Bertsoaroaren XXXV. edizioa otsailaren 3tik martxoaren 12ra bitarte eginen da: Iruñean bertsolaritza sustatzeko zazpi jarduera barne hartuko ditu

Bertsoaroaren XXXV. edizioa otsailaren 3tik martxoaren 12ra bitarte eginen da: Iruñean bertsolaritza sustatzeko zazpi jarduera barne hartuko ditu
Zazpi agertoki izanen dute ekitaldiek: bertso-jaialdiak, bertsolari gazteen emanaldiak, bertso-saio elektroniko bat, haurrendako lantegi bat eta bertso-afari bat
Fitxategi
Bertsoaroa

 

XXXV. Bertsoaroa otsailaren 3tik martxoaren 12ra bitarte eginen da, eta zazpi ekitaldi antolatu dira guztira, bertsolaritzak Iruñean duen indarraren erakusgarri. Hauek dira proposatzen diren ekitaldiak: bi bertso-jaialdi, bertsolari gazteen emanaldiak, bertso-saio elektroniko bat, bertso literarioen saio bat, haurrendako lantegi bat eta programari amaiera emanen dion bertso-afari bat; agertokiak, berriz, honako hauek dira: Kondestable Civivoxa, Iturramako Civivoxa, Nafarroako Antzerki Eskola, LABA, Salestarrak zentro komunitarioa, Katakrak eta Herriko Taberna.

Iruñeko Udalak Nafarroako Bertsozale elkartearekin batera antolatutako zikloan bertsolari gazteak zein ibilbide luzekoak bilduko dira. Jarduera guztiak doan dira, zikloa amaitzeko eginen duten bertso-afaria izan ezik, eta sarrera librea izanen dute (leku guztiak bete arte), salbu eta otsailaren 27an eginen den haurrendako bertso-lantegiak, azken horretan aldez aurretik eman behar baita izena nafarroa.sustapena@bertsozale.eus helbide elektronikoan edo 948 14 37 47 telefonora deituta.

Programa otsailaren 3an (asteartea) abiatuko da, 19:00etan, Kondestable Civivoxeko patioan, Bertso Trama gazteen bertso-saioaren eskutik. Beñat Astiz, Ekain Tolaretxipia, Idoia Granizo, Izaro Bilbao, Jabi Lezaun eta Lide Goenaga izanen dira protagonistak. Bertsolariek Iratxe Legarra eta Patxi Bueno aurkezleek proposatzen dieten istorioari jarraipena eman beharko diote bertsotan.

Hurrengo hitzordua otsailaren 5ean (osteguna) izanen da, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan (San Agustin kalea 3). I. Bertso-jaialdian Eki Mateorena, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Maider Arregi, Sarai Robles eta Xabat Illarregi arituko dira bertsotan, eta Ander Aranburu izanen da gai-jartzailea. Saioaren hasieran Iruñeko IV. Bertsopaper Lehiaketaren sariak banatzeko ekitaldia eginen da. Olaia Leitza, Beñat Anbustegi, Asier Vizcay, Alazne Untxalo, Eider Azkoaga eta Xabi Maia izanen dira sarituak.

Hirugarren proposamena, Itzali eta Piztu bertso-saio elektronikoa izanen da: otsailaren 12an eginen da (osteguna), 19:00etan, LABAn (Gazteluko plaza). Aner Peritz eta Manex Pagola musikarien planteamendu musikal berritzaileak zuzeneko musika elektronikoaren eta bertsolaritzaren arteko uztarketa du abiapuntu. Ainhoa Larretxeak jarritako gaien haritik tiraka, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Haira Aizpurua bertsolariek orain arte zerikusirik izan ez duten bi diziplina horiek malguki eta libreki hezurmamitu eta interpretatuko dituzte, baita haien inguruan hausnartuko ere.

Hurrengo ostegunean, otsailak 19, II. Bertso-jaialdia eginen da: 19:00etan izanen da, Txantreako Salestarrak zentro komunitarioan (Iruñerria kalea 24). Punta-puntako eta askotariko profilak dituzten bertsolariak arituko dira agertokian: ibilbide luzea edo motzagoa dutenak, nafarrak eta beste leku batzuetakoak bilduko ditu jaialdiak, gaur egun bertsolaritzak duen irudiaren erakusgarri. Aitor Etxebarriazarraga, Aroa Arrizubieta, Eneko Lazkoz, Sahats Karasatorre, Maddi Ane Txoperena eta Nerea Ibarzabal izanen dira bertsolariak, eta Alaitz Rekondo gai-jartzaile arituko da.

