Bertsoaroak hogeita hamargarren urteurrena ospatuko du azaroan bertsoen inguruko hitzaldiak, saioak, lantegiak, musika eta dantza biltzen dituen programa baten bidez

Bertsoaroak hogeita hamargarren urteurrena ospatuko du azaroan bertsoen inguruko hitzaldiak, saioak, lantegiak, musika eta dantza biltzen dituen programa baten bidez
Azaroaren 5etik 26ra egitekoak diren zazpi jarduerek sarrera librea dute, nahiz eta aurrez izena eman edo gonbidapenak jaso behar diren
Irudia

Hogeita hamar urte igaro dira eta Iruñeko Udalak zein Nafarroako Bertsozale Elkarteak segitzen dute bertsolaritzaren kultura hedatu eta sustatzearen alde jarduten. Bertsoaroa programak hiru hamarkada egin ditu eta azaroan zehar ospatuko du, 5etik 26ra, bertsolaritzaren aniztasuna islatzen duten zazpi hitzorduren bidez. Hitzaldiak, musika eta dantzarekiko fusioa, lantegiak... sarrera libreko emanaldietan, edukiera mugatuaz eta osasun-prebentzioko neurri guztiak hartuta.

Zikloa atzera begirakoa egiten hasiko da, kultur programa honen hogeita hamar urteetan barna. Horretarako, bertso-saio bat antolatu da, non duela hiru hamarkada agertokian jardun zuten bi bertsolarik parte hartuko duten. Andoni Egaña eta Sebastian Lizasorekin batera Sarai Robles eta Joanes Illarregi bi bertsolari gazte arituko dira, arte honen iragana eta oraina hizpide hartuta.

Hitzordua ostegunean da, azaroaren 5ean, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan, sarrera libreaz, aurrez 17:30etik aitzina gonbidapena harturik. Ekitaldi honen bidenabar Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertso Paperen I. lehiaketaren sariak ere banatuko dira saioan.

Hitzaldiak, musika, gazteria eta feminismoa

Azaroaren 10ean, asteartearekin, Kondestablen, Agus Barandiaran eta Xabier Amuriza“Koplariak koplari” kopla-errezitaldiako protagonista izanen dira. Azken hamarkadetan Xabier Amurizak bildu eta sortu dituen koplak oinarri hartuta, jendaurrean ezagutzera emanen dituzte kopla zaharrak eta berriak, musika herrikoian eduki duten eragina agerian uzteko. Agus Barandiaran Korrontzi taldeko kideak musika jarriko die koplei akordeoiaz, eta kantatu, biek kantatuko dituzte.

Biharamunean, asteazkenarekin (azaroak 11), gazteen txanda iritsiko da, gazte bertsoen saio baten bidez Katakraken. Saio hau klasiko bilakatu da Bertsoaroaren urteetan barna, eta agerbidea izan da belaunaldi berrientzat. Aner Peritz ‘Euzkitze’, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra, Maite Sarasola, Oihana Arana eta Xabat Illarregi arituko dira, eta bertsolaritzak geroan norantz jotzen duen erakutsiko dute.

“Orainmenean” proiektuak –III. Lanku bekaren irabazleak– azaroaren 17an, asteartearekin, aurkeztuko dute Kondestablen. Saiakera bat da, bertsolaritzaren historia berridatzi eta berrirakurtzen duena. Haren helburua, hain zuzen, emakume bertsolarien historia lehen lerrora ekartzea da, ikusezinei ikusgaitasuna emanez. Bestelako helburuak ere baditu, hala nola adin, lurralde eta estilo ezberdinetako emakume bertsolarien topagunea izatea. Hain zuzen ere, Irati Majuelo, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran emakume bertsolariak igoko dira agertokira, historia berridatziaren zenbait mugarritan oinarritutako irudiak lagun dituztela.

Haurrendako bertsoak ere bai

Aurten ere Bertsoaroak ez dio haurrekiko hitzorduari huts eginen. Azaroaren 21ean, larunbatarekin, Mendillorriko Civivoxean “Bertso jasa, bat-bateko jolasa” haurrendako lantegia eginen da.  Bertsolaritzaren ohiko zirkuituko emanaldiak helduei zuzenduta daude, bai eta esakuneak, lexikoa, gaiak eta, oro har, komunikatzeko modua ere. Saats Karasatorrek eta Saioa Alkaizak emanen duten lantegi honetan, haurrek, jolasak eta jarduerak eginez, gaiak eta egoerak proposatuko dituzte. Eta gero bi bertsolariek emanaldia eratuko dute. Lantegia 8 eta 12 urteen arteko haurrei zuzenduta dago, eta parte hartzeko aurrez izena eman behar da nafarroa@bertsozale.eus helbidean edo 948 14 37 47 telefonoan.

