Bertako produktu artisauen azoka eginen dute larunbatean Basotxoan, eta hogeita hamar bat postu jarriko dituzte

Bertako produktu artisauen azoka eginen dute larunbatean Basotxoan, eta hogeita hamar bat postu jarriko dituzte
Udalak antolatzen du azoka, CPAEN-NNPEKekin, INTIA-Reyno Gourmetekin, Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartearekin eta Bizilur elkartearekin elkarlanean



Bertako produktu artisauen azoka eginen dute datorren larunbatean, eta hogeita hamar bat postu jarriko dituzte. 10:00etatik 14:00etara egonen da zabalik, hileko bigarren larunbatean, maiatzean, ekainean, abuztuan eta azaroan. Iruñeko Udalak antolatzen du azoka, baina lankidetzan aritzen da Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuarekin (INTIA-Reyno Gourmet), Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (CEPAEN-NNPEK), Nafarroako Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartearekin eta Bizilur elkartearekin. 

Aire zabalean eta oinezkoendako eremu batean egiten da, Taconeraren ondoan, eta helburua da bai iruindarrendako eta bai bisitariendako ohiko azoka bihurtzea. Nafarroa osoko jakiak eta artisautza produktuak salduko dituzte. Helburua azoka iraunkor bihurtzea da, baina zenbait hilabetetan ez dute Basotxoan eginen, hiriko beste toki batzuetan ere antzeko egitasmoak izanen baitira. Hala izanen da uztailean esaterako, sanferminetan; irailean, Batasunaren Pribilegioaren Erdi Aroko azoka izanen da; urrian, berriz, Artisau Produktuen Azoka eginen dute Gazteluko plazan, eta abenduan eta urtarrilean Gabonetako programazio propioa izan ohi da. 

Gainerakoan, hogeita hamar bat postu egonen dira hilero Basotxoan. Horietako sei Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartearenak izanen dira. Beste sei INTIAk hautatuko ditu. CPAEN-NNPEK kontseiluak ere beste sei aukeratuko ditu; bai eta Bizilur elkarteak ere. Gainerako seiak Iruñeko Udalaren Merkataritza Zerbitzuak hautatuak izanen dira: Nafarroako Artisau Enpresen Erregistro Ofizialean izena emanda duten enpresen artean hautatuko ditu, eta interesa duten enpresek izena eman ondoren horien artean hautatzeko prozesu bat eginen du horretarako. Azken sei postu horietako hiru Iruñeko artisau enpresendako gordeko dituzte. 30 postu horiez gain, noizean behin gehienez ere beste bi postu jartzen ahalko dira azokan, Nafarroatik kanpoko artisauak eta ekoizleak gonbidatu ahal izateko.  

Eskainiko diren produktuek kalitatea egiaztatua izan beharko dute, hau da, dagokien kalitate-zigilua eta ziurtagiri ofiziala izan beharko dute. Azoka batetik bestera, gutxienez postuen % 25 berriak izanen dira. Udalak hainbat baldintza ezarri ditu azoka egin ahal izateko: besteak beste, hilero sasoiko produktuen postu bat jarri beharko da gutxienez. 

Postu guztiek antzeko itxura izan beharko dute, eta gehienez ere 3x3 metro izanen ditu bakoitzak salmahaiarendako. Produktuak saltzeaz gain, dinamizaziorako jarduera osagarriak ere egiten ahalko dira azokan, hala nola lantegiak, dastaketak, jolasak eta musika.

Hitzarmena 2026ko ekainaren 30era arte
Baldintza eta ezaugarri horiek guztiak biltzeko, Udalak hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (CPAEN-NNPEK), Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuarekin (INTIA), Nafarroako Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartearekin eta Bizilur elkartearekin.  2026ko ekainaren 30era arte egonen da indarrean. 

Hitzarmen horretan, sinatzaileek konpromisoa hartu dute hilero 30 postu jartzeko Basotxoan, eta karpak jarri eta kentzeaz ere arduratuko dira. INTIAk gainbegiratuko du larunbatero parte hartzeko eta enpresak hautatzeko prozedura, eta helburu izanen du produktuen eskaintza zabala lortzea, postu askotan mota bereko produktuak ez saltzeko.

Udalaren eta entitate laguntzaileen helburua da ekoizle txikiek produktuak zuzenean saldu ahal izateko azoka bat bermatzea eta Iruñeko merkataritzan bertako produktuen salmenta sustatzea.  Halaber, Basotxoa produktuak modu jasangarrian eta tokian tokian ekoiztea sustatzeko erreferentziazko toki izan dadin lortu nahi dute. 

MAIATZAREN 10EKO MERKATUKO POSTUAK
•    Loperena: gazta 
•    Lurmendi: marmelada
•    Ekollaondo: gazta eta arrautzak
•    Azuribeltz: gazta
•    Maite Santchez: betizuen hestebeteak
•    Lakabeko Okindegia: ogia
•    Guneko: arrautzak
•    Txantrea Gaztandegia: gazta
•    Allotarra elkartea: olioak eta bizigarriak, irinak, hangurgesa begetalak
•    Pirineki: esnekiak
•    Lezaun upategiak: ardoa 
•    Miel Andiaga: eztia
•    Lezaun Gazta: gazta
•    Sagardikoetxea: zukuak 
•    Erlanki: eztia
•    Lorez lore: eztia
•    El Moro etxaldea: gazta
•    El Puente Viejo: barazkiak
•    Elkea: olioa, lekaleak eta garagardoa
•    Casa Amezqueta: lekaleak
•    Virgen de Ujué gozokiak: gozokiak
•    Katealde: ahatea
•    El Bordón: hestebeteak
•    Urrutia pastak: gozokiak
•    Magalean: algodoi organikozko oihal estanpatuak
•    La Espiral energia-artisautza: osasunerako bitxiak
•    Bilobila: angora ahuntzen mohairrezko jantziak
•    Choice plata: diseinuzko zilarrezko bitxiak
•    Wondersukicraft: bitxiak, koadroak, diseinuzko ispiluak
•    Mil cositos: filigrana artisautza

 

 

¿Te ha sido útil esta página?