Errezitaldia, haurrendako lantegia eta bertso-afaria 
Zikloak aurrera eginen du otsailaren 16an (osteguna), 19:00etan, bertsoz osatutako Hezur berriak literatur errezitaldiaren bitartez: musikaz lagunduta, Katakraken eskainiko da (Kale Nagusia 54), Alaia Martin eta Maialen Akizu bertsolarien, Ane Labaka idazle eta aurkezlearen eta Inés Osinagaren musikariaren eskutik. Ane Labakak Hezur berriak poema-liburua argitaratu zuen 2025ean: haurdunaldian eta erditu ondorengo lehen hilabeteetan idatzitako testuen zatiek osatzen dute. Errezitaldia amatasunaren inguruan hausnartzeko aukera paregabea da, ama diren bi bertsolari horiekin batera askotariko ikuspegiak uztartzen saiatze aldera. Saioan aukerako poemen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoak aldizkatuko dira.

Hurrengo egunean, otsailaren 27an (ostirala), 8 eta 12 urte bitarteko haurrendako bertso-lantegia eginen da 17:30ean, Iturramako Civivoxean: Bertso jasa, bat-bateko jolasa du izena, eta Kattin Madariagak eta Xabier Terrerosek emanen dute. Normalean helduendako bertso-saioak izaten dira nagusi bertsolaritzan, eta esaldiak, lexikoa, gaiak eta komunikatzeko modua ere haiei zuzenduta egoten dira; Bertso jasa, bat-bateko jolasa, berriz, haurrei eta gazteei zuzendutako bertso-saioa da. Jolas eta jardueren bidez haurrek gaiak eta egoerak proposatuko dituzte, eta, horren harira, emanaldia osatuko dute bertsolariek.

Zikloari amaiera emateko, martxoaren 12an (osteguna), 20:30ean, bertso-afaria eginen da Herriko Tabernan (Carmen kalea 34). Ane Zuazubiskar, Joanes Illarregi eta Onintza Enbeita arituko dira bertsotan, eta Ainhoa Larretxea eta Ander Aranburu izanen dira gai-jartzaileak. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean erosten ahal dira dagoeneko, 25 euroren truke, eta menua (tokiko produktuetan oinarritua) ere ikusten ahal da bertan.
 

2026KO BERTSOAROA OTSAILAK 3 – MARTXOAK 12

Bertso Trama bertsolari gazteen saioa

  • Bertsolariak: Beñat Astiz, Ekain Tolaretxipia, Idoia Granizo, Izaro Bilbao, Jabi Lezaun eta Lide Goenaga. Aurkezleak: Iratxe
  • Legarra eta Patxi Bueno
  • Otsailak 3, asteartea. 19:00. Kondestable Civivoxa

I. Bertso-jaialdia

  • Bertsolariak: Eki Mateorena, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Maider Arregi, Sarai Robles eta Xabat Ilarregi. Gai-jartzailea: Ander Aramburu
  • Otsailak 5, osteguna. 19:00.  Nafarroako Antzerki Eskola (San Agustin kalea)
  • Jaialdia hasi baino lehen 2025eko Bertsopaper Lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia eginen da

Bertso-saio elektronikoa – Itzali eta piztu

  • Bertsolariak: Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Haira Aizpurua. Musikariak: Aner Periz, Manex Pagola eta Ainhoa Larretxea
  • Otsailak 12, osteguna. 19:00. LABA (Gazteluko plaza)

II. Bertso-jaialdia

  • Bertsolariak: Aitor Etxebarriazarraga, Aroa Arrizubieta, Eneko Lazkoz, Sahats Karasatorre, Maddi Ane Txoperena eta Nerea
  • Ibarzabal. Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo
  • Otsailak 19, osteguna. 19:00. Salestarrak zentroko ekitaldi-aretoa (Txantrea)

Hezur berriak – Bertso literarioen saioa

  • Musika: Ines Osinaga. Idazlea eta gidaria: Ane Labaka. Bertsolariak: Alaia Martin eta Maialen Akizu
  • Otsailak 26, osteguna. 19:00. Katakrak (Kale Nagusia)

Bertso jasa – Haurrendako bertsolaritza-lantegia (doan)

  • Nork emana: Kattin Madariaga eta Xabier Terreros
  • Otsailak 27, ostirala. 17:30. Iturramako Civivoxa
  • Izen-emateak, nafarroa.sustapena@bertsozale.eus webgunean edo 948 14 37 47 telefonoan

Bertso-afaria (tokiko produktuekin egindako afaria)

  • Bertsolariak: Ane Zuazubiskar, Joanes Illarregi eta Onintza Enbeita. Gai-jartzaileak: Ainhoa Larretxea eta Ander Aranburu
  • Martxoak 12, osteguna. 20:30. Herriko Taberna (Carmen kalea)
  • Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean (25 euroan)

 

¿Te ha sido útil esta página?