Azaroaren 24an, asteartearekin, bat eginen dute bertsoek eta dantzak “Errimak bi oinetan” ikuskizunean, Nafarroako Antzerki Eskolan.  Haatik dantza-konpainiak sormen-gune berriak arakatzen segitzen du, eta, orain, bertsolaritzaren soinua mugimendu gaur-gaurkoa bilakatu du. Bost dantzari dantzan arituko dira Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta besteren errimen soinuan. Igelaren Bandak jarri die musika bertsoei, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus eta bestek, ahotsa.

Zikloa azaroaren 26an amaituko da, lehen mailako bertso-saio baten bidez, baita Nafarroako Antzerki Eskolan ere; bertan, puntako bertsolariek eta gazte nafar zein beste eskualdeetakoek jardunen dute. Beñat Gaztelumendi, Eneko Lazkoz, Erika Lagoma, Josu Sanjurjo, Julio Soto eta Maialen Lujanbio arituko dira eszenatokian.. Horien guztien artean, gaur egungo bertsolaritzaren ikuspegia eskainiko digute Bertsoaroaren edizio berezi honi buru emateko.

 

Bertsoaroa 2020

  • Azaroak 5, osteguna. 19:00 Nafarroako Antzerki Eskola
    • BERTSO-JAIALDIA BERTSOAROAK, 30 URTE
    • Bertsolariak: Andoni Egaña, Joanes Illarregi, Sarai Robles eta Sebastian Lizaso
    • Gai-jartzaileak: Alaitz Rekondo eta Mikel Taberna
    • Gonbidapenak eskuragai 17:30etik aitzina, agortu arte
  • Azaroak 10, asteartea. 19:00 Kondestableko Areto Nagusia
    • ‘KOPLARIAK KOPLARI’ ERREZITALDIA
    • Parte-hartzaileak: Agus Barandiaran eta Xabier Amuriza
    • Edukiera mugatua, lekuak bete arte. Ateak ordu erdi bat lehenago irekiko dira
  • Azaroak 11, asteazkena. 19:00 Katakrak
    • GAZTEEN BERTSO SAIOA
    • Bertsolariak: Aner Peritz “Euzkitze”, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra, Maite Sarasola, Oihana Arana eta Xabat Illarregi
    • Gai-jartzailea: Ainhoa Aranburu
    • Gonbidapenak eskuragai 17:30etik aitzina, agortu arte
  • Azaroak 17, asteartea. 19:00 Kondestableko Areto Nagusia
    • ‘ORAINMENEAN’ BERTSOLARITZAREN GENEALOGÍA FEMINISTA
    • Bertsolariak: Irati Majuelo, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran
    • Gai-jartzailea: Maite Berriozabal
    • Edukiera mugatua, lekuak bete arte. Ateak ordu erdi bat lehenago irekiko dira
  • Azaroak 21, larunbata. 11:30 Mendillorriko Civivoxa
    • ‘BERTSO JASA, BAT-BATEKO JOLASA’ HAURRENTZAKO BERTSO LANTEGIA
    • Bertsolariak: Saats Karasatorre eta Saioa Alkaiza
    • Izen-ematea, beharrezkoa nafarroa@bertsozale.eus helbidean edo 948 14 37 47 telefonoan. Edukiera mugatua
  • Azaroak 24, asteartea. 19:00 Nafarroako Antzerki Eskola
    • ‘ERRIMAK BI OINETAN’ DANTZA ETA BERTSOA
    • Gonbidapenak eskuragai 17:30etik aitzina, agortu arte
  • Azaroak 26, osteguna. 19:00 Nafarroako Antzerki Eskola
    • BERTSO-JAIALDIA
    • Bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Eneko Lazkoz, Erika Lagoma, Josu Sanjurjo, Julio Soto eta Maialen Lujanbio
    • Gai-jartzailea: Maialen Belarra
    • Gonbidapenak eskuragai 17:30etik aitzina, agortu arte

 

¿Te ha sido útil esta página?