dira ekintza isolatuak, xedea da aldaketa orokorra ekarriko duten ohitura eta ekintza zabalei heltzea. Hori dela eta, preskripzioa onuradunen ezaugarrien arabera egiten da. Jokabide sedentarioa duten eta patologia garrantzitsurik ez duten pertsona ez-aktibo osasuntsuei zuzendutako errezetak eta adineko pertsona ez-aktibo ahulei zuzendutakoak ez dira berdinak. Proposamena adinaren arabera ere aldatzen da. Ez da gauza bera 50 urtetik gorako pertsonendako eta 65 edo 75 urtetik gorakoendako. 

Iruñean erroldatuta dauden eta proiektuan parte hartzen duen osasun-etxeren bat dagokien pertsonak soilik hautatzen ahalko dira, beste irizpide batzuekin batera, hala nola adina, edo artatzen diren hiru gizarte- eta osasun-arazoetatik bat izatea: jarduera fisikorik eza eta sedentarismoa, hauskortasun-sindromea eta nahi gabeko bakardadea. 

Baliabideak 13 udal-proiekturen bidez
Kirol- eta gizarte-errezetan agintzen diren kirol- eta aisialdi-aukerak udal-proiektu eta -baliabide desberdinen parte dira. Horrela, hamahiru dira ‘kirol terapeutikoko Citius, Longaevus, Fortius’ programa lantzen duten proiektuak. Onuradunak, besteak beste, 50 urtetik gorakoendako Yoga, Gimnastika Aerobiko Modernoa, Martxan eta udal-gimnasio eta -igerilekuetako kirol jardueretara bideratzen ahal dira, baita Minutuak zure Kontagailurako programako baliabideetara ere. Errezetaren eskura jartzen dira, halaber, beste zenbait udal-establezimendutako errezeta eta aire zabaleko hiri-gimnasioen sareko jardueren jarraibideak. 

Udalak proiektu honetarako erreserbatutako plazak ditu Udalaren hainbat kirol-eskaintzatan, baita zenbait erakunderekin egindako lankidetza-hitzarmenen esparruan eskainitako zerbitzuetan ere, besteak beste, Solera Fundazioarekin (errezeta duten pertsonendako jarduera esklusiboak ditu) eta La Caixa Fundazioarekin (herritar guztiendako jarduerak ditu "Beti Norbaitekin" programan, errezeta duten pertsonak ere barne). 

¿Te ha sido útil esta página?